Berriak Lehendakaritza

Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzia Batzorde Mistoak enplegu politika aktiboen eskualdatzea itxi du

2010.eko urriak 28
  • Transferentzia horrek Euskal Herrirako Autonomia Estatua betetzen du, eta eraginkorra izango da urtarrilaren 1etik aurrera
  • Akordioak 472 miloi euroko balioespen ekonomikoa eta 492 lanposturen lekualdatzea ekarriko ditu
  • Erkidegoak Lasarte, Sestao eta Vitoria-Gasteizko Lanerako Lanbide Prestakuntzako (LLP) zentroak ere bere gain hartuko ditu, bai eta Itsasoko Gizarte Institutuaren mendeko Bermeoko Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastetxea ere

Gaur bildu da Vitoria-Gasteizen Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzia Batzorde Mistoaren Osokoa, eta enpleguko politika aktiboen arloko lan-legediaren betearazpenari eta enplegurako lanbide-prestakuntzari buruzko eskumenak euskal erkidegoari eskualdatzea erabaki du. Orain arte, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Itsasoko Gizarte Institutuak (IGI) gauzatu dituzte eskumen horiek, hurrenez hurren.

Transferentzia 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izango da eraginkor. Batzordeko buru Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko ministroa, Manuel Chaves, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Herrizaingoko sailburua, Rodolfo Ares izan dira, eta, horrela, Euskal Herrirako Autonomia Estatutua betetzen duen akordio bat itxi dute, lan-legediaren betearazpenaren zati garrantzitsu bati dagokionez, administrazio zentrala zein autonomikoa enpleguko politika aktiboak bultzatzen ari diren une honetan.

Euskal Autonomia Erkidegora egiten diren eskualdatze guztietan bezala, ekonomia-ituneko araubidearen arabera, haiei elkartutako kargak estatu mailan balioestea dakar akordio horrek, eta, guztira, 472 milioi eurora iritsi dira. Akordioak egozpeneko indizea (gaur egun % 6,24n finkatua) aplikatzeko mekanismoak aurreikusten ditu, bai eta orain arte hobarien bidez gauzatu diren jarduketa eta programa publiko eskualdatuen finantzaketa autonomikoa ere. Langileriari dagokionez, 491 lanpostu (288 funtzionario eta 202 lan-kontratudun) eskualdatzen dira, eta haietatik, 18 Itsasoko Gizarte Institutuari dagozkio.

Orobat, Lasarte (Gipuzkoa), Sestao (Bizkaia) eta Vitoria-Gasteizko Lanerako Lanbide Prestakuntzako zentroak, Bermeoko Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastetxea eta hiru euskal probintzietan kokatutako beste hainbat eraikin transferitzea ere erabaki da. Zehazki, betearazpeneko eginkizunak eskualdatzen dira laneko bitartekaritzaren eta enpleguaren sustapen eta babesaren arloetan, bai eta lan-legedian ezarritako enpleguko eta enplegurako lanbide-prestakuntzako politika aktiboak ere:

Laneko bitartekaritza. Eginkizun horiek xedetzat dute lan-eskaintzak enplegu- eskatzaileekin kontaktuan jartzea, haiek enplegua eskura dezaten.

Eginkizun horien artean daude eskatzaileen inskripzioari eta erregistroari buruzkoak, bai eta enplegatze-agentziei buruzko baimen-ematea eta funtzionamendua ere, baldin eta beren eremua Euskal Autonomia Erkidegora mugatzen bada.

Enpleguaren sustapen eta babesa

Akordio honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak bere gain hartuko ditu honako hauek: enpleguko politika aktiboak, xede horretarako dirulaguntza publikoak ematea, desgaitasunen bat duten pertsonen lan-merkaturatzea, enplegu-zentro bereziei buruzko kalifikazioa, bai eta lantegi-eskoletako, lanbide-etxeetako eta enplegu- lantegietako programak betearaztea ere. Enpleguaren sustapen eta babesaren barruan, kontrataziorako pizgarriak ere eskualdatzen dira, gizarte-kuotetarako hobarien araubidearen bitartez, Estatuko legedian aurreikusitakoaren arabera, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten lantokietako langileei buruzkoak, bai eta autonomoei buruzkoak. Gizarte Segurantzaren printzipioak aplikatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoak hobari horien kostua konpentsatuko dio Gizarte Segurantzari.

Enplegurako lanbide-prestakuntza

Lantegi-eskolen, lanbide-etxeen eta enplegu-lantegien sorrera eta zuzendaritza eskualdatzen da, bai eta kasuan kasuko profesionaltasuneko ziurtagiriak homologatzea eta ematea ere. Erkidegoak, era berean, bere gain hartzen ditu enplegurik gabeko langileentzako eta landunentzako eskaintzaren prestakuntzako programak, eta prestakuntza-enpleguko programa publikoak. Eskualdatu egingo da, era berean, enpresei lanbide-prestakuntzako kuotetan hobarien bidez finantzatzen zaien eskariko prestakuntzaren segimendua. Hobari horiek, izan ere, euskal erkidegoan egoitza duten lantokien arabera aplikatzen zaizkie enpresei, eta Estatuak konpentsatuko du hobari horien kostua.

ZEHATZEKO AHALA

Euskal erkidegoak, orobat, bere gain hartzen ditu enpresaburuen eta langileen eginbeharrak betetzeari buruzko eginkizun beterazleak, bai eta, behar izanez gero, enpleguaren arloko zehatzeko ahala ere, Estatuko legediak ezartzen dituen baldintzetan. Era berean, kuotetarako hobariak jasotzen dituzten jardueren egiaztapena gauzatuko du, zehazteko eskumena Estatuko Administrazio Orokorrak egikaritu ahal izan dezan. Eskualdatze horri dagokionez, bi administrazioek informazioa elkartrukatzeko eta lankidetzan jarduteko sistema iraunkor bat ezarriko dute, eta lan-merkatua hobeto ezagutzera bideratuko da. Sistema horrek, era berean, eskaintzen eta eskarien konpentsazioa ziurtatu beharko du bulegoen artean, bai eta beste printzipio batzuk ere (eskubideen berdintasuna, zirkulazio askea, bereizkeriarik eza, Estatuko lurralde osoan lan egiteko eskubidea).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria, Manuel Chaves