Eusko Jaurlaritzak 2 milioi euro jarriko ditu 2017an Kamiñaldeko mendi hegala egonkortzeko larrialdi izaerako obrak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2017-02-07)
Gobernu Kontseiluak Ondarroako Udalari diru-laguntza zuzen eta aparteko hau ematea onartu du, haren ustez Kamiñaldeko mendi-hegala egonkortzeko obrak premiazkoak eta interes publiko orokorrekoak direlako, auzotarren ondarearentzat arriskua egoteagatik
Gobernu Kontseiluak 2 milioi euroko diru-laguntza zuzena onartu du gaur, Ondarroako Udalak 2017 honetan Kamiñaldeko mendi-hegalean ebakitako mendia egonkortzeko egiten ari diren larrialdi izaerako obrak finantzatzeko.
2016ko otsaileko euriteak, 200 milimetrotik gorako euri-pilaketarekin, mugimendu handia sortu zuen Ondarroako auzo horretan, eta lur- eta arroka-jausiak eragin zituen horrek, Kamiñalde eta San Inazio kaleetako etxebizitzetan kalte larriak eragin zituztenak. Harrezkero, larrialdi izaerako obrei ekin zaie zonan, ebakitako mendia egonkortzeko. Konplexutasun tekniko handiko obrak auzotarren ondare pertsonala zaintzeko. Horietako batzuek beren etxeak ere utzi behar izan dituzte luizi-arriskuaren aurrean.
Eusko Jaurlaritza jakitun da Ondarroako Udalak nekez egin diezaiokeela aurre obren kostuari bakarrik. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren ustez, interes publiko eta sozial nabariko jarduketa bat da. Izan ere, pertsona desalojatuak daude eta horien ondare pertsonala arriskuan dago. Beraz, gaur, hura finantzatzen laguntzea erabaki du 2017an 2 milioi euro jarrita.
BESTE LAGUNTZA BATZUK
Gobernu Kontseiluak gaur onartutako 2 milioi euro hauek, Eusko Jaurlaritzak 2016an zehar Ondarroako egoeraren larritasunagatik emandako laguntza bereziei gehitzen zaizkie:
- 618.000€ etxebizitzengatik, auzotar kaltetuak berralojatzeko.
- 240.000€ Gizarte Zerbitzuen arloak emandako laguntzengatik.
- 60.000€ luiziak kaltetutako tokiko dendei emandako laguntzengatik.