Eu

Eusko Jaurlaritzaren, udalen eta ADIFen lan taldeek euskal hiriburuetako AHTaren sarbide eta estazioen soluzioak adostu dituzte

2017.eko urtarrilak 26
  • Hiru hirietarako proposamenek arrazionaltasun eta funtzionaltasuneko irizpideak lehenesten dituzte, XXI. mendeko prestazio handiko sare baterako prestatutako azpiegitura eta geltokiekin.
  • Bilbon lurperatze osoa nabarmentzen da,  Donostian intermodalitatea Tabakaleraren inguruan, eta Gasteizen behin betiko jarduketa.
  • Hurrengo pausua Iñigo De la Serna ministroak, Arantxa Tapia sailburuak eta euskal hiriburuetako alkateek proiektuak definitu eta berrestea izango da.

Eusko Jaurlaritzako, Eusko Trenbide Sareko (EJren sozietate publikoa) eta Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizeko udaletako teknikariak gaur arratsaldean bildu dira ADIFeko ordezkariekin Euskadiko abiadura handiko sarbide eta geltokien proiektuen proposamen teknikoak aztertzeko.

Euskal ordezkaritzak Madrilen aurkeztu eta ADIFekin kontrastatu ditu hiru hiriburuei dagozkien proposamenak. Hiru proiektuek geltoki eta azpiegituren arrazionaltasun eta funtzionaltasuneko irizpidea dute, edozein alderdiren gainetik.

Prestazio handiko trenbide-sare baterako azpiegiturak (geltokiak) dira, Europaz gaindiko sare bat, Europaren erdialdeko hiri nagusiekin zuzeneko konexioak ahalbidetuko dituena.

Azpiegitura funtzionalak XXI. mendeko geltokiekin

Adostutako soluzioek ahalik eta funtzionaltasun handiena bilatzen dute, garraio-zerbitzu publiko on bat emateko, hori baita lortu nahi den azken helburua. Zerbitzu publiko eraginkorra, segurua eta kalitatezkoa.

XXI. mendeko geltokiak proposatzen dira, egungoak ordezteko; izan ere, denboran zehar berritu eta modernizatu diren arren, XIX. mendean diseinatu eta eraiki ziren.

Proposatutako soluzioek behar ez diren elementu arkitektonikoak eta elementu bitxiak saihesten dituzte, eta kontuan hartzen dituzte eraikuntza-elementu funtzionalak, elkarrekintza atsegina hirien eta pertsonen irisgarritasun-premien artean eta zerbitzu publiko baten prestazioa bermatuz.

Hiriarentzat espazio urbano berriak ere badakartzate eta, aldi berean, leheneratu egiten dute hiriak proiektuen garapen harmoniko eta iraunkorraren alde irabazten duena.

Erakunde arteko adostasuna

Euskal ordezkaritzak eta ADIFek modu positiboan baloratzen dituzte soluzioen definizioan eman diren aurrerapausoak eta instituzio guztiek agertutako konpromiso eta inplikazioa, eta zain daude horiek berretsi ditzaten Sustapen Ministerioak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizeko Udalek.

Bilbo-Abando

Osorik lurperatutako geltoki bat planteatzen da egungo trenbide-espazioen zati batean. Espazio horietako batzuk infraerabiliak daude.

Fasetan gauzatzea planteatzen da, horrela inbertsio-ahaleginaren erritmoa egokitzen da eta, beraz, eragiketak behar dituen karga finantzarioak modulatu eta lehen fasea amaitzeko aukera egongo da abiadura handia zerbitzuan jartzeko.

Planteatutako soluzioak etorkizunean trenbide-erabilerako lursailak desafektatuko ditu, eta hiri-erabilerarako 90.294 m2-ko espazio bat berreskuratuko da. Hori erabakigarria da eragiketaren bideragarritasun finantzierorako, etorkizuneko hirigintza-aprobetxamenduen itzulkinak lurperatzeko obren eta geltoki berriaren finantzaketara lotuta. Ingurumen alorreko tramitazioari ekingo zaio honenbestez.

Eragiketa osoak berekin dakar, gainera, hiriaren eraldaketa urbano bat, Abando-Ibarrak ekarri duen prozesu eraldatzailearen parekoa. Duela mende eta erdi trenbidea iristea mugarri historikoa izan zen eta haren inguruan hazi eta garatu zen hiria, baina planteatutako eragiketa beste mugarri historiko bat da XXI. eta XXII. mendeetako hiriaren etorkizuneko garapenerako.

Donostia-San Sebastián

Sarbide guztiak eta geltokia egungo trenbide-trazaduraren inguruan garatzen dira.

Geltoki soluzioak intermodalitate hoberena bilatzen du autobus-geltokiarekin eta aldiriko eta ibilbide ertaineko trenbide-zerbitzuekin, garraiobide ezberdinen erabiltzaileen irisgarritasuna erraztuta.

Egungo geltokiarekin, autobus-geltokiarekin eta Tabakalerako eraikinarekin soluzio integratu bat osatzen da.

Halaber, nazioarteko zabalerarako sarbide-plataforma independente bat planteatzen da Astigarraga eta Atotxa artean, Martutene eta Loiola ingurunean espazioak libratuko dituena gainera.

Vitoria-Gasteiz

Gasteizko sarbideen, hiri-txertaketaren eta geltokiaren behin betiko soluzioa adostu da, eta gainera, behin-behineko egoerak ekiditen dira, horiei lotutako inbertsioa ez baita aprobetxagarria behin betiko egoeran. Soluzio honek definizio lan handiagoa eskatzen die inplikatuta dauden instituzio ezberdinei.

AHTren hiriratze eta konexiorako aukera ezberdinak daude mahai gainean, eta ezaugarri teknikoak eta ingurumenean izan dezaketen eragina kontutan hartuz egin beharko da aukeraketa. Soluzioak trenbide-sarearen lur-azpiratzea aurreikusten du hirigunearen erdialdean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak