Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2017/02/3)

2017.eko otsailak 03

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.


1. Galdera, Miren Josune Gorospe Elezkano Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, aurrekontu-lehentasunei buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak otsailaren 21ean onartuko duen Aurrekontuen Lege Proiektuaren lehentasunetako bat dela langabezia-tasa % 10etik beherakoa izatea eta 20.000 gazteri lehenengo lan-esperientzia eskaintzea. Esan du, hori lortzeko, Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren susperraldiaren eta enpleguaren aldeko esparru programa onartuko duela, eta programak 8.600 milioi euro izango dituela 2020ra arte. Lehendakariaren esanetan, hazkunde jasangarrian eta enplegua sortzen laguntzeko Euskadin garatutako programarik “handinahiko eta osoena” da.

Urkulluk gogora ekarri du Euskadi “hazten ari den herria” dela (2016ko ekitaldi ekonomikoa ixtean hazkundea % 3,1ekoa zen), eta Eusko Jaurlaritzak “joera hori sendotzeko” hartuta duen konpromisoa berretsi du. Horretarako, ziurtatu du “eskua luzatuta” duela ahalegin guztiak hazten jarraitzera eta enplegua sortzeko bidea finkatzera bideratzeko.  

2. Galdera, Oihana Etxebarrieta Legrand EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, haurrek pairatutako sexu-abusuen aurrean "neurriak Elizari hartzea dagokiola" esateari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du adingabeek jasandako sexu-abusuak “erabat” gaitzesten dituela, bai Elizaren baitan gertatutakoak bai beste edozein erakundetan gertatutakoak. Esan du Eusko Jaurlaritzak bere esku dagoen guztia egingo duela biktimei babesa eskaintzeko, eta, alde horretatik, Exekutiboa gauzatzen ari den hainbat jarduera aipatu ditu, besteak beste, haurrei eta nerabeei arreta emateko telefonoa, ikastetxeetako prebentzio- eta arreta-protokoloa eta Emakunderen BeldurBarik programa.

Elizan gertatutako abusuei dagokienez, Urkulluk berretsi du ez dela arazo “pribatua”, “publikoa” baizik, eta Eusko Jaurlaritzari, beraz, biktimen eskubideak bermatzea eta era horretarako egoeretan prebentzioa hobetzeko behar diren neurriak hartzea dagokiola.

3. Galdera, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Elizarekin lotutako pederastia-kasuei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak gogora ekarri du Fiskaltzak jadanik agindu duela abian jarriko duela adingabeen aurkako sexu-abusuetan bikario ohiaren erantzukizunak ezartzeko ikerketa, eta, alde horretatik, ziurtatu du “errespetatzen” duela gertatutakoa auzitegietan ikertzeko erabakia. “Ikerketa errespetatzea dagokigu Eusko Jaurlaritzak prozesu judizialean hartuko duen jarrerari buruzko ekimen bat abian jarri aurretik”, adierazi du.

Lehendakariak, bestalde, biktimek anonimo izaten jarraitzeko duten eskubidea errespetatzen duela esan du, nahiz eta Eusko Jaurlaritza prest dagoen haiekin elkartzeko haiek eskatzen badute. Nolanahi ere, Urkulluk berretsi du Eusko Jaurlaritzak gaitzetsi egiten duela, eta programa espezifikoen bitartez laguntzen eta prebentzioaren arloan lanean jarraitzeko konpromisoa azpimarratu du berriz. “Gure helburua da halakorik berriz ere inoiz ez gertatzea”, erantsi du.  
 
5. Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, presidente autonomikoen konferentziara ez joatearekin lehendakariak erantzukizun instituzionalak alde batera uzteari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak aldeztu du Estatuarekin aldebiko akordioa eta gizarte-elkarrizketa sustatu behar direla Euskadiko agendan dauden gaiei heltzeko, besteak beste, Gernikako Estatutua betetzeari, Autogobernua eguneratu eta sakontzeari eta Kupoaren likidazioari. Gogoratu du “estatu-gai horiek” bost aldiz planteatu zizkiola Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoyri aurreko legealdian, eta esan du ez zuela erantzunik jaso. 

Presidenteen Batzarrari dagokionez, lehendakariak gogoratu du erabaki horrekin, nolabait ere, “gogoratu eta nabarmendu” ahal izan dela Euskadiko Autogobernuaren berezitasuna, eta behar bezala arrazoitu zuela Rajoy presidenteari bidali zion gutunean.  Hala ere, Urkulluk adierazi du erabat errespetatzen duela batzar hori, eta berretsi du foro sektorialetan parte hartzen jarraitzeko prest dagoela oso argi duelako aldebiko harremana “positiboa” dela Autogobernurako eta herritarren ongizaterako. 
 
7. Interpelazioa, Tinixara Guanche Suárez Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, "San Egidio Komunitatearekiko harremanak sendotzeko eta horrek 'korridore humanitarioekin' egiten duen lana ezagutzeko", lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza batekin Erromara egindako bidaiari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez beharrezkoa da “benetako lankidetza-esparru” bat sortzea gerratik ihesi Europara iristen ari diren errefuxiatuekin sortu den “ezohiko” egoerari aurre egiteko. Alde horretatik, esan du Eusko Jaurlaritza bi proposamen zehatz ari dela lantzen: pertsona errefuxiatuak hartzeko sistema arrunta indartze-sistema osagarri baten bidez areagotzea eta esperientzia pilotu bat abian jartzea Euskadin korridore humanitarioen bidea garatzeko, Sant’Egidio Komunitatearen ereduari jarraituz.

Lehendakariak esan du proposamen horiek aurrez aurre aurkeztu zitzaizkiola Espainiako Gobernuari joan den urtarrilaren 25ean. Ekimenak foru-diputazioei, Eudeli, hiru hiriburuetako udalei eta pertsona errefuxiatuak hartzen eta integratzen lan egiten duten gizarte-erakundeei ere aurkeztu zaizkiela jakinarazi du. Urkulluk azaldu du “berehalako” helburu operatiboa dela Espainiako Gobernuari jakinaraztea Euskadi zenbat pertsona hartzeko prest dagoen datozen bi urteotan, era horretara pertsona horiek “kokatzeko eta lekukotzeko hartutako konpromisoei, behintzat, erantzun ahal izateko”. 

9. Interpelazioa, Miren Larrion Ruiz de Gauna EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, egungo marko juridiko-politikoaren mugen kudeaketa soiletik harago joateko Jaurlaritzak dituen asmoei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak oinarri duen akordioan azpimarratzen dela lehentasuna duela “Autogobernu gehiago eta hobea” lortzeak, eta Exekutiboak lehentasun hori “irmo” defendatuko duela “Estatuaren birzentralizazio nahiaren” aurrean. Azpimarratu du bide horretan ez garela hutsetik abiatzen, eta lortutako Autogobernua defendatzea dagokigula. “Horixe ari gara egiaztatzen Legebiltzar honek onartu dituen eta Espainiako Gobernuak behin eta berriz errekurtsoa jarri dien legeak defendatzean”, erantsi du.  

Urkulluk ziurtatu du orain helburua dela euskal Autogobernuan aurrera jarraitzea eta lortutakoa sakontzea, Autogobernua Estatuko errealitate plurinazionalera nahiz Europako errealitate berrira egokitzea, eta, alde horretatik, “jauzi kualitatiboa” emateko aukera dagoela adierazi du. Lehendakariak, beraz, azaldu du Eusko Jaurlaritza prest dagoela Eusko Legebiltzarrak Autogobernuaren etorkizunari buruz akordio anitza eta zabala lortzeko bere gain hartu duen erronkan parte hartzeko eta laguntzeko.   

10. Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, EAJko agintari batzuek Lopez Ruiz "Kubati" terroristarekin egindako bilerari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak begirune osoa adierazi die alderdi politikoek pertsonekin, erakundeekin eta elkarteekin egiten dituzten bilerei, eta “biktimen iritzia” ere errespetatzen duela adierazi du.

Urkulluren ustez “paradoxa” bat da PPk Memoriaren eta Bizikidetzaren Lantaldean hitz eta lan egin nahi ez izatea, baina gaiaren inguruan eztabaidatzeko eta liskarra sortzeko prest egotea. Alde horretatik, esan du sentitzen duela indarkeriari amaiera antolatua emateko bidean aurrera egiteko elkarrizketarako foro horretan parte ez hartzea erabaki izana. Horregatik guztiagatik, PPri bere erabakia hobeto pentsatzeko eskatu dio.  “Aurrera pausoa ematera eta gainerako alderdi politikoekin batera lantaldean lan egitera gonbidatzen ditut”, erantsi du. 

11. Galdera, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Bilboko biztanleria zibilaren gaineko bonbardaketa masiboetatik 80 urte betetzean, matxinatutako bandoko presoak hil ziren gertaera zehatz bat soilik hizpide izan zuten adierazpenei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi du Memoria Historikoa Eusko Jaurlaritzaren konpromiso bat dela, eta halaxe izango dela aurrerantzean ere, “memoria guztia pertsona guztientzat” premisa oinarri hartuta. Gogoratu du 2014ko azaroan onartu zuela Exekutiboak Memoria Historikoaren arloko Lehentasunen Oinarri Programa, eta bertan jasota daudela, besteak beste, Desagerrarazitako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko euskal plana, Frankismoan urratutako giza eskubideen oinarri-txostena eta Duintasunaren Kolunbarioa. Adierazi du jarduera horiek gauzatu direla jadanik.

Urkulluk esan du Memoria Historikoa aitortzeko eta altxamendu faxista eta Frankismoaren krimenak salatzeko era guztietako ekitaldietan parte hartu duela eta parte hartzen jarraituko duela. 

12. Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Enplegu eta Lan sailak bateratzeari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritza osoaren lehentasuna dela enplegua, eta bi sailek, beste batzuek bezala, gai honetan “elkarrekin lan egiteko espazioak” dituztela nolabaiteko “abantailaz” jokatzeko 2020 baino lehen langabezia % 10etik beherakoa izateko helburuari begira.  

Urkulluk gogoratu du aurreko legealdietan ere izan direla “antzeko egoerak”, eta erlazionaturiko gaiak eta eginkizunak sail ezberdinei atxikita egon izan direla lehenago ere. “Garrantzitsuena elkarlanerako gogoa da, lehentasunak asumitzea eta Gobernuak organo kolegiatu moduan funtzionatzea, eta ziurtatzen dizut hori bermatuta dagoela, bereziki enpleguaren kasuan”. 

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Open_Govern
    2017.eko otsailak 03

    Comentario de Twitter:
    [VÍDEO] Pleno de Control (03/02/2017). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentarios https://t.co/mRwkKs6eXu

  • @ConsejeroD7
    2017.eko otsailak 03

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: [VÍDEO] Pleno de Control (03/02/2017). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentar… https://t.co/VJD6F9nQpX

  • @ConsejeroD7
    2017.eko otsailak 03

    Comentario de Twitter:
    Irekia: [VÍDEO] Pleno de Control (03/02/2017). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentari… https://t.co/VJD6F9nQpX

  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko otsailak 03

    Comentario de Twitter:
    Irekia: [VÍDEO] Pleno de Control (03/02/2017). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentari… https://t.co/CkRVw0CmRU

  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko otsailak 03

    Comentario de Twitter:
    Gob_eus: [VÍDEO] Pleno de Control (03/02/2017). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentar… https://t.co/CkRVw0CmRU

Ekitaldiko kargudunak