Berriak Herrizaingoa
Eu

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren prentsaurrekoa, Ertzaintzak ETAren aurka egindako azken operazio poliziala baloratzeko

2010.eko urriak 28

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Ertzaintza zoriondu du Amorebietan (Bizkaia), bart, egindako operazioagatik. Operazioan, Igor Cearreta Garay ustezko etakidea atxilotu dute, erakunde terroristako kidea izatea leporatuta. Horrez gain, 2005eko martxoan, Soraluzen, egindako eraso eta sabotajeetan parte hartu izana leporatzen diote. Askotan lotu zaio, ustez, Cearreta Garay erakunde terroristaren organigramari, Donosti komandoari, zehazki. Operazioa Audientzia Nazionaleko 3 zenbakiko instrukzioko epaileak zuzendu du. Aresek berretsi du Ertzaintzak "jarraituko duela argitu gabe dauden auzi guztiak ikertzen, egileak atxilotze aldera”.

Gaur goizean agertu da Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua komunikabideen aurrean,  Lehendakaritzaren egoitzan (Gasteiz). Prentsaurrekoan, eta kazetarien galderei erantzunez, sailburuak "zuhurtzia era erantzukizuna” eskatu du, ezker abertzalearen munduan egiten ari diren mugimenduak aztertzeko, "frustrazioa" sor litekeelako bestela.

Aresek aitortu du badagoela "berrikuntza nabarmena abertzaletasun erradikalaren munduaren barnean”, zehazki, "antzinako Batasunaren munduaren eta  ETAren arteko tentsioa". "Mundu horrek legez onartutako moduan egin nahi du politika, eta horretarako bidea egiten ari da, baina jakin badakite eurek hartu behar dituztela erabakiak, baita zer erabaki diren ere”, azpimarratu du.

Ezker abertzaleak hurrengo hauteskundeetan parte hartu nahi badu, bi aukera besterik ez dagoela esan du sailburuak: “ETAk jarduera terrorista betiko uztea” edo ezker abertzalea erakunde terroristatik bereiztea "modu argian, zalantzarik gabe, irmotasunez eta atzera egiteko aukerarik gabe".

Aresek azpimarratu du “ez garela ez alderdi demokratikoak, ez erakundeak, ez zuzenbidezko estatua eskakizunen maila jaitsi behar dugunok, ezta gure jarrera bigundu ere”, aldiz, ezker abertzalea da "aurrera egin behar duena eta politika legezkotasunetik egin ahal izateko bidea egin behar duena". "Beharrezko pausoak egiten ez dituzten bitartean, egoera ez da aldatuko”, esan du bukatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rodolfo Ares, sailburua