Eu

SANTA KLARAKO PASONIBELA KENTZEKO OBRAK DATORREN OTSAILAREN 13AN HASIKO DIRA

2017.eko otsailak 03
  • Alkatea eta ETSko teknikariak bizilagunekin elkartuko dira otsailaren 9an (osteguna) hemendik aurrera emango diren pausoak azaltzeko

Santa Klarako pasonibela kentzeko obrak datorren otsailaren 13an hasiko dira. Aurrez, Udalak bilera bat deitu du bizilagunei lan hauen inguruko azalpenak emateko, datorren otsailaren 9an (osteguna), 18.00etan, udalbatza aretoan. Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak eta Euskal Trenbide Sareako (ETS) teknikariek hemendik aurrera emango diren pausoak adieraziko dituzte. Hala, datorren osteguneko bileran obrak iraungo duten datozen 18 hilabeteetarako aurreikusitako lanen hasiera bateko plana azalduko dute eta besteak beste, kaleak nola itxiko diren, zamalanetako gunean zein eragin izango duten eta egun obrak egingo diren gunean dauden hondakinen edukiontzien inguruan hitz egingo dute.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura saileko erakundeak pasa den abenduan esleitu zizkion Santa Klarako pasonibela kentzeko obrak Construcciones Zubieder S.L., Construcciones Mariezcurrena S.L., ECISA, compañía general de construcciones S.A. enpresek osatutako UTEari, Eusko Jaurlaritzak osorik ordainduko duen 1.933.815,28 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Pasonibel hau trenbide azpitik joango den beste pasabide bategatik ordezkatuko da. Aurreikusitako jarduketa horren barruan hormigoi armatuzko kaxoi bat egingo da, azpialdeko igarobidea gauzatzeko. San Frantzisko eta Santa Klara kaleen egungo kotaren eta proiektaturiko kaxoiaren beheko kotaren artean sortzen den maila aldaketa gainditzeko, arrapala eta eskailera soluzio konbinatua planteatzen da. Arrapala horien bitartez, sarbidea mugikortasun urria duten pertsonentzat guztiz irisgarria izatea bilatzen da. Horrez gain, San Frantzisko kaleko sarbidetik bi eskailera tarte eraikitzea planteatzen da, Geltoki eta Herrikobarra kaleetara zuzenago irten ahal izateko. Azkenik, une honetan dagoen trenbide pasagunea seinaleztatzen duten elementuak kendu eta egungo pasagunea itxi egingo da.

Bidea 18 hilabetez itxita

Obrak irauten duten bitartean bidea itxi egingo da eta erabiltzaileek, beraz, ezingo dute gune honetatik igaro Alde Zaharrera iristeko. Ordezko bide gisa Bizkaia kalea erabili beharko da 18 hilabetetan. Halaber, obrarako biltegia Astazubi plazan jarriko da eta lanetarako etxolak Salberdingo parkingeko zati batean jarriko dira. Bitartean, aste honetan bertan, otsailaren 1ean (asteazkena), ETSk kontratatutako ingeniaritza obrak egingo diren lekutik gertu dauden eraikinen azterketa teknikoak egiten hasi da.

Obrak egingo dituen UTEak komunikatzaile bat izango du lanen gunean bertan izango den informazio puntuan lanean, bizilagunen kezkak eta zalantzak argitzeko. Zentzu  honetan, alkateak barkamena eta ulermena eskatu du obrek eragin ditzaketen eragozpenengatik eta epe luzeko obra handi hau “legealdiko proiektu estrategietako bat” dela adierazi du, zarauztarron bizitza kalitatea eta mugikortasuna hobetuko duelako.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du obra osoa, hiriguneetan dauden eta trafiko intentsitate handia jasaten duten trenbide pasaguneak pixkanaka kentzeko Euskal Trenbide Sareak aurrera daraman politikaren baitan. “Gaur egun ehunka lagunek gurutzatzen dute egunero pasonibela arrisku handiarekin eta hori ekidin behar dugu. Zoritxarrez, hildakoak eta zauritu larriak ere izan ditugu. Horrelakorik berriro ez gertatzeko, Gobernura iritsi ginenetik lanean aritu gara proiektu hau aurrera ateratzeko. Eskaera historikoa da eta zentzu honetan, errealitate bihurtzeko Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera ona eta inplikazioa eskertu nahi dut”, nabarmendu du Txurrukak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak