Berriak
Eu

EAEko mila enpresek gozatuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren Ekoeraginkortasun Programaren onurak

2010.eko urriak 29
  • Programaren helburua Euskadi Europan ekoeraginkortasuneko lider izatea da
  • 200.000 tona lehengai gutxiago kontsumituko dira
  • Programak 15 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa du bere indarraldi osorako

Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programan parte hartuko duten EAEko mila enpresek honako onura hauek lortuko dituzte besteak beste: teknologia eraginkorragoak erabiltzea, Europan sortzen ari diren merkatu berdeetara irekitzea eta ingurumenari eragindako kostuak eta inpaktuak gutxitzea. Programa gaur bertan aurkeztu dute Bilbon Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Saileko sailburu Pilar Unzaluk eta Ihobe sozietate publikoaren zuzendari Fernando Barrenecheak.

Ingurumen Sailak bultzatu du ekimena eta guztira 15 milioi euroko zuzkidura du. Aurreikuspenen arabera, 100.000 tona CO2 murriztea, 100.000 tona hondakin balioztatzea eta 200.000 tona lehengai gutxiago kontsumitzea lortuko du ekimenak.

Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programaren helburua Euskadiko enpresen ingurumen jarduerak areagotzea da eta enpresa horiek lehiakorrak izatea jada sortzen ari diren Europako etorkizuneko merkatuetan.

Programa diseinatzeko EAEko industria sareak lehiakortasunarekin loturik egin dituen eskakizunak aztertu dituzte. Programaren edukia eta hari atxikitzeko formulak enpresa-erakundeekin, eskualdeko garapen agentziekin eta EAEko hainbat sektoretako enpresa handi zein txikiekin adostu dituzte.

Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programa aitzindaria da bere aplikazio-eskemagatik, hura diseinatzeko orduan enpresa partaideen eta administrazio publikoaren arteko baterako erantzukizuna hartu baita aintzat. Erantzukizun horrek berekin dakar zenbait helburu betetzea programa martxan den bitartean.

Zehazkiago, Ingurumen Sailak ekonomikoki eta ingurumenari begira eraginkorragoak diren teknologiak ezartzeko laguntzak jarriko ditu enpresa parte-hartzaileen eskura. Laguntza horien barruan zerbitzuak, metodologiak, prestakuntza eta laguntza ekonomikoak sartzen dira. Gainera, ingurumen legedia betetzeko laguntza ere eskainiko die, baita ingurumen arloko trebakuntzarako ere, enpresa-sareari Europan sortzen ari diren merkatu berdeetan kokatu eta lehiakorrak izateko gakoak eskainiz.

Bestalde, Programari atxikitako enpresek urtean ingurumen hobekuntza kopuru jakin bat egin beharko dute, eta horren berri eman beharko diote Programaren erakunde kudeatzaileari, hau da, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari. Ihobek, aldizka argitaratuko ditu lorturiko ingurumen emaitzak bere web orrian.

Euskal Autonomia Erkidegoko edozein erakundek parte har dezake programan, bere jarduera-sektorea edo tamaina gorabehera.

Pilar Unzalu, Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza saileko sailburuak programan parte hartzea erabaki duten enpresen lana azpimarratu du. Sailburuaren hitzetan «Krisiari etekina ateratzen diote eta materialen eta bestelako baliabideen erabileran eraginkortasuna hobetzeko aukera eta pizgarria bilatu dute testuinguru honetan». Era berean, ekoeraginkortasunari buruz honako hau esan du: «Enpresen lehiakortasuna hobetzeko tresnarik egokiena da, prozesuetan ingurumen alderdia txertatzeaz baliatuta».

Enpresek programak irauten duen bitartean gauzatuko dituzten ingurumen ekintzen multzoak «Euskadi erreferente bilakaraziko du Europan, ingurumena estrategietan txertatzeko arloan» esan du Unzaluk, Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

 
Lan-ildoak

Ekoeraginkortasun Programari 28 enpresa atxiki zaizkio dagoeneko eta hiru jarduera ildo ditu: ingurumen lidergoa, teknologia garbiak eta ETEak martxan.

Lehenengoan, Ingurumen lidergoa, atxikitako enpresek aurre hartuko diete beren bezeroen beharrei produktu berriak, zerbitzu berdeak eta merkatuan izen eta balorazio ona duten produktuak proposatuz.

Teknologia garbien ildoan, laguntzak emango dira erakusketa-proiektuetarako eta prozesu industrialak hobetzeko, Erabilgarri dauden Teknika Onenak (ETO) ezarrita.

Azkenik, ETEak martxan lan-ildoaren bitartez EAEko ETE eta mikroETEak mobilizatu nahi dira, CO2 isuriak murrizteko eta bitarteko materialak aurrezteko plana ezar dezaten.

Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programaren helburuak

Adierazlea

2014rako helburua

Enpresa partaideak

1.000

Ekodiseinuaren arloko enpresa berriak

100

EMAS Ingurumen Ziurtagiria duten enpresa berriak

100

Teknologia garbiagoak ezartzen dituzten enpresak

150

Berotegi Efektuko Gasak (BEG) murriztea

100.000 t

Hondakinak balioztatzea

100.000 t

Lehengaien kontsumoa murriztea

200.000 t

  

Ekoeraginkortasuna Euskal Enpresan 2010-2014 Programari atxikitako enpresen zerrenda, 2010eko urriaren 29an.

 

A&B Laboratorios de Biotecnología, SA

Aclima, Ingurumeneko Industrien Klusterra

AIALA VIDRIO, SA

Befesa Aluminio, S.L.

Befesa Cinc Aser

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa-COAVN

Consultoría Lumínica

Debegesa

Energest

Euskaltel

Gamesa

Goieki

HIRILAN - Arkitektura eta Hirigintza, S.L.

Iberdrola

INVEMA, Makina-erremintaren Ikerketarako Fundazioa

ITP, Industria de Turbopropulsores

LKS, S. Koop.

Maier kooperatiba elkartea

MCC

Mecanizados Iriarte, S.L.

Norte Sur Arquitectura y Urbanismo, S.L.P.

ONEKA ARKITEKTURA, SL

 Ormazabal

Tecnalia

Txorierri

UGASSA, Urola Garaiko Garapen Agentzia

Vicinay Cadenas, SA

Vidrala, S.A.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu