Berriak Osasuna
Eu

Irudimenezko Basoa hedatzen ari da pediatrian

2017.eko otsailak 08

Panda hartzak eta koartzak dituen banbu-basoarekin alaiago dago Pediatriako 5. solairua

  • 10.000 haur inguru igaroko da urtero margotutako korridoreetatik.
  • Espazioak eta dekorazioak pazienteen hobekuntza emozionalari laguntzen diote.
  • Jarduketa hau pertsonak osasun-sistemaren ardatz izan daitezen Osakidetzaren estrategiaren barnean dago, eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIk asistentzian tratua, erosotasuna eta antolamendua hobetzeko duen helburuaren fruitu da. 

 

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean arreta pediatrikorako erabiltzen diren espazioak humanizatzeko proiektua aurrera doa haurrak ospitaleratzen diren edo tratamendu kirurgiko edo kronikoak jasotzen dituzten instalazioetan. Mikel Uriarte Fundazioaren ondareari eta Wallart enpresaren sorkuntza-lanari-esker, panda hartz eta koartza ugari dituen banbu-baso batek Pediatriako 5. solairua bete du, txikienen irudimena eta ilusioa pizteko, eta ospitalean ematen duten denbora eramangarriagoa izateko.

Gaur goizean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, Mikel Uriarte Fundazioak eta Wallartek proiektua aurkeztu dute instalazioetara egindako bisitan. Ospitaleko ordezkariek, Santiago Rabanalek, zentroko zuzendari kudeatzailea, eta Itziar Astigarragak, Pediatriako burua, Chely González izan dute lagun, fundazioaren aldetik, eta Aarón Diego, Wallarten aldetik. Nabarmendu dutenez, proiektua garrantzitsua da umeen tratua, erosotasuna eta abegi ona hobetzeko. Santiago Rabanalen hitzetan: «Aurrerapen bat gehiago da humanizazio-proiektuan, eta horretaz harro gaude».

Asistentzia-arloan ezaguna da espazioak eta dekorazioak eragin positiboa dutela pazienteen hobekuntza emozionalean. Pediatriako pazienteetan, gainera, eragin are adierazgarriagoa izan dezake.  Eremu horretan daude ospitaleratze-solairua, eguneko ospitalea, eskola, haurren kirurgiari dagozkion ebakuntza-gelak, giltzurrun-transplante eta dialisi pediatrikoaren unitatea, endoskopia-gela eta hainbat kontsulta espezializatu, baita familiakoentzako gelak ere.  10.000 haur inguru igaroko dira urtero lehen ospitaleko korridore eta orain basoko bidezidor diren horietatik, panda hartzak eta kolore distiratsuko koartzak begira dituztela.

 

Berrikuntza irekia eta erantzukizun sozial korporatiboa 

Ospitaleetako espazioen humanizazio-proiektua bultzatzen duen osasun-zentroaren berrikuntza irekiko eta erantzukizun sozial korporatiboko estrategiari esker hasi ziren harremanak Mikel Uriarte Fundazioarekin eta Wallartekin. Harreman horren emaitza izan da Pediatriako asistentzia-eremuan osatu den jarduketa hau, aurretik Haurren Onkologia, Kardiologia eta Errehabilitazioa berritu ondoren.

Instalazioaren babesle den Mikel Uriarte Fundazioaren helburua proiektu solidarioak, ongintzazkoak eta laguntza sozialari dagozkionak laguntzea da: «Horregatik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatria eta Berrikuntza taldeak ospitaleko 5. solairua humanizatzeko plangintzan elkarlanean aritzea eskaini zigunean, ez genuen bi aldiz pentsatu, ekimen bikaina zela iruditu baitzitzaigun», adierazi du haren ordezkari eta sortzaile den Chely Gonzálezek. 

Wallarten taldeak, Aarón Diego artista eta Lucía Pinto irudigilea buru dituela, hormak eraldatu ditu, eta biziz bete. Honela dio Aarón Diegok: «Gure helburua pertsonen bizitza artearen bidez hobetzea da. Ospitale batean pazienteak, familiakoak eta profesionalak daude. Diseinuak horietan guztietan pentsatuz egin dira, eta ingurune atsegin baten bila aritu gara ez bakarrik txikientzat, baita helduentzat ere. Argiaren sentsazioa, ongi argiztatutako espazioak, seinaleztapen guztia aldatu da eta zurez egindako kartelekin ordezkatu; eta horrek sentsazio eroso eta bero bat ematen du. Horrekin guztiarekin, pediatriako korridoreetatik sartzen direnen irribarrea izan dugu helburu».

 

Humanizazio-plangintza, eta·pertsonak osasun-sistemaren ardatz nagusi

Jarduketa hau pertsonak osasun-sistemaren ardatz izan daitezen Osakidetzaren estrategiaren barnean dago, eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIk asistentzian tratua, erosotasuna eta antolamendua hobetzeko duen helburuaren fruitu da.

Pediatrian lehenago egindako humanizazio-ekintzek Konpromiso sozialaren saria jaso zuen Pfizer Fundazioaren eskutik iaz Erakunde Sanitarioen kategorian. Zentzu horretan, Itziar Astigarraga doktoreak hauxe adierazi du: «Lorpen horiek jende askoren ahalegina eta dedikazioa saritzen dute, eta horien konpromisoa artatutako paziente pediatriko guztien alde eta paziente haur eta nerabeen familiakoei laguntza eta babesa ematearen alde».

 

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIren komunikazio-bulegoa

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @pediaguibel
    2017.eko otsailak 08

    Comentario de Twitter:
    El Bosque Imaginario continúa su avance en pediatría. Humanización de espacios dedicados a la atención pediátrica https://t.co/Yrw8uM0mBv