Berriak Segurtasuna

Segurtasun Sailak haizearen ondoriozko alerta laranja aktibatu du biharko eta etzirako, ostiralerako eta larunbaterako

2017-02-02
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haizearen ondoriozko alerta laranja aktibatu du biharko eta etzirako, ostiralerako eta larunbaterako. Astelehenetik, hilaren 6tik, aurrera, denboralea arintzen hasiko da segur aski, baina ziurgabetasuna handia da oraindik.
 

Haizeari dagokionez, egunik zailena ostirala, hilaren 3a, izango da. Haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izan daitezke mendebaldeko mendi-inguruetan. Haizetsuak ez diren zonetan ere haize-boladak oso zakarrak izan daitezke; izatez, 80-90 km/h-tik gorakoak izan daitezke goizaldean eta lehen orduetan (batez ere mendebaldean) eta 100 km/h-tik gorakoak izan daitezke gauean eta larunbateko, hilaren 4ko, goizaldeko lehen orduetan.

Laburbilduta, haizeari dagokionez unerik kritikoena izango da ostiralean, hilaren 3an, gauean eta larunbatean, hilaren 4an, goizaldean. Une horietan, hego-mendebaldeko haize zakarra izango da, eta mendebaldeko haizea izatera pasako da. Une horretan, haize-boladak 120 km/h-koak izan daitezke haize-begietan, eta baliteke 100 km/h-tik gorakoak izatea haizetsuak ez diren zonetan.

Itsas denboralea

Bestalde, Segurtasun  Sailak nabigaziorako abisu horia aktibatu du gaurko, osteguneko, 21:00etatik larunbateko 12:00etara, eta kostako inpaktuaren ondoriozko abisu horia biharko, ostiraleko, 7:00etatik 10:00etara bitartean.

Euskalmeten pronostikoen arabera, itsasoaren egoerak okerrera egingo du nabarmen ostiraletik, hilaren 3tik, aurrera. Mendebaldeko haize zakarra izango da, eta olatuak 4-5 metro ingurukoak izango dira ia egun osoan, batez ere hondoko itsasoaren ondorioz eta olatu arteko tartearen ondorioz —nagusiki egunaren lehen erdian—.

Horrenbestez, eta marea biziak ez badira ere, eguneko lehen itsasgorarekin nolabaiteko inpaktua izan daiteke kostaldean. Era berean, kontuan izan behar da olatu mota horrek korronteak sor ditzakeela, portuetan ura nahas dezakeela eta pasealekuetan eta malekoietan zipriztintzeak eragin ditzakeela. Itsasoan egoera txarra izan daiteke, halaber, larunbatean, hilaren 4an, eta igandean, hilaren 5ean. Mendebaldeko haize zakarrak 5 metrotik gorako ipar-mendebaldeko itsaso konbinatua eragin dezake larunbatean, hilaren 4an, eta 5 metrotik gorako itsaso konbinatua igandean, hilaren 5ean.

Gure lurraldean eragina izango duten borrasken parametroetako batzuen ziurgabetasuna kontuan izanik, haizearen eta olatuen balioak nabarmen alda daitezke hurrengo pronostiko eguneratuetan. Hori dela eta, arreta jarri beharko zaie meteorologia-abisuei.

Gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gomendio hauek egiten dizkie herritarrei:

Ateak itxi, eta irmotu leihoak eta olanak.

Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.

Urrundu erlaitzetatik, harresietatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan izatean.

Irmotu aldamioak, garabiak eta bestelako obra-elementuak.

Saihestu errepidean zeharreko joan-etorriak, eta, nahitaez ibilgailua hartu behar izanez gero, kontu handiz ibili.

Urrundu haize zakarren ondorioz sor daitezkeen olatuen eta mareen eraginpeko lekuetatik.

Ez erabili itsasontzirik, eta berrikusi itsasontzien amarrak. Ez egin, inola ere, uretako kirolik.

Larrialdi kasuan, deitu 112 telefonora

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan