Berriak

Terrorismoaren biktimenganako errekonozimendu eta elkartasun ekitaldia deitu du Eusko Jaurlaritzak datorren martxoaren 10ean

2017.eko otsailak 15
  • Deialdia bat dator Terrorismoaren Biktimen Europako Egunarekin
  • Ekitaldia lau orduko elkarretaratze bat izango da, 9:00etatik 13:00etara, Vitoria-Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan

Eusko Jaurlaritzak, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez, euskal erakunde guztiei gonbidapena luzatu die datorren martxoaren 10ean erakunde terroristen biktimei errekonozimendua eta elkartasuna adierazteko.

Ekitaldia lau orduko elkarretaratze bat izango da, 9:00etatik 13:00etara, Vitoria-Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan. Lau ordu horietan zehar, erakundeetako eta gizarteko zenbait ordezkaritza izango dira elkarretaratzearen buru, hamabost minutuko txandak eginez.

Lehenengo txandako burua Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza izango dira. Hortik aurrera, barruan idatzi bat daraman lekuko bat eskuz esku pasako da ordezkaritzen artean. 13:00etan, mezuaren edukia irakurriko da.

Ekitaldiaren helburuak hauexek dira: terrorismoaren biktima guztiak oroitzea eta horiei elkartasuna adieraztea, jasandako sufrimendu bidegabea errekonozituz, alde batetik; eta bestetik, biktimen eta herritarren arteko harremana sakontzea.

Ekitaldi hau bat dator Terrorismoaren Biktimen Europako Egunarekin. Aurten, martxoaren 11 larunbata da eta Europako erakunde askok, Eusko Jaurlaritzaren antzean, erabaki dute bezperan, martxoaren 10ean, egitea oroitzapen ekitaldia.

Eusko Jaurlaritzak euskal erakundeei eta gizarte eragileei dei egin nahi die ekitaldi honetan parte hartzeko eta terrorismoaren biktimei beren elkartasun eta aitortza adierazteko.

 

(*) Oharra: Edozein erakundek parte hartu nahiko balu antolatuta dauden 15 minutuko 16 txandetan, aukera izango du hurrengo helbidera idatziz: bakea@euskadi.eus.

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2017.eko otsailak 15

    hay que luchar contra el terrorimo

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)