Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak aurtengo jardun-plana aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeari

2017.eko otsailak 21

Osoko bilkuran banatu dute 2016ko memoria

Josu Zubiaga Bide Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur goizean, Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordean, aurkeztu dituzte 2017rako aurreikusten den jardun-plana eta 2016ko memoria —dokumentu horretan jaso da Trafiko Zuzendaritzaren kudeaketa-planaren betetze-maila—.

Bilera Bilbaon egin da, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, eta bertan onartu da Manuel Pedreira Euskadiko Bide Segurtasuneko fiskal ordezkaria Batzordeko kide izatea.

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak 2016ko ezbeharren datuak laburbildu ditu, eta hildakoen kopuruaren murrizketa (% 11,4) eta larri zauritutakoen kopuruaren murrizketa (% 6,3) nabarmendu du. 2016an 46 pertsona hil ziren trafiko-istripuen ondorioz, 2015ean baino 7 gutxiago —urte hori 53 hildakorekin amaitu zen—.

Heriotza eragin zuten istripuen tipologiari dagokionez, istripuen % 76 hiri arteko tarteetan gertatu ziren, eta % 24 hiri barruko zonetan. Hildakoen % 67 ibilgailua gidatzen ari ziren istripuaren unean (% 3 bizikletan zihoazen, % 36 motozikletan eta % 61 beste ibilgailu mota batean, gehiengoa autoan).

Trafiko-istripuetan hildako pertsonen kopuruaren murrizketak agerian uzten du euskal gizartean bide-segurtasunaren arloan izan den hobekuntza. Datuek beherako joera argia erakusten dute. 2001ean, 190 hildako egon zen trafiko-istripuen ondorioz; 2003an 207 hildako; 2013an 56 hildako; 2014an 29 hildako; 2015ean 53 hildako eta 2016an 46 hildako izan dira.  Euskadi bide-segurtasunaren alorrean herrialderik aurreratuenen pare dago.

“Beherako joera horrek bide-segurtasuna sustatzeko bidean urratsak egiten jarraitzera animatzen gaitu, baita bertan bilduta gauden eragile guztien eta, oro har, gizartearen lankidetza eskatzera ere —adierazi du Segurtasuneko sailburuordeak—. Ez da Administrazioak bakarrik egin dezakeen egitekoa. Azken egunetako gertakariek —zazpi pertsona hil dira trafiko-istripuen ondorioz hamar eguneko tartean— argi uzten dute ez dugula autokonplazientzian gelditu behar. Inolako zalantzarik gabe, duela hamarkada bat baino hobeto gaude, baina hobetzen jarraitu behar dugu”.

Ondoren, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak joan den urtean Trafiko Zuzendaritzak garatutako jardunen memoria aurkeztu du. 2016ko memoriaren dokumentua lan-saioan banatu da, eta Trafikoko Zuzendaritzaren web-orrian ere eskuragarri dago, interesa duen edonork eskuratu ahal izan dezan eta egiaztatu ahal izan dezan 2015-2020rako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren esparruan egindako lana.

2016ko memorian bildutako ekintzen artean nabarmentzen dira Ertzaintzak egindako zaintza eta kontroleko kanpainak. Istripuen edo arau-hausteen ondoriozko jardunez gain, alkoholemiako 78.943 prebentzio-proba egin zuen eta droga kontsumoa kontrolatzeko 3.589 proba; era berean, ibilgailuen azterketa teknikoaren dokumentazioa 5.396 ibilgailutan kontrolatu zuen, eta 25.934 ibilgailu kontrolatu zituen kaskoaren eta uhalaren erabilerarekin lotuta. Dena dela, kopururik handiena abiadura-kontrolei dagokie, 1.775.202 ibilgailu kontrolatu zituzten.

Ikerketa-arloari dagokionez, 2016an, Trafiko Zuzendaritzak Amurrio-Saratxo-Larrinben, Ordizian eta Kanpezun trafiko azterketak egin zituen. Bestalde, Laguardia, Markina-Xemein eta Zestoa udalerrietarako bide-segurtasunerako planak prestatu zituen.

Bide Heziketaren eta Prestakuntzaren arloari dagokionez, jarraipena eman zaie Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako “Gerta dakizuke/Te puede pasar”, “Norabide aldaketa/Cambio de sentido” eta “Road show” programei. Horrez gain, “Gazteak eta gidatzea/Jóvenes y conducción” lehen lehiaketa antolatu da. Bestalde, adinekoei eta motorzaleen kolektiboari zuzendutako berariazko sentsibilizazio-kanpainak egin dira (gidatze segururako ikastaroak egin dira eta gida bat argitaratu da). Era berean, irakasleei bide-arriskuen prebentzioari eta laneko bide-arriskuen prebentzioari buruzko on lineko ikastaroak eskaini zaizkie.  

Trafiko-istripuen prebentzioan, ikerketan eta tratamenduan sakontzeko, jardunaldi profesionala antolatu zuten Bilbaon ekainaren 8an. Eta azaroan, OSALANekin elkarlanean beste jardunaldi bat antolatu zen —laneko esparruan mugikortasun segururako ikastaroa, hain zuzen ere— eta bertan aurkeztu zen Laneko Bide Segurtasuneko Gida Praktikoa.

2017ko Kudeaketa Plana

Sonia Díaz de Corcuerak Trafiko Zuzendaritzak urte honetarako aurreikusten dituen jardun-ildo nagusiak laburbildu ditu. Aurkeztutako ekintzen artean nabarmentzen dira: Ertzaintzak eta udaltzaingoek egiten dituzten zaintza- eta kontrol-kanpainak, horien egutegia hilaren hasieran aurkeztu zen; Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa; eta elkarlanean jarduteko hitzarmenak Foru Aldundiekin, autobideekin eta udalekin. Bestalde, aurreko urtetan bezalaxe, hiru udalerri txikitan edo oso txikitan bide-segurtasuneko planak prestatuko dira.

Prebentzioari eta sentsibilizazioari dagokionez, hainbat kolektibori zuzendutako kanpainak egiten jarraituko da (Bigarren Hezkuntzako ikasleei, irakasleei, enpresetako prebentzioko arduradunei, familiei, adineko pertsonei, administrazioetako teknikariei, motorzaleei…). Halaber, gidari izan aurreko adinean dauden gazteei zuzendutako kontzientziazio-kanpainak egingo dira, eta horietan benetako lekukotzak eskainiko dituzten programen bidez landuko da prebentzioa.

Bestalde, arrisku-faktoreei buruzko publizitate-kanpainak eta mugikortasun seguruaren eta iraunkorraren aldeko publizitate-kanpainak diseinatzea aurreikusi da. Kanpaina horiek lagungarriak izango dira herritarren artean jokabide arduratsuak sustatzeko.

“Bide-segurtasunaren aldeko kontzientziazio-kanpainak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu –adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak—. Gure gain hartzen dugu 2020. urtean trafiko-istripuen ondoriozko hildakoen kopurua 2010ekoen aldean % 50 murrizteko Europak finkatutako konpromisoa. Eta horretarako, buru-belarri lan egingo dugu trafikoaren kudeaketa hobetzeko, mugikortasun segurua eta iraunkorra sustatzeko eta Euskadiko kaleen eta errepideen erabiltzaileak arriskuan jar ditzaketen portaera desegokiak zuzentzeko”.

Osoko bilkurara bertaratu dira Ertzaintzako, udaltzaingoetako, udaletako eta aldundietako ordezkariak eta bide-segurtasunarekin lotuta dauden eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak),  baita mugikortasunaren hobekuntzarekin lotuta dauden hainbat sektore ekonomikoetako eta profesionaletako gizarte-eragileak ere.

Osoko bilkura egin aurretik, Eusko Jaurlaritzako, hiru Foru Aldundietako eta Bilbaoko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Udaletako ordezkariek osatutako Batzorde Iraunkorraren bilkura egin da.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    Irekia: Trafiko Zuzendaritzak aurtengo jardun-plana aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeari ➡ https://t.co/z9bll9PtQ2

  • @ConsejeroD7
    2017.eko otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    Irekia: Trafiko Zuzendaritzak aurtengo jardun-plana aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeari ➡ https://t.co/oVTpKOpdUZ

Ekitaldiko kargudunak