Berriak Lehendakaritza
Eu

2011n, Euskadik ibilgailu elektrikoak birkargatzeko sare bat izango du, Espainiako aurrendaria

2009.eko urriak 30

Eusko Jaurlaritzak eta REPSOLek asmoen protokolo bat ezarri dute konpainia horren eta Energiaren Euskal Erakundearen arteko lankidetzarako


Patxi López Lehendakariak nabarmendu zuen lankidetza publiko-pribatuak krisialdian duen garrantzia; bere iritziz, birkargatze-sare horrek garapen teknologikorako eta berrikuntzarako aukera ugari eskainiko dizkio industria sektoreari.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ibilgailu elektrikoak birkargatzeko lehen sarearen eraikuntza gidatuko du. 2011n, Petronorren Gasolina-zerbitzuguneen sareak Espainian "aurrendaria" den zerbitzu hori eskainiko du, Euskadi sektore horren buruan jartzea xedetzat hartuta. Patxi López Lehendakariak berretsi egin zuen berrikuntzaren alorrean Eusko Jaurlaritzak duen konpromiso "garbia", eta "aukera bat ere ez galtzeko Jaurlaritzak duen borondatearekin" lotu zuen akordio hori. "Gure asmoa da gure industria ahalik eta baldintza onenetan jartzea, merkatu berri honetan maila globalean lehiatzeari begira", azpimarratu zuen.

Patxi López Lehendakariak, Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailburuarekin eta Antonio Bufrau Repsolen presidentearekin batera, Energiaren Euskal Erakundearen eta petrolio-konpainiaren arteko lankidetza-akordioa sinatu zuen, proiektu hau garatzeko xedez. Lankidetza-hitzarmenak bi erakundeen asmoak jasotzen ditu, ibilgailu elektrikoak birkargatzeko instalazioak erakusteko, eraikitzeko eta ustiatzeko beharrezkoak diren azterlanak eta garapen-planak abiatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren barnean.

Lópezek bere sostengu "gartsuena" erakutsi zion proiektu horri; izan ere, beraren bitartez "Eusko Jaurlaritza aurrendari bihurtzen da Espainian, eta seguruenik baita munduan ere, auto elektrikoak birkargatzeko sareen garapenean, ibilgailu konbentzionalentzako erregaien banaketaren alorrean liderra den espainiar enpresaren eskutik". Lópezek nabarmendu zuen sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkar ulertzearen garrantzia, batez ere krisialdian, eta akordio horrek "Euskadirentzat onuragarria izango dela" iragarri zuen.

Eusko Jaurlaritzarentzat, akordio horrek "garapen teknologikorako eta berrikuntzarako aukera ugari" eskainiko dizkio industria sektoreari. "Euskadin ezarriko den birkargatze elektrikoko sareari esker, garraiabide eraginkorrago eta iraunkorrago bat bideratuko dugu, eta era horretan hiri-mugikortasuneko eredu berri bat ahalbidetuko dugu gure lurraldean", azaldu zuen. Hala, Jaurlaritzak apustu bikoitz bat jarriko du automobilgintzan, ekipamendu-ondasun elektrikoen sektorean eta sektore elektronikoan diharduten euskal enpresen eskuetan, merkatu hori ikerkuntzaren bidez bultzatzeko xedez; izan ere, hitzarmena "bultzada" bat da eredu publiko-pribatuarentzat, eta "adibide baliagarria izango da etorkizuneko beste proiektu askorentzat", zeren eta, "lankidetza baita erronkak aurrera ateratzeko modu bakarra, eta, halaber, berrikuntzan eta ezagutzan oinarritutako eredu ekonomiko berri baterantz modu sendoan aurrera egiteko modu bakarra", adierazi zuen.

Akordioaren beste balio bat bultzada energetikoari dagokiona da. Azken urteotan, garraio sektorea bigarren energia-kontsumitzailea bilakatu da Euskal Autonomia Erkidegoan, industria sektorearen atzetik. Sektore hori petrolioaren mende dago, eta, hortaz, kanpoaldearen mende. "Berarengatik ordaintzen dugun faktura energetikoa oso handia da, eta, are okerrago, gure CO2 isuriak ere maila handikoak dira", esan zuen Lópezek. Euskadin abiatuko den birkargatze elektrikoko sarea lagungarria izango da garraiabide eraginkorragoa eta iraunkorragoa ezartzeko, eta, horrekin batera, hiri-mugikortasuneko eredu berri bat garatu ahal izango dugu gure lurraldean", nabarmendu zuen.

Bi faseko akordioa

Akordioa bi fasetan garatuko da: hasierakoa 2010eko ekainean bukatu behar da, eta bertan beharrezkoak diren azterlanak eta lanak gauzatuko dira, bigarren fasean sozietate bat eratzeari begira. Sozietate horren zeregina izango da ibilgailu elektrikoen bateriak elektrizitatez kargatzeko eta/edo ordezteko instalazioak eraikitzea eta ustiatzea, aurretik definitutakoaren arabera. Birkargatze-sare hori 2011n abiatuko da, eta lurralde osotik hedatuko da arian-arian, ezarritako inbertsio-planaren arabera.

Bernabé Unda Industria Sailburuak azaldu zuenez, EEEk planteatu duena da oinarrizko birkargatze-puntu sare bat garatzea, "ibilgailu elektrikoen mugikortasuna Euskadiren barruan bermatzeko xedez". Horren bitartez, ibilgailu elektrikoak birkargatzeko azpiegitura bat eman nahi zaio Euskadiri, ibilgailu mota hori gero eta gehiago txertatzeko eta bultzatzeko bertoko ibilgailuen parkean.

Antonio Bufrau Repsolen presidenteak, berriz, gogora ekarri zuen energiaren kontsumoak hazten jarraituko duela datozen hamarkadotan, aurreikuspen guztien arabera; horren eraginez, "sektoreko konpainia guztiek erronka bat dute aurrean, alegia, hornikuntza modu iraunkor eta lehiakorrean bermatzeko erronka". "Horrek behartzen gaitu aurrerabide teknologikoko ildoak etengabe bilatzera, eskari horri aurre egin ahal izatea xedetzat hartuta", azaldu zuen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria