Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Garoñako zentrala, 40 urte ondoren, ondo baino hobeto amortizatua dago; saihestu beharreko arriskua da”

2017.eko otsailak 10

Urkullu lehendakaria Bilboko Herri Irratian elkarrizketatu dute

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez Santa María de Garoñako zentral nuklearrak, 40 urte funtzionatzen egon ondoren, bere funtzioa bete du, eta “ondo baino hobeto amortizatua dago”. Hortaz, euskal erakunde eta Euskadiko alderdi politiko guztiek “aho batez” adierazitakoarekin bat etorriz, zentrala behin betiko ixteko eskatu du. “Arriskua benetakoa da eta saihestu egin behar da”, hala esan du gaur goizean Bilboko Herri Irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Duela gutxi Burgosko instalazioak berriro zabaltzeko oniritzia eman duen Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren (CNS) erabakiaren inguruan hitz egin du Lehendakariak. Urkulluk gogoratu du Garoñak instalazio zaharkituak dituela eta, bertan parte hartzen duten enpresek aitortu bezala, errentagarriak izango ez liratekeen inbertsioak egin beharko direla. Horregatik, instalazioak jada bere funtzioa bete duela eta “ondo baino hobeto amortizatua dagoela" esan du. “Badira aurre egin behar zaizkien arrisku jakin batzuk, baina badira ere ekidin daitezkeen beste batzuk, eta Garoñako zentral nuklearrak benetako arriskua badu ere, arrisku hori saihestu daiteke”, adierazi du Lehendakariak. Halaber gogoratu du, euskal erakundeek, alderdi politikoek bezala, zentrala berriro zabaltzearen aurkako jarrera erakutsi dutela “aho batez”.

Gainera, energiaren prezioaren gorakadaren ondorioak arintzeko, Euskadin industriarentzako —BPGd-aren gainean sektoreak duen garrantzia kontuan hartuta— beste tarifa elektriko batzuk jarri beharko liratekeela uste du Lehendakariak, prezioaren gorakada horrek euskal enpresen lehiakortasunean eraginik ez izateko.

Hain zuzen ere, atzo, Eusko Legebiltzarrak ez zuen Garoña berriro zabaltzearen aurkako adierazpen instituzionalik onartu PP alderdiaren kontrako jarreraren ondorioz. Izan ere, Urkulluren iritziz, alderdi horrek “birzentralizazioaren” bidetik eta “etengabe Madrilera begira” jarraitzen du. Lehendakariaren ustez, alderdi horrek jarrera berbera erakusten du bakearen eta bizikidetzaren esparruekin lotutako beste gai batzuetan. Arrazoibide horiek, Sortuk erabiltzen dituenak bezala, “iraganeko” kontuak dira. Lehendakariak esan du Legebiltzarreko batzorde txostengilean lasai eta zuhur aztertu beharreko eztabaidak direla horiek, eta bilkuretan ezin direla “behin eta berriro” bi alderdi horien barruan eragina duten gaiak eztabaidatu.

Horren haritik, Urkulluk uste du Euskadira Guardia Zibil gehiago ekartzeko duela egun batzuk Espainiako Gobernu Ordezkari Javier de Andresek egindako eskaera hori "birzentralizatzeko” eta “euskal berezitasuna murrizten” saiatzeko estrategiaren barne kokatzen dela. Horrela, Estatuarekin lotutako gaien inguruan Espainiako Gobernuarekin elkarrizketatzeko bideak ezartzeko beharra adierazi du berriro ere Lehendakariak, baina tamalez ez du Mariano Rajoy presidentearen erantzunik jaso. 

Artur Mas Generalitateko presidente ohia eta Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiak murgilduta dauden prozesu judizialaren inguruan galdetuta, Lehendakariari beharrezkoa eta premiazkoa iruditzen zaio Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko "elkarrizketan sakontzea”. “Legezkoa eta itundua izango den soluzioa baino ez dago”, gaineratu du.

Beste gai batera pasatuz, Alaves eta F.C. Barcelona taldeen arteko Errege Koparen finala San Mamesen jokatzea nahiko luke Lehendakariak, bertan zale euskaldunen eta katalanen arteko “senidetzea” gauzatzeko. “Baina ezin bada, ezin da”, adierazi du Urkulluk. Gainera, finalean egongo dela berretsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak