Berriak Lehendakaritza
Eu

Datorren abenduaren 15ean Tekniker polo berriaren lehen harria jarriko dute

2010.eko urriak 29

Lehendakariak Eibarren, egoitza berriaren kokalekuan, hainbat enpresa eta azpiegitura bisitatu ditu

Patxi Lopez lehendakariak eta Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak gaur goizean Eibarreko zenbait enpresa eta azpiegituretara egin duten bisitaldia, «udalerritasunean» eta «talentuaren metropolian» oinarritutako Eusko Jaurlaritzaren jarduera ildoaren adierazgarri da. «Gaurko konpromiso horren eredu izan da. Hemen garraioaren, osasunaren eta berrikuntzaren alorretan egindako inbertsioetan islatzen den konpromisoa da», adierazi du lehendakariak Debegesa enpresa, Tekniker eta orain estaltzen ari diren Ardanza geltokia bisitatu ondoren. Lopezek azaldu du «talentuaren metropolia eraikitzea» aipatzen duenean, honetaz, «kalitatezko zerbitzu publikoak edukitzeaz» hitz egiten duela, baita Euskadi egituratzeaz ere, «partekatutako giza talentuan oinarritutako azpiegituren sare trinkoaren bidez, etorkizun hobea eraikitzeko tresna den talentua sortze, gordetze eta erakartze aldera».

Datorren abenduaren 15ean, Patxi López lehendakaria eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak lehen harria jarriko dute Eibarko Tekniker poloaren egoitza berrian. Tekniker poloak, teknologia zentro berri horren eta horrek osatzen duen IK-4 aliantzaren egoitzak, 16 milioi euro jasoko ditu «eraikina aurrera ateratzeko». Eusko Jaurlaritzak 6 milioi euro emango ditu eta «Zientzia eta Teknologia Ministerioak aurrerakin itzulgarrien bidez 10 milioi euro jartzea lortu dugu», azaldu du lehendakariak. «Teknikerren eta IK-4ren egoitza ez ezik, herrialde osoko berrikuntzaren alorreko erreferenteetako bat ere izango da», gehitu du.

Patxi Lopez lehendakariak Eibarren egin ditu adierazpen horiek, Teknikerren instalazioak eta Debegesa edo Ardanzako geltokia bezalako bestelako enpresak eta azpiegiturak bisitatu ondoren. Eibarrera egindako bisitaldian, Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburua eta Miguel de los Toyos Eibarko alkatea ere izan dira.

Debegesan hasi dute. Bertan lehendakariak adierazi du krisialditik irteteko «lankidetza sareak beharko direla merkatu globalaren erronkei aurre egiteko». Lankidetza horren bila, Eusko Jaurlaritzak Debabarreneko enpresetara eta erakundeetara jo du. Bertarako enpresetara eta teknologia zentrotara bideratu dituzte «7,2 milioi laguntzetan, eta 10 milioi euro baino gehiago horri makina-erremintarako Renove planaren languntzak edo ezarpen energetikoak gehitzen badizkiogu», azaldu du Lopezek.

Hau ez da Eusko Jaurlaritzak inguruan egin duen inbertsio bakarra. Ardanza geltokiaren eta trenbidea bitan banatzeko proiektuak 8,1 milioi euroko aurrekontua du. Obrak urtarrilaren 31n amaituko dituzte eta otsailean jarriko dute dena martxan. Eskualde berean, San Lorentzo-Unibertsitatea zatia bitan banatuko dute, eta horretarako 6,3 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute. Gainera, Txarakua –Azitain zatia bitan banatzeko eta Txarakua pasagunean obrak egingo dituzte, Eibarko geltokia modernizatuko dute -lanak lizitazio prozesuan daude esleitzeko zain- eta Karakate gurutzamendua egingo dute inguruan trenbide bikoitza eraikitzeko, gaur egungoaren ezaugarriak hobetzeko eta maiztasun hobeak lortzeko. Bestalde, Eusko Trenbide Sarearen eta Eibarko Udalaren arteko hitzarmenak trenbidea hirian hobeto integratzeko, zati batzuk estaliko ditu. Ildo horretatik, Lopezek nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 26 milioi euro baino gehiago inbertitu dituela Eibarko trenbide sarea berritzeko, «Euskadik garraiobide sare modernoa eta iraunkorra izan dezan, gure azpiegiturak herriz herri hobetu behar baitira».

Talentuaren metropolia

Bisitaldi honekin, lehendakariak hauteskundeen aurretik hartutako konpromisoa bete du. «Konpromiso hau garraiobideetan, osasunean eta berrikuntzan islatzen da hemen», azaldu du Lopezek. Haren hitzetan, bere gobernuaren oinarriak udalerritasuna –horren adierazgarri da aurkeztu berri duen udalerrien Legea- eta «talentuaren metropolia» dira. «Talentuaren metropolia eraikitzeaz hitz egiten dugunean, kalitatezko zerbitzu publikoak edukitzeaz hitz egiten dugu, azpiegituren sare trinkoan egituratutako metropoliaz hitz egiten dugu, baita partekatutako talentuan oinarritutakoan ere, etorkizun hobea sortzeko funtsezko tresna den talentua sortu, gorde eta erakar dezan», azpimarratu du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria