Eu

Eusko Jaurlaritzak Gure Artea 2017 sarien deialdia egin du, arte plastiko eta ikusizkoen arloa sustatzeko (Gobernu Bilera 2017-02-14)

2017.eko otsailak 14

Guztira, 54.000 euro bideratuko ditu deialdi honetako hiru modalitateetara

Gobernu Kontseiluak bere oniritzia eman dio gaur Gure Artea 2017 sariak arautzeko aginduari, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzea helburu duen deialdi bat. Guztira 54.000 euro bideratuko dira ekimen honek saritzen dituen hiru modalitateetara: ibilbide artistikoa saritzen duena, sorkuntza-lana aitortzeko asmoa duena eta arte plastiko zein ikusizkoen eragileen sustapenaren ingurukoa. Irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu.

Deialdi honen kudeaketa Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko zuzendaritzari dagokio. Sari hauek sormenaren garapena bultzatzea dute helburu, arte-sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta arte sorkuntzari aitorpena eskainiz. Horrez gain, euskal arte garaikidearen hedapena errazteko xedea dute, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen errekonozimendua bideratuz.

Lehenengo modalitateak, lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, “egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei egindako ekarpenagatik” nabarmentzen den artisten lana saritu nahi du. Bigarren modalitateak azken urteak hartzen ditu kontuan, eta “bere jarduera artistikoagatik zein sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea” saritzen du. Azkenik, hirugarren modalitateak arte plastiko eta ikusizkoen arloan eragileek egindako sustapen lana saritzen du, aginduan azpimarratzen den moduan: “Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsonak aintzat hartzen ditu”.

Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasiko da. Gaitasun aitortua eta prestigioa duten bost kidek osatuko dute epaimahaia, eta horietako bat epaimahaiburua izango da. Epaimahai honek erabaki beharko ditu sarien irabazleak. Parte hartzeko betebeharrak eta zehaztasun guztiak Gure Artea 2017 sariak arautu eta horietarako deialdia egiten duen 2017ko otsailaren 15eko aginduan kontsulta daitezke, baita prozesuak beharko dituen epeak ere.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GustavoPerezLe
    2017.eko otsailak 14

    Comentario de Twitter:
    Irekia: El Gobierno Vasco convoca los premios #GureArtea2017 con el fin de promocionar las artes plásticas y visua… https://t.co/TnN7LqxBxL

  • @Open_Govern
    2017.eko otsailak 14

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak #GureArtea2017 sarien deialdia egin du, arte plastiko eta ikusizkoen arloa sustatzeko https://t.co/yRXQaM1vAS

Komunikabideek behera kargatzeko