Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskadiren benetako irudia kanpora eramateko eskatu die kontsulei, etengabeko gatazkan harrapatutako herri baten irudia helarazi beharrean

2009.eko urriak 30

Lópezek parte hartu zuen Bilboko Gorputz Kontsularraren 85. urtemugaren ospakizunean, Euskalduna Jauregian

Lehendakariak nabarmendu zuen erakunde demokratikoen bermatzaile gisa euskal gorputz kontsularrak jokatu duen rola, gerra eta diktaduraren garaia barne sartuta. Bere esanetan, horrek Euskadi berriaren kanporanzko zubi bihurtzen du


Patxi López Lehendakariak eskari bat egin zien Bilbon diharduten kontsulei, alegia, "gure enbaxadoreak izan daitezela munduan" eta "Euskadiren benetako irudia" eraman dezatela kanpora, hau da, "gizarte solidario, europazale eta zibilizatu" baten irudia, eta ez "etengabeko gatazkan harrapatutako herri" batena. Lópezek nabarmendu zuen gorputz kontsularrak historian zehar jokatu duen rol garrantzitsua, zeren "erakunde demokratikoen" bermatzailea izan baita, gerra eta diktaduraren garaia barne sartuta.

Bilbon diharduten 45 kontsulek, lau kontinentetan banatutako 45 herriren ordezkari gisa, kontsulak Euskadin ordezkatzen dituen elkartearen 85. urtemuga ospatzeko ekitaldian parte hartu zuten, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Bere hitzaldian, Lehendakariak azpimarratu zuen euskal gorputz kontsularrak Bilbon gauzatu duen lana, "hiri honen historiaren lekuko eta protagonista aktiboa izan baita". "Gorputz kontsularra Euskadiren historia bizia da eta, inoiz baino gehiago, kanporanzko zubi moduan betetzen duen rolari eusten dio gaur egun ere" -esan zuen Lópezek-. Gainera, bere esanetan, kontsulen elkartea "kulturen arteko trukerako foro handi bat da, Hiribilduaren berezko muinaren zati dena". "Bilbo bere izaera birmoldatzen jakin duten hirien adibidetzat har dezakegu; izan ere, gai izan da bere eredu ekonomiko, sozial eta kulturala aldatzeko eta XXI. mendeko erronkei posizio indartsu batetik heltzeko; horixe da, hain zuzen ere, kanpoarekiko loturei eusteko hiri honek duen gogoaren erakusgarria", nabarmendu zuen.

Horregatik, Lehendakariak hauxe eskatu zien kontsulei: "euskaldunen beharrei erantzuterakoan benetan garrantzitsua dena" kanpora eraman dezatela, "identitate-alderdietan eta alderdi sinbolikoetan gehiegi oinarritzen den kanpo ekintzako politika atzean" utzita. "Atzerriko herriekin ditugun loturak indartu nahi ditugu, harreman ekonomiko, kultural eta turistikoen bidez"; halaber, "gure atzerriko jarduna birformulatu nahi dugu, lagungarria izan dadin gizarte ongizate eta bizi-kalitate maila handiagoak Euskadin lortzeko", gaineratu zuen Lópezek. "Euskadi hori da, hain zuzen ere, ezagutzera eman nahi duguna ", amaitu zuen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria