Eu

Azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen titularrek zoruaren jabetza osoa eskura dezaten seigarren deialdia irekita dago (Gobernu Bilera 2017-01-24)

2017.eko urtarrilak 24

Gobernu Kontseiluak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Agindu bat onartu du, zeinak zoruaren jabetza osoa eta, honela, etxebizitzaren jabetza osoa eskuratzeko aukera ematen dien azalera-eskubidean eraikitako babes ofizialeko etxebizitzen zenbait titularri. Eusko Jaurlaritzak prozedura hau 2010. urtean martxan jarri zuenetik egiten den seigarren deialdia da eta merkataritza-lokal, garaje eta eraikinei atxikitako trastelekuen titularrei irekita dago.

Urte honetako lehen lauhilekoan zehar garatuko den seigarren deialdi honetan aurreko zenbait fasetan ere sartuta egon diren 19.386 eraikin sartu dira, bai eta gerokotasunarekin kalifikaturiko beste sei promozio ere, 837 higiezin zenbatzen dituztenak guztira etxebizitzak, trastelekuak eta garajeak zenbatuz gero. Aipatu promozioak Urkabustaizen (Araba), Leioan, Basaurin, Sopelan, Barakaldon eta Hernanin daude. Guztira, 20.223 higiezin sartuta daude deialdian.

Azalera-eskubidea edo behin-behineko jabetza Euskal Administrazioak prezio baxuko etxebizitza publikoak sustatzeko xedearekin iragan mendeko 80ko hamarkadatik aurrera erabili zuen formula bat da. Administrazioak etxebizitzaren eraikina hartzen duen zoruaren jabetza mantentzen du eta titularrak, aldiz, etxebizitza erabiltzeko eskubidea lortzen du 75 urterako. Epe hori amaituta Eusko Jaurlaritzak jabetza berreskuratuko luke eta titularrak aipatua erabiltzeko eskubidea galduko luke inolako kalte-ordainik jaso gabe.  Egoera horretan daude Euskadiko zoru publikoan eraikitako babes ofizialeko erregimen orokorreko eta erregimen bereziko etxebizitza-eraikin ugari.

Aipatu galera saihesteko, 2010en, 2011n eta 2012n orduko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak hiru operazio abiarazi zituen, azalera-eskubidean eraikitako babes ofizialeko etxebizitza, merkataritza-lokal eta atxikita ez dauden eranskinetako titular batzuek zoruaren jabetza eskuratzeko aukera izan zezaten. 2013ko azaroan, bestetik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak zorua saltzeko laugarren fase bat jarri zuen martxan, aurreko fasetan sarturiko higiezinen titularrak izan eta aipatu erosketa edozein arrazoirengatik egin ez zuten pertsonei zuzenduta. Bere berritasun nagusia zen ez ziela inolako mugarik zehazten higiezinetako titularren diru-sarrerei. 2015. urtean, aldiz, bosgarren salmenta-fase bat abiarazi zen 605 higiezin berri sartuz bertan.

Onartutako Aginduaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetza den zorua erosteko eta beren etxebizitzetako jabetza osoa eskuratzeko aukera dute azalera-eskubidean eraikitako babes ofizialeko etxebizitzetako titularrek, ordezko bizitokia izateko xedea zuten horiek salbu egungo titularrak bere garaian ostatu jaso zuten horiexek badira, ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Behin-behineko kalifikazioa duten etxebizitzen kasuan, beren titularrek behin betiko kalifikazioa eskatu beharko dute aldi berean.

Era berean, zorua erosteko aukera izango dute azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen titularrak aipatu etxebizitzek babes ofizialeko kalifikazioa galdu badute kalifikazio-epea amaitu ostean eta, aldi berean, aipatuen behin betiko kalifikazioa eskatzen badute; bai eta etxebizitza horiek osatzen dituzten jabekideen erkidegoetan dauden merkataritza-lokal eta atxikita ez dauden eranskinetako titularrak ere.

Zorua erosteko edo jabariaren itzulketa-eskubideari uko egiteko interesa duten guztiek beren idatzia, dagokion dokumentazioarekin batera, beren lurraldeko Etxebizitza Lurralde Ordezkariari bidali beharko diote, Agindu honen II. eranskin gisa erantsi diren ereduak erabiliz. Eskaera erregistratzeko, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeko 16.4 artikuluaren arabera eskuragarri dauden erregistro publiko guztiak erabil ditzakete.

Behin-behineko kalifikazioa duten babes ofizialeko etxebizitzetako titularrek eta behin-behineko kalifikazio horren epea amaituta egoteagatik aipatu babes ofiziala galdu duten etxebizitzetako titularrek egin duten zorua erosteko eskaera egiten dutenek zein etxebizitzen gaineko jabaria itzultzeko eskubideari uko egitea eskatzen dutenek berariazko eskaera bat aurkeztu beharko dute, beren etxebizitzek babes ofizialeko behin betiko kalifikazioa lor dezaten.

Zorua saltzeko salneurria higiezina erosteko kostuaren % 10 izaten ohi da. Orain arte egin diren sei fasetan zorua saltzeko 4.771 operazio egin dira guztira eta horiei esker EAEko Administrazio Orokorrak 51,6 milioi euro eskuratu ditu. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Open_Govern
    2017.eko urtarrilak 24

    Comentario de Twitter:
    6ª Convocatoria a titulares de viviendas edificadas en derecho de superficie para acceder a la propiedad del suelo https://t.co/dXnRsyadjX

  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko urtarrilak 24

    Comentario de Twitter:
    Irekia: Azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen titularrek zoruaren jabetza osoa eskura dezaten 6. deialdia ire… https://t.co/j3k4qwcx6X

Komunikabideek behera kargatzeko