Eu

Artolazabal: “Europako Batzordeak Gizarte Eskubideen Europako Oinarria zehazteko abiarazi duen fase honetan estatuz azpiko gobernuek ahalik eta gehien parte hartzeko aukera eman behar da”

2017.eko urtarrilak 26

-        “Geuk ematen ditugu gizarte-zerbitzurik gehienak: Euskadi eredu da Europar Batasunean gizarte-eskubideekin hartutako konpromisoan”

-        Europar Batasuna Gizarte Eskubideen Europako Oinarrirako hurrengo urratsak prestatzen ari da

-        “Herrialdeen eta eskualdeen eginkizuna garrantzi handikoa da gure inguruko gizarte-egoera eta jardueraren eta enpleguaren arloko joerak ondo asko ezagutzen ditugulako”

Vitoria-Gasteiz, 2017/01/26

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen esanetan “Euskadi eredu da Europar Batasunean gizartearen arloko eskubideekin hartuta duen konpromisoan.Prestazioak eskualdeek eta herrialdeek ematen dituzte, eta gakoetako bat gizarte-segurantza sistemak diren arren, Europar Batasunak Oinarriak zehazteko abiarazitako fase honetan estatuz azpiko gobernuek ahalik eta gehien parte hartzeko aukera eman behar da, eurek ematen baitituzte gizarte-zerbitzurik gehienak. Era horretara, hobeto baliatuko dira hainbat herrialdetan, besteak beste Euskadin, garatzen diren esperientzia eta jardunbide egokiak”. Europar Batasuna egun hauetan ari da zehazten Gizarte Eskubideen Europako Oinarria deiturikoa, eta horretarako aurkeztuko ditu martxoan jarduera-proposamen zehatzak.  

“Bermeen, hezkuntzaren, osasunaren eta etxebizitzaren arloko gure gizarte-politikak herrialde aurreratu batenak dira, beti zorrotza eta zuhurra den gure kudeaketari esker, eta hori erabateko sintonian dago Europako Batzordea garatzen ari den ekimen honekin”, adierazi du Artolazabalek. “Europar Batasuna sortu zen bake, demokrazia eta oparotasun eremu bat sortzeko, eta hiruretako bakar bat ere ez da posible bazterkeria badago eta gizartean arraila gero eta nabarmenagoa bada. Horregatik, gizarte-politikak pertsonetan, ekitatean eta aukera-berdintasunean egindako inbertsioa dira, eta esparru horretan Euskadi aurrendaria da Estatuan, eta Europako batez bestekoaren gainetik dago”.

Gurea bezalako herrialde eta eskualdeen eginkizuna garrantzi handikoa da, batez ere zehatz-mehatz ezagutzen ditugulako bai gure inguruko gizarte-egoera bai eta, bereziki, jardueraren eta enpleguaren arloko joerak”, azaldu du Artolazabalek. Sailburuak gogoratu du “nazioarteko adierazleek, besteak beste, giza garapenaren adierazleak, hain zuzen ere, gizarteek ekitatean eta gizarte-politiketan egiten duten ahalegina eta horien emaitza praktikoak neurtzen” dituztela. “Euskadi zortzigarren postuan dago mundu mailan, erreferentziako herrialdea da Garapenerako Nazio Batuen Programaren (PNUD) ranking honetan”, erantsi du.

EBko erakundeetako ordezkariak, gizarte-eragileak eta gizarte zibila, ministerioak eta Komisarioen elkargoko kideak, guztira 600 parte-hartzailetik gora, aritu dira eztabaidatzen Gizarte Eskubideen Europako Oinarriaren kontsulta publikoaren emaitzak.  

Juncker presidenteak 2015eko irailean ekimen honen berri eman zuenetik, luze eta zabal eztabaidatu da Gizarte Eskubideen Europako Oinarriaren edukia eta funtzioa, eta nola bermatu ekitatea eta justizia soziala Europan.  

Gailurreko Bilera

Jean-Claude Junckerrek jakinarazi du Suediarekin batera antolatuko duela «Enplegu Justuei eta Hazkundeari buruzko Gizarte Gaietako Gailurreko Bilera» 2017ko azaroaren 17an Gotembergen. “Nire aginte-aldiaren hasieratik utzi dut argi Europa sozialagoa nahi dudala. Lehenengo urratsak, garrantzizkoak, eman ditugu dagoeneko, eta aurtengo urtea funtsezkoa izango da”, adierazi du presidenteak. “Kontsulta publiko zabalaren ostean, iritsi da Gizarte Eskubideen Europako Oinarria zehazteko unea. Suediako Gizarte Gaietako Gailurreko Bilerak beharrezko bultzada ematen eta lehentasun sozialak behar duten lekuan, Europako agendaren buruan, jartzen lagunduko digu".

Europar Batasunaren arabera, “baldintza ekonomikoetan azkenaldian egindako hobekuntzak gorabehera, azken krisialdi ekonomiko eta sozial okerrenaren oihartzuna sakona izan da. Lan-mundua eta gure gizarteak oso azkar ari dira aldatzen, aukera berriak eta erronka berriak planteatzen ari den globalizazioaren, iraultza digitalaren, lan-eredu berri eta aldakorren eta bilakaera demografikoaren ondorioz”.

“Guztiok dugu Europa oparoagoa, etorkizunerako ongi prestatutako Europa eraikitzeko lanean jarraitzeko erantzukizuna eta interesa ekonomiaren bilakaera eta gizartearen bilakaera pare-parean joan daitezen. Europa sozialagoa eta justuagoa lortzea da Batzorde honen funtsezko lehentasunetako bat”, adierazi zuen Junckerrek Gizarte Eskubideen Europako Oinarria garatzeko zutarri gisa. 

2016ko martxoaren 8an aurkeztu zuten ekimenaren lehenengo zirriborroa Dombrovskis presidenteak eta Thyssen komisarioak. Oinarriak funtsezko hainbat printzipio ezarriko ditu behar bezala funtzionatuko duten gizarte-babeseko sistema ekitatiboak eta lan-merkatuak sustatzeko.  Erreferentzia-esparru moduan eratu da gizartearen eta enpleguaren arloetan parte hartzen duten estatu kideen emaitzak aztertzeko, nazioetako erreformak sustatzeko eta, zehazki, Europa osoan konbergentzia-prozesu berritu bat bideratzeko. 

Azaroko Gizarte Gaietako Gailurreko Bilerak Europan zehaztutako ekimenak eta lehentasun politikoak eztabaidatzeko eta Europar Batasunak gizartearen eta ekonomiaren arloan partekatzen dituen lehentasunak nola bete ditzakeen ikusteko aukera emango du.

#SocialSummit17

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak