Berriak
Eu

Jaurlaritzaren Kontseiluak "baiezkoa" eman dio babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioei buruzko aginduari

2010.eko azaroak 02

SPRI, EEE eta Basquetour erakundeetako zuzendaritza-karguen gutxitu da

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztu du gaur babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteko agindua, besteak beste alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen urteko gehieneko errentak, salmentako gehieneko prezioak eta zuzkidura-bizitokiak okupatzeagatiko hileko kanona zehaztuko dituena. Jaurlaritzaren asmoa da babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak eraikuntzako benetako kostuetara egokitzea eta salgai dagoen etxebizitza mendetasunik gabea izan dadila, baliabide publikoak erabili behar ez dituena, baliabide horiek alokairuko etxebizitza multzo zabal eta egonkorra lortzera bideratzeko, Etxebizitzaren aldeko Itunean adostu zen bezala. Ituna 75 gizarte-erakundek izenpetu zuten: auzokideen elkarteek, kontsumitzaileen elkarteek, familia ugarienek, ekonomia- eta finantza-erakundeek, eta abar.

Halaber, alokairuko gehieneko prezioak beherantz arautuko dira, egungo merkatuaren baldintzetara egokitzeko eta prezio eskuragarriagoak lortzeko. Hori guztia, etxebizitza alokairuan eskuratzeko finantza-ahalegina hura erosteko baino txikiagoa izan dadila lortzeko asmoz, Itun Sozialak ezarritako helburu nagusienetako bat betez.

Oraingo honetan, lehenbizikoz ezarriko zaie prezio ezberdina azalera-eskubideko etxebizitzei eta jabetza osokoei. Gainera, azalera-eskubideko etxebizitzen balio-galera neurtzeko mekanismoak era arautuko dira.

Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 6. artikuluak xedatzen duenez, babes ofizialeko etxebizitzen lehen eta bigarren eskualdatzeetako eta ondorengo eskualdatzeetako gehieneko prezioak dagokion etxebizitzaren edo eranskinaren azalera erabilgarria Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduaren bidez zehaztuko den diru-kopuru batekin biderkatuta kalkulatuko dira, etxebizitza motaren eta etxebizitza dagoen udalerriaren arabera. Prezioei buruzko Aginduek errentamendu-kontratuei aplikatuko zaizkien gehieneko errentak arautiko dituztela ere jasotzen du Dekretuak.

Jaurlaritzaren ustez, aurreko arauditik igarotako denbora ikusita, beharrezkoa da prezio horiek eguneratzea babes ofizialeko etxebizitzen gaur egungo inguruabarrei egokitzeko. Kontuan hartu beharra dago, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoa dela Estatuko etxebizitza librearen preziorik altuena duena, nahiz eta, aldi berean, babestutakoaren eta librearen arteko kopurua txikiena den, Etxebizitza Ministerioak emandako 2010eko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera.

1.    Lehenengo egokitzapena azalera-eskubidean eskualdatutako babes ofizialeko etxebizitzen prezioan egingo da, hau da, azken urte hauetan Eusko Jaurlaritzak, oro har, eraikitakoetan. Eraikitako etxebizitza m2 bakoitzeko gehieneko prezioa % 2 igoko da, eraikingintzako arau tekniko berriak aplikatzeak ekarri dituen kostuak gehitzearen (% 0,2) eta 2008ko uztailaren 1etik 2010eko ekainaren 30 bitartean izandako eraikingintza-kostuen gehitzearen ondorioz (% 1,8).

2.    Prezio hori zehaztuta, jabetza osoko babes ofizialeko etxebizitzei dagokiena finkatu behar da. Horrela, aurreko zenbatekoari % 10 gehitzea erabaki Jaurlaritzak, lurzoruaren eragin-balioa dela-eta.

3.    Oro har alokairura (edo birkokatzeetarako edota alokairurako beste administrazio batzuei saltzeko) bideratuta dauden erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzei (etxebizitza sozialak) % 10 gehituko zaie egun daukaten prezioa, izan ere, prezio horiek oso urruti daude eraikingintza-kostuekiko eta behar bezala balioetsi beharra dago.

4.    Erregimen tasatu autonomikoko babes ofizialeko etxebizitzek egungo prezioei eusten diote, babes publikoko etxebizitzen prezio altuen mailan kokatzen baitira. Izan ere, etxebizitza libreen prezioak jaitsi egin dira azkenaldi honetan eta, horren ondorioz, etxebizitza tasatuen eta libreen arteko aldeak ere.

Nolanahi ere, teknika berbera jarraituz, jabetza osoko erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzen prezioa zehazteko gehieneko prezioak % 10 gehituko dira lurzoruaren eragin-balioa dela-eta.

5.    Laugarren neurri zuzentzaileari dagokionez, alokairuko errenten portzentajeak aldatu egin dira, salmenta-prezioen aldaketak haiengan izango lukeen eragina leuntzeko. Gehieneko kopuruak etxebizitza merkatuaren egungo beheranzko bilakaerara eta alokairura mugatuko lirateke. Neurri hori Eusko Jaurlaritzak alokairurako merkatuan burutu dituen bitartekaritza-programetan jada aplikatu dituen beste doikuntza batzuekin dator bat. 

Azken finean, alokairuaren prezioa eskuragarriagoa izan dadila lortu nahi da, errentariarentzako prezioa berbera izan dadila, sustatzailea edozein dela ere.

Agindu honekin, Jaurlaritzak arrazionalizatu egingo ditu errentak kudeatzeko eta eguneratzeko eragiketa-mekanismoak, kudeaketa azkarragoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Horrela, agindua indarrean jarri ondoren sinatuko diren kontratuetan, kontratua sinatzen den unean bizikidetza-unitateak dituen urteko diru-sarreren arabera finkatuko da errenta, eta automatikoki eguneratuko da, KPI indizearen arabera, kontratuak iraun bitartean edo haren luzapenetan (bost urte arte).

Bost urteko epea amaituta, errentamenduarekin jarraitzeko unean-uneko araudiek ezarritako baldintzak betetzen baditu bizikidetza-unitateak, kontratua berritu ahal izango da, eta errenta egokitu egingo da egiaztatutako diru-sarrerei dagokien portzentajearen arabera.

Errentamenduak iraun bitartean, edozein unetan egiaztatu ahal izango dira bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak. Hasierako errenta finkatzeko aintzat hartutakoak baino sarrera handiagoak egiaztatuz gero, egiaztatutako sarrera horiei dagokien portzentajera egokitu ahal izango da errenta.

6.    Euskal Autonomia Erkidegoko araudian lehenbizikoz arautzen dira zuzkidura-bizitokien erabiltzaileek ordaindu beharreko kanonak.

Honako hau izango da, logela bakarreko zuzkidura-bizitokien kasuan, errentariak ordaindu beharreko kanona hilean:

a) Gehienez 15.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 150 euro
b) 15.000 eurotik gorako eta gehienez 21.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 200 euro.
c) 21.000 eurotik gorako eta gehienez 25.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 250 euro
d) 25.000 eurotik gorako eta gehienez 35.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 300 euro
e) 35.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 350 euro.

Honako hau izango da, logela biko zuzkidura-bizitokien kasuan, errentariak ordaindu beharreko kanona hilean:

a) Gehienez 15.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 180 euro
b) 15.000 eurotik gorako eta gehienez 21.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 240 euro.
c) 21.000 eurotik gorako eta gehienez 25.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 300 euro
d) 25.000 eurotik gorako eta gehienez 35.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 360 euro
e) 35.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 420 euro.

Kasu bietan, kanon bakoitzari 60 euro gehituko zaizkio hilean zuzkidura-bizitokiak garajea badauka atxikita.

7.    Azalera-eskubideko gehieneko prezioa kalkulatzeko oinarria lehenbizikoz arautuko da, halaber.

Azalera-eskubideko etxebizitzen prezioa kalkulatzeko metodologiak ezinbestean hartu du kontuan aldi baterako izaera duen eskubide horren balioa hutsa izango dela haren indarraldia agortzen denean (Administrazio honen ohiko praktikaren arabera, 75 urtera), eraikitakoaren jabetza osoa azalera-eskubidea laga zuen administraziora itzuliko delarik epe hori igarotakoan.
Horrela bada, urteak igaro ahala etxebizitza mota horien balio-galera neurtzeko mekanismoak arautu dira, amortizazio linealaren teknika erabilita eta kontuan hartuta lehenengo sei urteetan ez dagoela eraikinaren balio-galerarik.

Agindu honetan aurreikusitako babes ofizialeko etxebizitzen salmentako gehieneko prezioak aplikagarri izango dira 2010eko uztailaren 1etik aurrera egindako behin behineko kalifikazio eskabideei, Agindua indarrean sartzean ebatzi gabe daudenei, hain zuzen ere. 

Azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen eta eranskinen bigarren eta ondorengo eskualdatzetako salmentako gehieneko prezioak, Agindu honetan ezarritakoak, aplikagarri izango dira Agindua indarrean sartzetik aurrera egindako horrelako etxebizitza eta eranskin guztien eskualdatzeei.

SPRI, EEE eta Basquetour erakundeetako zuzendaritza-karguen gutxitu da

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren mendeko sozietate publikoetako zuzendaritza-karguen Dekretuaren eguneratzea (2007ko urriaren 23an izan zen azken aldaketa).
Goi-karguen kopurua zazpira murriztu da, eta honako zuzendari hauek izango ditu aurrerantzean SPRI Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren, EEE Energiaren Euskal Erakundearen eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren egiturak:

1. SPRI: zuzendari nagusia.
2. Sprilur: zuzendari nagusia.
3. EEE: zuzendari nagusia.
4. Euskadiko Hidrokarburoen Sozietatea: zuzendari nagusia.
5. Parke Teknologikoa: Parke Sarearen presidentea.
6. Euskadiko Arrisku Kapitaleko Kudeaketa: zuzendari nagusia.
7. Basquetour: zuzendari nagusia.

Aurreko dekretuarekin alderatuta, zuzendaritza-karguen kopuru handi samarrari eman zaio baja, batez ere SPRI taldean, erakundearen plantilla berregituratu egin baita. Horrela, honako kargu hauek desagertu dira:

-SPRI: Berrikuntzako zuzendari nagusia.
-SPRI: Nazioartekotzeko zuzendari nagusia.
-SPRI: Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusia.
-Deba Beheko Industrialdea: gerentea.
-Aiara Araneko Industrialdea: gerentea.
-Deba Goieneko Industrialdea: gerentea.
-Elorrioko Industrialdea: gerentea.
-Goierri Beheko Industrialdea: gerentea.
-Mallabiako Industrialdea: gerentea.
-Tolosaldeko apattaerreka Industria Lurra: gerentea.
-Zamudio Enpresa Zentroa: gerentea.
-Busturialdeko Industrialdea: gerentea.
-Abanto Zierbenako Industrialdea: gerentea.
-Parke Teknologikoa: Bizkaiko Parke Teknologikoko zuzendaria.
- Donostiako Parke Teknologikoa: Donostiako Parke Teknologikoko zuzendaria.
- Arabako Parke Teknologikoa: Arabako Parke Teknologikoko zuzendaria.


Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010.11.02)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola, sailburua