Berriak
Eu

Euskadik eskualdeen parte-hartze aktiboagoa aldeztu du klima-aldaketaren aurkako borrokan, Europako eta nazioarteko eskualde eta erakundeen aurrean

2010.eko urriak 28

Bruselan, Uraren Euskal Agentziako (URA) Erakundeekiko Harremanetarako eta Berrikuntzako zuzendariak, Enrique Urrutiak, eta Euskadik Bruselan duen ordezkariak, Marta Marinek, honako konferentzia honetan esku hartu dute: "Cancun-30: eskualdeak klima-aldaketaren aurkako ekintza egia bihurtuz". Biek aldeztu dute Europako eskualdeek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten papera, eta Eusko Jaurlaritzak nrg4SD sareko gobernuen eta eskualde-gobernuen elkarteen eta Nazio Batuetako agentzien artean bultzatu duten elkar ulertzeko memoranduma aurkeztu dute. Memorandum horrek alde anitzeko lankidetza-esparru bat ezartzen du Latinoamerikako eta Karibeko baliabide hidrikoen kudeaketaren arloan.

Konferentzia horretatik dokumentu bat aterako da, klima-aldaketaren aurkako borrokaren arloko eskualde mailako esperientziak jasotzeko, eta klima-aldaketa borrokatzeko eta egokitzeko eskualde mailako ekintzaren garrantzia eta egokitasuna nabarmentzeko balioko du. Dokumentu hori, gainera, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen hurrengo Goi-bileran (COP 16) aurkeztuko da, abenduan Cancunen egingo baita, eta, hala, nazioarte mailan erakutsiko du Eusko Jaurlaritzak gai horri buruz duen posizioa eta esperientzia.

 

Ekitaldi hori nrg4SD sareak antolatu du, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen hurrengo Goi-bilerarako (COP 16, Cancun, 11/28tik 12/10era) aurkezpeneko jarduera-programaren esparruan, eta eskualde mailako solaskide gakoen presentzia eduki du, bai eta Europako erakundeetatik eta nazioarteko antolakundeetatik etorri ziren espezialista-sorta bat ere. Bilkuraren moderatzaile lanak Joxerramon Bengoetxeak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasleak, egin zituen.

nrg4SD eskualdeek bakoitzak bere eskualdean arlo horretan garatu dituen ekintza konkretu batzuen adibideak aurkeztu zituzten. Euskadiri dagokionez, URAko ordezkariak nrg4SD sareko gobernuek eta eskualde-gobernuen elkarteek adostu duten elkar ulertzeko memoradumaren aurkezpena egin zuen. Memorandum horren bidez, hain zuzen ere, eskualde mailako uraren arloko alde anitzeko lankidetza-esparru bat ezartzen da Latinoamerikarako eta Kariberako.

Euskadiko Gobernuak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) garatu dute 2010-2014ko aldirako elkar ulertzeko memorandum hori, eta uraren arloko hainbat jarduera gauzatzeko epe luzerako lankidetza bat ezartzen du, garapen iraunkor bat lortzera bideratuak. Helburu hori lortzeko, hain zuzen ere, erakunde sinatzaileen sare zabal baten laguntza dauka, Latinoamerikakoak eta Karibekoak zein Europakoak.

Enrique Urrutiak azpimarratu zuen nolako garrantzia duen ngr4SDko eskualde-gobernuek Hegoaldeko eskualdeekin proiektu konkretu batzuetan elkarlanean aritzeak, hainbat gaitan, hala nola baliabide hidrikoen kudeaketan, uraren saneamenduan, klima-aldaketaren aurkako borrotan, bai eta diziplina arteko beste arazo batzuetan ere; esaterako, gobernagarritasuna, garapen iraunkorraren aldeko sentsibilizazioa -adibide batzuk aipatzearren-, Euskadik gai horietan ezagutza espezializatua duela erakutsi baitu.

Bestalde, Euskadik Bruselan duen ordezkariak, Marta Marinek, klima-aldaketako eta garapen iraunkorreko politika handinahiak ezartzeko eskualde-gobernuak -eta, zehazki, Eusko Jaurlaritza- egiten ari diren apustua nabarmendu zuen, horrek palanka efektu bat eragin baitu, eta horrek hazkunde ekonomiko iraunkorra izateko aukera emango baitigu. Politika eta neurri horiek munduko beste eskualde batzuetan errepikatu daitezkeen esperientziak dira, ingurumen arloko arazoak gainerako politiketan gaitzeko eta integratzeko neurrien bidez; esaterako, gobernamendu on baten bidez.

Konferentzian, era berean, sarearen posizioko dokumentu bat onartu zen, eta horren funtsezko asmoa da eskualde-mailak klima-aldaketarako ekintzan duen paper gakoa azaltzea, eta, horretarako, ngr4SDn parte hartzen ari diren eskualdeak garapen iraunkorraren arloan burutzen ari diren lan garrantzitsua zabaltzea.

Klima Aldaketari buruzko Esparru Konbentziorako Nazio Batuen Konferentziaren (CMNUCC) hurrengo negoziazio-saioa Cancunen egingo da, eta agertoki egokiena izango da Euskadik, nrg4sd sareko kide izanik, klima-aldaketaren aurkako borrokan dituen konpromiso politikoak zabaldu ditzan.

 

nrg4SD, praktika onenen adibidea klima-aldaketaren aurkako borrokan

Eusko Jaurlaritzak hasieratik parte hartu duelarik, Garapen Iraunkorraren aldeko Eskualde Gobernuen Sarea (nrg4sd) Garapen Iraunkorrari buruzko Mundu Gailurrean jarri zen abian. Gailur hori, hain zuzen ere, 2002ko abuztuaren 31n egin zen, Johannesburgen. Sare horrek garapen iraunkorra sustatzeko xedea du, eskualde mailako lankidetzaren eta kooperazioaren bidez.

2002an sortu zenetik, nrg4SD zuzeneko solaskidea izan da nazioarteko eta Europako hainbat antolakunderekin, eta hainbat lorpen iritsi ditu Europako eta beste kontinente batzuetako eskualdeetarako, garapen iraunkorraren arloan. Sareak iritsi dituen lorpenen oinarriaren gainean, Euskadik gaikuntzako jarduerak eta ezagutza eta know-how teknikoak elkartrukatzeko jarduerak indartzeko aukera izango du, bai eta kanpo-posizionamendua eta -elkartrukea finkatzeko ere.

 

* Informazio gehiago (nrg4SD webgunea)

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan