
Lehendakariak urtarrilaren 30ean inauguratuko du Gerra Zibilean desagertutako pertsonen gorpuzki berreskuratuak hartuko eta omenduko dituen `Duintasunaren Kolunbarioa´
Lehendakariak Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio datorren astelehenean, urtarrilaren 30ean, inauguratuko dela Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioa. Kolunbarioak Gerra Zibilean desagertu ziren eta oraindik identifikatu ez diren eta azken urteotan Euskadin hobietatik atera diren pertsonen gorpuzkiak hartuko ditu, baita identifikatu diren hainbat pertsona ere senitartekoek bertan atseden hartzea erabaki dutelako. Horrela azaldu du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan.
Duintasunaren Kolunbarioa Eusko Jaurlaritzako GOGORA – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Jarduera Planeko ekimen bat da. Gerra Zibilean desagertu zirenei errespetua adierazteko eta omenaldia egiteko leku bat izango da. “Desagertutako pertsonek egiarako, justiziarako eta ordaina jasotzeko duten eskubidea berresten du proiektu honek”, adierazi du Erkorekak. Azaldu duenez, ekitaldia Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz antolatu da eta bertan 27 pertsonaren gorpuzkiak hobiratuko dira Olaso hilerri inguruan egokitutako tokian.
Bertan parte hartuko dute euskal erakundeek, senitartekoek, Euskadiko elkarte historikoek eta memoria-elkarteek eta hainbat udalek (identifikatzerik izan ez diren gorpuzkiak udal horietako hobietan aurkitu zituztelako). Duintasunaren Kolunbarioan Ignacio Arregui artistaren Duintasuna eskultura jarri da.
STOP DESAHUCIOS TALDEAREN SALAKETA
Bestalde, eta hedabideek gai honen inguruan galdetuta, Lehendakariaren aurka STOP Desahucios taldeak aurkeztutako salaketa izapidetzea ez onartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia ere baloratu du Erkorekak. Izan ere, Justizia Auzitegi Nagusiak ez du deliturik aurkitu telebistan emandako hauteskunde-eztabaida batean Gasteizko etxebizitza batetik kanporatu zuten emakume bati buruz Lehendakariak esandakoan. “Erabakia bat dator Eusko Jaurlaritzak azaldutakoarekin, honek hasieratik argi ikusi baitzuen kereilak ez zuela zentzurik”, gaineratu du Erkorekak.
HIZKUNTZA KOOFIZIALAK ADMINISTRAZIOAN
Etxe Zuriko web orritik gaztelania ezabatu izanak sortutako eztabaidarekin loturik, eta Espainiako Gobernuaren atari ofizial batzuetan euskarak duen garrantzi eskasaren inguruan galdetuta, Erkorekak aitortu du estatuko administrazio orokorraren esparruan hizkuntza autonomiko koofizialen erabilera normalizatzeko “bide luzea dagoela egiteko”. “Hizkuntza hauen hiztunenganako errespetu falta nabarmena erakusten du; horrek administrazio publikoei komunikatzeko gaitasuna kentzen die, eta administrazio horietatik herritarrengana hurbiltzeko egiten ari diren esfortzuaren inguruan herritar horiek duten iritzia okerragoa izan dadin laguntzen du”.