
Lehendakariak urtarrilaren 30ean inauguratuko du gerra zibilean desagertutako pertsonen gorpuzki berreskuratuak hartuko eta omenduko dituen Duintasunaren Kolunbarioa (Gobernu Bilera 2017-01-24)
Ekitaldia Elgoibarko Olaso hilerri inguruan egingo da, eta azken urteotan hobietatik ateratako 27 pertsonaren gorpuzkiak hobiratuko dira bertan.
Iñigo Urkullu lehendakariak datorren urtarrilaren 30ean inauguratuko du Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioa. Bertan hartuko dira Gerra Zibilean desagertu ziren eta identifikatzerik izan ez diren pertsonen gorpuzkiak, eta bertan kokatuko dira identifikatutako hainbat pertsonarenak ere senitartekoek bertan atseden hartzea erabaki dutelako.
Desagertutako pertsonek egiarako, justiziarako eta ordaina jasotzeko duten eskubideari erantzutea indarrez beharturiko edo nahigabeko desagerpenei buruzko Nazio Batuen Lantaldeak eta egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta berriz ez gertatzeko bermeen sustapenerako errelatore bereziak egindako berariazko eta premiazko gomendioetako lehentasunezko jarraibide bat da.
Proiektu honek lehentasun horri erantzuten dio, eta Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Jarduera Planean aurreikusitako ekimenak bateratzen ditu. Gerra Zibilean desagertu ziren pertsonen duintasuna errespetatzeko, gorpuzkiak hartzeko eta omentzeko leku bat da.
Ekitaldia
Hilaren 30eko ekitaldia Euskal Exekutiboak antolatu du Gogora institutuaren bitartez, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz. Bertan 27 pertsonaren gorpuzkiak hobiratuko dira (25 identifikatu gabe daude), eta Elgoibarko Olaso hilerri inguruko hobietan kokatuko dira. Hobiratzean senitartekoek, Euskadiko hainbat elkarte historikok eta memoria-elkartek eta udalek hartuko dute parte (identifikatzerik izan ez diren gorpuzkiak udal horietako hilobietan aurkitu zituztelako).
Lehendakariak esku hartu ondoren, ekitaldiari amaiera emateko lore-eskaintza egingo dute bertaratuek. Ekitaldia Olaso hilerriaren inguruan egingo da, kolunbarioan jarritako Duintasuna eskulturaren aurrez aurre. Eskultura corten altzairuz dago eginda, eta, Ignacio Arregui egilearen esanetan “bidegabeki errepresaliatutako pertsona guztien duintasunarekin berriz elkartzea sinbolizatu nahi du”.
Gerra Zibilean desagertutako pertsonen bila
Duintasunaren Kolunbarioan hartuko dute atseden azken urteotan Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hobietatik ateratako gorpuzkiek. Elgoibarren hobiratuko dira Gerra Zibilean desagertu ziren eta identifikatzerik izan ez diren pertsonen gorpuzkiak edo identifikatuta dauden arren senitartekoek bertan atseden hartzea erabaki duten pertsonenak.
Hain zuzen ere, pertsona horiek bilatzea eta identifikatzea da hobien kokapena ikertzeko Eusko Jaurlaritzak, Aranzadi Elkartearen laguntzaz, 2015 amaieran aurkeztu zuen Euskal Planaren helburuetako bat. Horretarako, 2020ra arteko plan ordenatu bat ezartzen da, eta lurperatzeak egin omen ziren hainbat inguru aztertzea aurreikusten da. Plan honen bitartez jarraipena eman zaio Euskal Exekutiboak 2002an gorpuak hobitik ateratzeko hasitako prozesuari.
-
2017-01-24
Comentario de Twitter:
RT @Gob_eus: El Lehendakari @iurkullu inaugurará el próximo 30 de enero el Columbario de la Dignidad de Elgoibar ➡ https://t.co/k3XbhF8IPy…