Eu

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Safer Internet Day Lehiaketaren II. edizioa sustatu du

2017.eko otsailak 07

-        Eusko Jaurlaritzak, oraingoan ere, Europako Batzordeak sustatutako jardunaldi honekin bat egin du; jardunaldi horren bidez, adingabeen babesa sustatu nahi da, Interneten mehatxuen aurrean.

-        Pasa den urtean, 42 ikastetxek eta astialdiko taldek parte hartu zuten lehen edizioan.

-        Lehiaketak parte-hartze kolektiboa sustatzen du eta ikasleek Internetez egiten duten erabilerari buruz hausnartzera animatzen du

Vitoria-Gasteiz, 2017/02/07

Eusko Jaurlaritzak, oraingoan ere, Europako Batzordeak sustatutako Safer Internet Day-arekin bat egin du; jardunaldi horren bidez, Interneten eta teknologia berrien erabilera arduratsua eta segurua sustatu nahi da, batik bat ume eta nerabeen artean. Safer Internet Day-a urtero egiten da, bigarren hileko bigarren asteko bigarren egunean. Alegia, otsaileko bigarren asteartean; 2017. urte honetan, gaur, otsailaren 7an.

Pasa den urtean egin bezala, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ikus-entzunezko lehiaketa antolatu du, haur eta nerabeen artean. Safer Internet Day lehiaketaren bigarren edizioa izango da. Lehiaketa Lehen Hezkuntzako 3. mailaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailaren arteko mailaren batean ikasten ari diren adingabeei zuzentzen zaie, heldu baten laguntzarekin. Helburua da Interneten erabilera segurua eta arduratsua sustatzea gazteenen artean, eta, horretarako, ikus-entzunezkoak sortzea, “Izan aldaketaren partaide: Internet seguruago egiteko batu gara!” lemapean.

Lehiaketak parte-hartze kolektiboa sustatzen du. Merkataritza-zentroek parte har dezakete, ikasgelek eta/edo astialdiko taldeek, gehienez 25 pertsonako taldeetan. Iaz, lehenengo edizioa egin zen, eta 42 ikastetxek eta astialdiko taldek parte hartu zuten. 2016an bezala, amaieran gala bat egingo da, parte-hartzaile adingabe guztiekin, eta sari-banaketa egingo da, Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan, Gasteizen, maiatzaren 19an.

Edozein arte-adierazpen edo -diziplina onartuko da (musika, antzerkia, dantza, performancea, mannequin challenge-a…), baina, betiere, ikus-entzunezko formatuan aurkeztu beharko da (irudiak eta soinua). Proiektuek, gehienez, 2:30 minutu iraungo dute. Bi kategoria egongo dira: Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailen arteko adingabeentzako kategoria; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 4. mailen arteko adingabeentzako kategoria.

Lehiaketaren azken helburua da ikasleek Interneten, gailu mugikorren eta gizarte-sareen inguruan egiten duten erabilerari buruzko hausnarketa sustatzea eta ikus-entzunezko labur batean Interneterako jardunbide egokiak biltzea. Hori dela eta, kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezua baloratuko da, hausnarketak egiteko gaitasuna, hizkuntzaren erabilera eta berdintasunean oinarritzen den parte-hartzea, bai eta aurkeztutako proposamenaren orijinaltasuna ere.

Gaur, asteartea, Safer Internet Day-aren egun berean, epea ireki da izena emateko, eta epea zabalik egongo da, apirilaren 26ra arte. Ikus-entzunezko proiektuak Youtubera igo beharko dira, lehiaketaren epean, eta, gainera, parte hartzen duten taldeek beren datuak honako helbide elektroniko honetara bidali beharko dituzte: saferinternetday@euskadi.eus. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Youtube kanala sortu du (SAFERINTERNETDAY EUSKADI) eta, bertan, aurkeztutako proiektu guztiak jasoko dira. Oinarriak hemen: www.euskadi.eus/zeukesan.

Internet seguruaren erabilera sustatzea

Lehiaketa honez gainera, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hainbat urte daramatza Interneten mehatxuen aurrean adingabeen babesa sustatzeko ekimenak bultzatzen: egON LINE izeneko gida pedagogikoa jarri da martxan, hezkuntza lantzeko teknologia berrietan DBHko 1. eta 2. mailetako ikasgeletan; eta gida bat argitaratu da, “Internet eta Teknologia Berriak. Hitz egingo dugu familiartean?”. Gida horretan, oinarrizko urratsak ematen zaizkie gurasoei, seme-alabak teknologia berrien erabilera arduratsuan eta seguruan hezteko orduan kontuan hartu beharreko alderdi batzuen inguruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak