Eu

Eusko Jaurlaritzak haurdunaldi subrogatuaren hautua egiten duten langile publikoen amatasun eta aitatasun baimenak zabaldu ditu (Gobernu Bilera 2017-02-14)

2017.eko otsailak 14

Hemendik aurrera, Euskadiko Administrazio Orokorrarentzat lan egiten duten aitek eta amek, eta amatasunaren subrogazioaren hautua egiten dutenek, baimen-egunak har ditzakete beren nazioarteko joan-etorrietarako eta beren haurtxoak zaintzeko

Eusko Jaurlaritzaren ustez, neurri hau urrats berria da lanaren eta bizitza pertsonalaren bateragarritasunari dagokionez. Gainera, XXI. mendeko gizartean dauden famila eredu berriak aitortzen ditu

Eusko Jaurlaritzak instrukzio bat eman du Euskadiko Administrazio Orokorrean lan egiten duten, eta haurdunaldi subrogatuaren hautua egiten duten pertsonek, hemendik aurrera, adopzioaren, harreraren edo erditzearen hautua egiten dutenen eskubide berberak izan ditzaten, baimenei dagokienez. Gainera, instrukzio honek, aitak eta amak parekatu egiten ditu baimenak eskatzerakoan, gaurko gizartean ditugun familia eredu berriak barne hartzeko: 

  • Baimena amatasun edo aitatasun berriarengatik: 18 asteko baimena, beste bi astez luza daitekeena, erditzea, adopzioa, harrera edo haurdunaldi subrogatua anizkoitza bada edo desgaitasunaren bat duten adin txikikoak badaude.
  • Baimena edoskitzeagatik edo 12 hiletik beherakoa zaintzeagatik: ohiko lanaldia egunero ordubetez murriztea edoskitzeagatik edo urtebetetik beherakoa zaintzeagatik.
  • Nazioarteko joan-etorria: bi hilabete arteko baimena amatasunak edo aitatasunak nazioarteko joan-etorri egiaztatua badakar berekin. 

FAMILIAKO ETA LANEKO BIZITZA BATERAGARRI EGITEA 

Instrukzio honen bidez, Eusko Jaurlaritzak urrats berria eman du Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten pertsonen familia eta lan bizitza bateragarri egiteko, bere helburua baita aita eta ama izan nahi dutenei laguntzea.Eusko Jaurlaritza jakitun da langile publikoen eskari nagusia denbora libre gehiago izatea dela familia antolatzeko. Horregatik, baimen hori zabaltzearen helburua da amatasunaren edo aitatasunaren urratsa eman nahi dutenei lagutzea, edozein bidetatik egiten dutela ere.

Gainera, baimen berri horiek emakumeek zein gizonek eska ditzakete, eta hori lagungarria da hain beharrezkoa den emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko. Izan ere, une honetan, Euskadiko Administrazio Orokorrak eskaintzen dituen bateratze-neurrien % 85etik gora emakumeek eskatzen dituzte ahaideak zaintzeko.

2 KASU 2016an 

Instrukzio hau, gainera, aurrerapauso bat da XXI. mendeko gizartean dauden familia-eredu berrien aitorpenean. Izan ere, 2016an, instrukzio hau oraindik ez zegoenean, Eusko Jaurlaritzak baimenak eman zizkien Euskadiko Administrazio Orokorreko bi langileri haurdunaldi subrogatuarengatik. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko