Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko “lankidetza-fase berri bat” zabaldu dela ziurtatu du

2017.eko otsailak 01

Urkullu Lehendakaria gaur elkartu da sortu berria den Iparraldeko Hirigune Elkargoaren presidente Jean-René Etchegarayrekin, eta “elkarren intereseko espazioetan” elkarlanean jarduteko Eusko Jaurlaritzaren borondatea erakutsi du

Iñigo Urkullu lehendakaria Iparraldeko Hirigune Elkargoaren presidente Jean-René Etchegarayrekin elkartu da gaur Baionan, eta Eusko Jaurlaritzak erakunde berriari eskaintzen dion babesa sinbolizatu nahi izan du. Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza izan da lehendakariarekin Baionan, eta bertan lehendakariak azpimarratu du Herri Elkargoa eratzearekin Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko “lankidetza-fase berri” bat zabaldu dela, eta, aldi berean, “bien intereseko espazioetan” elkarlanean jarduteko borondatea erakutsi du. 

Joan den hilaren 23an izendatu zuten Baionako alkatea Ipar Euskal Herriko Elkargoaren lehenengo presidente. Gaurko bileran Urkulluk aurrez aurre zoriondu nahi izan du Eusko Jaurlaritzaren izenean bere izendapenarengatik, eta, bide batez, elkarlanean jarduteko borondatea helarazi dio erakundeak bere gain hartzen dituen berezko eskumenetan: ekonomia, lurralde-antolamendua, garraioa, ingurumena, kultura eta hizkuntza eta pertsonei zuzendutako zerbitzuak (kirolak, adinekoak, haurrak eta gazteria). 

Lankidetza ez da hutsetik abiatuko. Lehendakariak gogora ekarri du hor daudela Pirinioez Gaindiko Konferentzia Atlantikoaren, Arku Atlantikoko Batzordearen eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen ibilbidea eta esperientzia ere, nahiz eta une hauetan “iparra-hegoa lankidetza-fase berria” zabaldu den. Urkulluren esanetan, ilusioa sortzen duen aldi berri honek Iparraldeko Herri Elkargoak bere gain hartu dituen eskumenak “sakontzea” ahalbidetuko du, herritarren onerako izateko “helburu partekatuarekin”. 

Iparraldeko Herri Elkargoa 2017ko urtarrilaren 1ean jarri zen martxan. Frantzian eratutako lehenengo euskal erakunde politikoa da, eta Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako egungo hamar mankomunitateak batzen ditu eta baliabide eta eskumen propioak ematen dizkie. Guztira 158 udalerritako 300.000 biztanle hartzen ditu bere baitan, eta horien % 70 agertu ziren erakundea eratzearen alde.  

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2017.eko otsailak 01

    ¿Por qué no está la bandera de España?

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jean-René Etchegaray, Pte Comunidad de Iparralde