Eu

Eusko Jaurlaritzak Energiaren Efizientzia eta Mugikortasun Iraunkorraren eremuko neurriak izango ditu oinarri, etxe, enpresa, garraio eta administrazioetan energia aurrezten laguntzeko

2017.eko otsailak 04
  • Tapia: Efizientzia gure “lehenengo energia” da, eta 2030 Euskal Estrategia Energetikoan lehentasuneko lan lerroa izango da.
  • Jaurlaritzak Mugikortasun Elektrikoaren Plana, Administrazioan Iraunkortasunaren Legea eta etxeetako potentzien kontratuak  berrikusteko tresnak garatuko ditu

Etxe, enpresa, garraio eta administrazioetan energia kontsumoa gutxitu eta kosteetan aurrezten lagunduko duten efizientzia neurriak  berehala ezartzeko eta eremu honetan kontzientziatzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzak.

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua egun hauetan Durangoko Landako Elkartegian egiten ari den Berdeago Energi Azokan izan da gaur. Bertan EEEk, Energiaren Euskal Erakundeak parte hartzen du hainbat informazio panel eta stand baten bidez.

Tapiak adierazi duenez, Euskadik 2030 Energia Estrategia du eta estrategia horrek, laburbilduz, dauzkagun baliabideen erabilera areagotzea, eta energia berriztagarri gehiago sortu eta erabiltzea du helburu, gasa izanik trantsiziorako erabiliko den energia.

Tapiaren esanetan “estrategia epe ertain eta luzerakoa da, eta lanean ari gara lortu nahi ditugun helburuetara iristeko, baina denbora eta inbertsioak beharko ditu. Edonola ere egungo errealitateak berehalako erantzunak eskatzen dizkigu, eta azken hamarkada hauetan egin dugun bezala, erantzunak ematen jarraitu behar dugu efizientzia energetikoaren bidez kosteak gutxitu eta energia kontsumoan aurrezten laguntzako”.

Horregatik azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren lanaren ardatz izango dela Energiaren Efizientzia bultzatzea enpresetan, prozesu industrialetan, mugikortasunean, etxeetan eta administrazioan aurreztu ahal izateko.

Testuinguru honetan, Arantxa Tapiak, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusiarekin, Iñigo Ansolarekin, EEEk 2016an lortutako hainbat emaitza azpimarratu nahi izan ditu, eta Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako hartu dituen konpromiso zehatzak zeintzuk diren azaldu du, besteak beste, efizientziaren aldeko inbertsioak laguntzeko finantziazio tresna berria, Mugikortasun Elektrikoari buruzko Legea, familiek euren kontsumoak errebisatu eta kontratatutako potentziak eguneratzeko tresna berrien eskaintza, Energiaren Iraunkortasunaren Legea, eta Taldekako Erosketa Sistema sortzea.

Sailburuak gaineratu du epe ertain-luzerako apustua energia iraunkorren sorkuntzaren alorrean egiten dela, eta horretarako badaudela ekimen teknologikoak itsasoko energia iraunkorretarako eta baita Biomasa eta Geotermiaren esparruetan ekimen errealak ere, baina efizientzia neurriak guztion esku daude eta orain artekoari jarraipena emanez, gaur eta bihar ere landu behar dira.

2016ko emaitzak eta Legegintzaldiko konpromisoak:

•        Enpresetan aurreztea: 2016an EEEtik 1.400 proiektu industrial lagundu ditugu, galdara aldaketak, argiztapen hobekuntzak, industria osagaien aldaketak, guztiak lagundu du energia kontsumoa gutxitzen, fakturaren zenbatekoa murrizten eta lehiakortasuna areagotzen.

Industrian efizientziaren inguruko inbertsioak laguntzeko finantziazio tresna berri bat aktibatu berri dugu.

•        Mugikortasunean aurreztea: Mugikortasun iraunkorraren aldeko apustuaren ondorioz, etorkizuneko garraio sistema planifikatu behar dugu, gutxiago kutsatuko duena petrolioaren eta haren eratorrien erabilera murriztuz.  

2016an: 40 ibilgailu berriren erosketan lagundu dugu, 38k gas naturala erabiltzen dute eta 2 autobus elektrikoak dira.

Garraio elektriko ezberdinak barne hartuko dituen Mugikortasun Elektrikoaren Plan Integrala egiteko konpromisoa hartu dugu.

•        Etxeak: Etxeetan efizientzian lagunduko duten ohitura eta praktikak barneratzen ere lagundu nahi dugu

EEEk 2016an energia kalifikazio goreneko 14.000 etxetresna elektrikoak berritzen lagundu zuen, berrikuntza honen onuren inguruko kontzientziazioa sustatuz.   

Eskoletan informazioa areagotu nahi dugu, formazio guneetan ekintza dibulgatzaile berriak eginez.

Familiek kontratatuta dituzten potentziak errebisatu eta eguneratu ahal izan ditzaten tresna berriak lantzen ari gara, honela, beharrezkoa duten energia bakarrik kontratatu eta behar ez dutena ordain ez dezaten.

•        Administrazioa: eta Jaurlaritzatik, aurreztearen eta efizientziaren aldeko konpromisoa hartzen dugu, jarrera arduratsu eta eredugarriarekin.  

Iraunkortasun Energetikoaren dekretua dugu, eta 3 urteren buruan erakin eta instalazio guztietan auditoria energetikoa egin nahi dugu, eta dagokion Energia Efizientziaren Ziurtagiria izan dezaten. 

Iraunkortasun Energetikoaren Legea onartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta baita Taldekako Erosketa Sistema eratzekoa ere, alor publikoan kosteak murriztu ahal izateko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak