Berriak Osasuna
qrcode

Euskadiko 190.000 familia PADIren eskutitzak jasotzen ari dira seme-alaben aho-hortzen urteko azterketa egiteko

2017-01-30

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak seme-alaben hortz gaitzen prebentziorako programan parte hartzera animatu ditu familiak 

2016an, 7 urtetik 15 urte arteko 190.618 haurretatik 127.346k erabili zuten PADI eta, beraz, 1990ean ezarri zenetik, arreta jasotako kopuru handiena da 

Euskadiko haurren hortz osasuna nabarmen hobetu da Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hortz gaitzen prebentziorako politikarengatik, eta herrialde garatuetako onenen artean dago, baita Estatuko rankingeko lehendabiziko postuan ere

 

Egun hauetan, 7 eta 15 urte arteko adin gutxikoak dituzten 190.000 familiak Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren (PADI deitutakoaren) eskutitzak jasotzen ari dira etxean, Osasun Sailak eta Osakidetzak bidalita,  Euskadiko haurren aho-hortzen osasunerako urteroko azterketa egiteko. Osasun Sailak urtero jartzen du martxan neurri hori Euskadiko haurren aho-hortzen osasuna hobetzeko eta, etorkizunean, ondorio oso onuragarriak izan ditzake herritarren osasun egoera orokorrean. 

2016an, prebentzioko arreta programak 127.346 haur artatu zituen parte hartzera gonbidatutako guztizko190.618 gonbidatuetatik eta, beraz, 1990ean ezarri zenetik, arreta jasotako kopuru handiena da, % 66,81eko estalduraz, azken hamarkadan mantendutako egonkortasunarekin bat etorriz.

2016ko balantzetik ateratako datuen arabera, 15 urteko haurren % 92,2k PADI erabili dute behin gutxienez 7 urtetik.  Batezbestekoa aukerako 9tatik 6.4 bisita izan da eta, laurden bat baino gehiago (% 28,9) PADIko dentistetara joan zen estaldurako ekitaldi guztietan. 

Hurrengo urteetara begira, Jon Darpón Osasuneko sailburuak adierazi duenez, “helburua da PADIren egungo portzentajea handitzea eta, bereziki, gizarteko talde babesgabeenek eskuratu ahal izatea. Horretarako, PADIren erabilgarritasunaz Euskadiko familiak kontzientziatzeko kanpainiak egingo ditugu; izan ere, aho-hortzen osasuneko prebentziorako eta txantxarraren eta beste arazo batzuen aurretiazko tratamendurako, beharrezkoa da urtero azterketa bat egitea”.

PADIren asistentzia bitartekoetan 103 udalerritako 1.046 dentista daude, Osakidetzako kontsulta espezializatuez gain, eta urteroko hortz-haginen azterketak eskaintzen dituzte, baita prebentzioko jarduerak zein hortzeria iraunkorrerako beharrezkoak diren konpontze tratamenduak biltzen ere (artekak zeilatzea, txantxarren eta traumatismoen buxadura). Adibidez, iaz, programaren bitartez, 127.346 azterketa, 17.689 zigilatzaile, 20.590 buxadura, 1.302 erauzketa eta hortz-mamiko 460 tratamendu egin ziren.Arreta jasotako haur guztien artean, % 93,5ek dentista kontzertatuen arreta jaso dute, eta Osasun Sailak egindako inbertsioa 5.175.590 euro izan zen.

Euskadiko haurren hortz asistentziarako programa aitzindaria izan zen Estatu osoan, eta bere ezaugarria beti izan da Eusko Jaurlaritzaren babesa izan duen aho-hortzeko gaitzen prebentzio programa bat izatea.Emandako asistentziaren ondorioz, Euskadiko haurren hortz osasuna nabarmen hobetu da Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hortz gaitzen prebentziorako politikarengatik eta, egun, herrialde garatuetako onenen artean dago, baita Estatuko rankingeko lehendabiziko postuan ere.

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 30

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko