Eu

PISA 2015. Cristina Uriarte sailburuaren agerraldia Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean

2017.eko otsailak 16

 

  • Ikastetxeen arteko sare-nodoak bultzatuko dira, PISA ebaluazioak jasotzen duen arlo bakoitzeko bat
  • Eusko Jaurlaritza, Irakasle Ikasketen Gradura sartzeko berariazko proba bat sortzeko aukera aztertzen ari da euskal unibertsitateekin
  • Nork bere Irakurketa Plana prestatu beharko dute ikastetxeek 2017-2018 ikasturtean zehar
  • 2015-2016 ikasturtean hezkuntza curriculum berriak abian jarri ondoren, Euskadin %33 hazi dira zientzia orduak DBHn

Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak agerraldia izan du gaur arratsaldez Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, PISA 2015 ebaluazioari dagokion txostena aurkezteko. Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) egindako txostenaren aurkezpenean, Maite Alonso Hezkuntza Sailburuordea eta Xabier Aizpurua ISEI-IVEIren zuzendaria lagun zituela, ELGAk (OCDE) hiru urterik behin egiten duen ebaluazioak jasoriko daturik esanguratsuenak azaldu ditu.

Uriarte sailburuak nazioarteko ebaluazio hau testuinguruan jarriz ekin dio agerraldiari. Adierazle hau ELGA osatzen duten herrialdeen aurkezpen-karta bihurtu baita, eta ondorioz, nazioartean garrantzi handia hartu du. Uriarteren irudiko, “Euskadik neurri egokian jakin behar du baloratzen horrek zer eragin duen gure hezkuntza-politiketan, eta lan egiten, kasu honetan nabarmen hobegarriak diren emaitza batzuk hobetzeko. Baina ez gaitezen erori gure hezkuntza-sistemaren analisi bidegabe eta irreal batean. 35 urtean zehar, herri honek guztiok harro egoteko moduko irakaskuntza-sistema bat sortu du. Guztioi esker eta urte guzti hauetan egindako lanari esker da daukaguna. Horri esker, gizarte ondo prestatua dugu. Eta egungo belaunaldiak ere horrelakoak dira, eta izango dira etorkizunean”.

Era berean, sailburuak gehitu du Euskadik baduela “hori berresten duten adierazle-zerrenda luze bat, ondo lan egin dela eta lan ona egiten jarraitu nahi dugula adierazten duena. Baina orain, PISAn lortutako emaitzek astindua sortu dute gure gizartean. Hori horrela bada… balia dezagun. Eusko Jaurlaritzatik lehenengoak izango gara egoera hori baliatzen. Lehen urratsa autokritika egitea da, eta guk egiten dugu. (…) Emaitza hauek aukera gisa ikusi behar ditugu. Indarra hartzeko balio izan behar digute, irakaskuntza hobetzeko bere osotasunean, eta bereziki PISA emaitzak hobetzeko”.

PISAren inguruan zabaldu den debatea elkar politikoki higatzeko edo elkarri jaurtitzeko arma politiko gisa erabiliko ez den itxaropena erakutsi ondoren, Uriarte sailburuak hezkuntza komunitate zabalari gonbidapena egin dio hezkuntza sistemaren etengabeko hobekuntzan parte har dezan, talde-erronka edo herri baten erronka gisa ulerturik. “Hezkuntza, konponbideak bilatzeko elkarlanean aritzea ere bada, eta hausnarketan parte hartzea. Hezkuntza irakasleen formazio hobea sustatzea ere bada, eta ebaluazioa hobekuntzarako tresna dela onartzea. Hezkuntza ahalik eta irakasle onenak izatea da, baina baita seme-alabek etxean daudenean irakurketa-ohiturak har ditzaten inplikatzea ere. Hezkuntza, azken finean, talde osoaren ahalegina da”.  

Lanerako hiru ardatz

Hala ere, Uriartek azpimarratu nahi izan du emaitza txarrek ez itsutzea ere garrantzitsua dela hobekuntzak planifikatzerakoan. Agerraldian azaldu duenez, “hezkuntzaz ari gara, bat batean biraketak egin ditzala eskatu ezin zaion itsasontzi handi bati buruz ari gara. Ezinezkoa delako, ez delako hori desiragarriena, eta gure sistemak ez duelako norabide aldaketa zakarrik behar. Hezkuntza sistema baten balioetako bat, eta gurearena ere bai, egonkortasuna da. Denbora hartu neurriak definitzeko, eta denbora eman ikastetxeek eta ikasleek barneratu ditzaten. (…) Aldaketa bakoitzak egiturak, diseinu pedagogikoak eta irakaskuntza-metodologiak aldatzea eskatzen du. Arduragabekeria handia litzateke aldaketa handiak bultzatzea, eta gainera bat batekoak, adierazle bakar baten arabera. Epe laburrerako soilik ariko ginateke. Onartezina litzateke”.

ISEI-IVEIk osatu duen txostenaren datu nagusiak aurkeztu ondoren,  Hezkuntza Sailak oraingoz aurreikusi dituen lan ildo nagusiak ezagutarazi ditu Cristina Uriartek. Jarduera nagusiak, elkarrekin harremana duten hiru helburu hauetara bideratuak izango dira:

  • Ikasgelan hezkuntza-eredua garatzeko beharrezko diren eta horretarako landu diren lan-tresnak ezartzea
  • Irakurmenaren prozesua hobetzea
  • Irakasleen formazioa

Lehen helburuari dagokionez, beharrezkoa da ikasgelan konpetentzia bidezko ikasketa prozesuari bultzada ematea. Curriculumak osatu eta onartu ondoren, hainbat baliabide prestatu dira horiek garatzeko. Ikasgelako esku-hartzearekin zerikusia duten alderdien formazioa lehenetsi behar da, eta zehazki, konpetentzien garapenean mesedegarri gertatzen diren metodologia, irizpide, forma eta ebaluazio tresnetan.

Curriculum berriek konpetentzien ikuspuntua barneratua dute, baina irakaskuntza prozesuan eragile funtsezkoa den irakasleak, metodologiaren alderditik horrek esan nahi duen aldaketa barneratu behar du: akedemizimoa albora utzi eta batez ere azalpenean oinarritzen den metodologiatik beste metodologia ikertzaileago batera pasatzea, ikaslearen ikasketa aktiboa nagusi izango duena. Ikastetxeen arteko elkarlana ere funtsezkoa izango da ikuspuntu berri honetan.  Horregatik, ikastetxe berritzaileen artean hiru sare-nodo sortuko dira, PISAk ebaluatzen duen konpetentzia bakoitzeko bat. Konexio hobea hobekuntzaren mesedetan, bateko eta besteko esperientziak baliatuta.

Konpetentzia digitalari dagokionez, ikasgelan baliabide digitalak benetan erabiltzera, ikaskuntza-komunitate birtualak garatzera eta hezkuntza-baliabideak diseinatu eta erabiltzeko lankidetza profesionala sustatzera bideratutako prestakuntza antolatuko da. 

Bigarren jarduera-ardatzak irakurmen-prozesua hobetzea izango du helburu, gainerako konpetentziak garatzeko oinarrizko alderdia baita hau.

Irakurmena, hizkuntza eta literatura konpetentzien osagaietan zeresana duen trebetasuna da. Konpetentziei loturiko osagaiek zeresana dute testu idatzi nahiz ikus-entzunezko testuen ulermena, balorazioa eta jarrera kritikoarekin, izan analogikoak nahiz digitalak. Lotura dute, era beran, hizkuntzen erabilera arauekin eta hizkuntza-sistemarekin ere, testuak eraginkortasunez eta egoki ulertu ahal izateko. Aipaturiko guztia, irakurketa ohitura sendotzearekin batera.

Beraz, komenigarria da ikastetxeek irakurketa-estrategietan sakontzea, baina ez soilik hizkuntzen arlotik, irakaskuntza arlo guztietatik baizik. Horregatik, Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzean irakurketa plana eratzea bultzatuko du. Horretarako, ikastetxeek “Irakurketaren inguruko orientabideak” hartuko dituzte oinarri, dagoeneko atonduta eta eskuragarri duten materiala. Irakurketa Plan hau Ikastetxearen Hezkuntza Planean txertatuko da, eta aldi berean proiektu eleanitzari lotua, hau ikastetxean ezarri ahala.

Hirugarren lan ildoan, irakasleen formazioan sakontzen jarraituko da. Irakaslea da hezkuntza aldaketarako eta hobekuntzarako eragile nagusia. Horregatik, hezkuntza komunitatearen prestakuntzak jarraitzen du Hezkuntza Sailaren konpromisoa izaten, hastapeneko prestakuntzan bezalaxe etengabekoan azpimarra eginez, eta irakaslegoari egonkortasuna emanez. Beharrezkoa da, era berean, irakasleen profila Euskal Hezkuntza Sistemaren lehentasun eta beharretara egokitzea eta eguneratzea. Horrekin batera, gizarteak ere irakasleek hezkuntza aldatu eta hobetzeko duten zeregina indartzen eta hauen izen ona zabaltzen bere ekarpena egin behar du.

Irakaslearen hastapeneko formazioari dagokionez, Hezkuntza Saila Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsiatateekin lanean ari da, etorkizunean irakasle izango direnen hastapeneko formazioa hobetu dezaketen neurriak zehazteko. Horrela bada, elkarlanean aztertzen ari diren neurrien artean, honako hau dago: Irakasleen formaziorako graduak ikasi nahi dituzten ikasleentzat sarbide proba abian jartzea, horrela irakasle izango den ikasle horren gaitzea hasieratik bertatik ondo orientatua egon dadin. Ezarri beharreko beste neurri bat izango da, gardu ikasketak nahiz masterrak eredu pedagogikoarekin lerrokatzea.

PISA 2015 ebaluazioaren ondoren, dagoeneko garatu diren ekintzak

Gure gizartearen etengabeko bilakaerak –eta beraz baita Euskal Hezkuntza Sistemarenak ere- ikasketa metodologiak egokitzera behartzen ditu hezkuntza-arduradunak. Arrazoi hori tarteko, hezkuntza curriculum berriak onartzea beharrezkoa zen hobetzen jarraitzeko. Hezkluntza-eduki berriak eta metodologia berriak, konpetentzien bidezko ikasketan oinarrituak, 2015-2016 ikasturtean hasi ziren ezartzen, hau da, PISA 2015 emaitzak ezagutu baino lehen. Aldaketa hauek, zientziari dagokionez, DBHn eskaintzen zaion ordu kopuruan %33 handitzea esan nahi izan du. Hazkunde hau, beraz, PISA 2015 azterketa egin ondoren izan da.

Era berean, Hezkuntza Sailak 2016an aurkeztu zuen “EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Plana” aurkeztu zuen. Plan honek 2019-2020 ikasturtera arte inplementatuz joango diren hainbat neurri jasotzen ditu. 

PISA 2015 emaitzak ezagutu ondoren, Hezkuntza Sailak hainbat hezkuntza-eragilerekin izan ditu bilerak, ikuspuntuak partekatu eta hobekuntzarako balizko ekintzak aztertzeko. Hezkuntzako arduradunek Ikuskaritzarekin, Berritzeguneekin, PISAk aztertu dituen ikastetxeekin, Eskola Kontseiluarekin eta ISEI-IVEIren Batzorde Zientifikoarekin izan dituzte bilerak.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Hezkuntza Sistema aztertu eta hobetzeko lanean jarraituko du, euskal gizarteari ikasleen prestakuntzarako erreminta fidagarri eta bikaina eskaintzeko helburuarekin.

 

 

- Hezkuntzako sailburuaren agerraldia, Borja Sémper Pascual Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak egindako eskaerari jarraituz batzordeak eskatuta, azalpenak eman ditzan PISA 2015 nazioarteko probaren emaitzei buruz. (11\10\06\03\0004) 
- ISEI-IVEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen agerraldia, Rebeka Ubera Aranzeta EH Bildu taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari jarraituz batzordeak eskatuta, PISA 2015 txostenari buruz egin dituen azterketa eta balorazioa azal ditzan. (11\10\06\03\0016) 
- Hezkuntzako sailburuaren agerraldia, berak eskatuta, 2015eko PISA ebaluazio-probei buruzko txostena aurkezteko. (11\10\06\02\0013)

6 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko otsailak 16

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: PISA 2015. Cristina Uriarte sailburuaren agerraldia Legebiltzarreko #Hezkuntza Batzordean ➡ https://t.co/0D9p9a2ggT

  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko otsailak 16

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: PISA 2015. Comparecencia de la consejera Cristina Uriarte ante la Comisión de #Educación del Parlamento ➡ https://t.co/KDd7epWvgf

  • @ConsejeroD7
    2017.eko otsailak 16

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: PISA 2015. Cristina Uriarte sailburuaren agerraldia Legebiltzarreko #Hezkuntza Batzordean ➡ https://t.co/nDI6mOjmih

  • @ConsejeroD7
    2017.eko otsailak 16

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: PISA 2015. Comparecencia de la consejera Cristina Uriarte ante la Comisión de #Educación del Parlamento ➡ https://t.co/b6fT0AKAx4

  • @Gob_eus
    2017.eko otsailak 16

    Comentario de Twitter:
    PISA 2015. Cristina Uriarte sailburuaren agerraldia Legebiltzarreko #Hezkuntza Batzordean ➡ https://t.co/EVW1E5Q4zm

  • @Gob_eus
    2017.eko otsailak 16

    Comentario de Twitter:
    PISA 2015. Comparecencia de la consejera Cristina Uriarte ante la Comisión de #Educación del Parlamento ➡ https://t.co/szdQoZqaD0

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Aizpurua (ISEI-IVEI)