
2011rako AURREKONTU OROKORREN PROIEKTUA
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011rako Aurrekontu Orokorrak krisitik ateratzen laguntzeko diseinatu dira, eta hiru helburu nagusi dituzte: aurrera egitea zerga sendotzeko ahaleginean, lehiakortasun ekonomikoa handitzea produktibitatea hobetuz, eta Ongizatearen Estatuaren egungo zerbitzu eta prestazioen mailari eustea.
Aurrekontu zorrotzak dira, ekonomia-jarduera eta enplegua bultzatzeko helburuarekin, berrikuntzan eta prestakuntzan oinarritzen direnak Euskadik gizarte iraunkorra, solidarioa eta lehiakorra izaten jarrai dezan.
Sendotze fiskalaren bideak BPGd-ren % 1,3ko defizita ezarri du (885 milioi euro), baina aurrekontu-ahaleginari esker helburua hobetu ahal izango da, eta defizita 818,4 milioi eurora murriztu, 294,7 milioi euroko aurrezki positiboa lortzeari esker.
Diru-sarrerei dagokienez, aipatu behar da enplegu-politika aktiboak eta Itsasoko Gizarte Institutuarenak transferitzearen ondorioz, 8.673 milioi eurora handitu direla foru-aldundien ekarpenak, 472 milioi eurotan handituz Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren urriko akordioa. Beste alde batetik, diru-sarreren atalean, nabarmentzekoak dira, era berean, zorpetze garbia % 46,8 murriztu izana (1.017,8 milioi euro), eta euskal "Y" trenbide-sarerako funtsak % 22,2 handitu izana (275,5 milioi euro).
Transferentzien Batzorde Mistoak urriaren 28an onetsitako transferentziak sartuta, 2011rako aurrekontua 10.549,5 milioi eurokoa da eta, beraz, % 2,3 handitu da aurreko ekitaldikoarekin alderatuz. Langileria-gastuak % 3,4 murriztu dira, eta funtzionamendu-gastuak % 2,3.
Aurrekontuen proiektua hobeto ulertzeko, beste bi berezitasun aipatu behar dira, enplegu-politika aktiboen eta Itsasoko Gizarte Institutuaren hezkuntza, enplegu eta lanbide-heziketako zereginen transferentziarekin batera. Lehenengo eta behin, gastuen partidetan egindako murrizketak ez dakar zerbitzu publikoen murrizketarik, 3/2010 Legean ezarritako langilearen kostuen murrizketarako neurrien isla baita batez ere. Beste alde batetik, foru-aldundiek 2010eko ekitaldian egindako ekarpenak handitu direnez, ekitaldi honetara aurreratu ahal izan dira 249 milioi euroko zenbatekoa duen neurri berezien multzoa.