Berriak Osasuna

Euskadik hirukoiztu egiten du instalatuta dauden desfibriladore automatikoen kopurua, Eusko Jaurlaritzak haiek ezartzeko derrigortasuna agindu zuenetik bi urte bete direnean

2017.eko urtarrilak 23

2016an, oinarrizko bizi-euskarrien saretik kanpo, 33 desfibriladore automatiko erabili zituzten osasun-langile ez ziren pertsonek. 2015ean, berriz, 11 aldiz erabili zituzten

Euskadin jada 1.466 desfibriladore automatiko daude instalatuta, Eusko Jaurlaritzak —Osasun Sailak proposatu ondoren— desfibriladoreen instalazioa eta erabilera erregulatzen duen eta espazio publiko jendetsuetan ipintzeko obligazioa ezartzen duen Dekretua onartu zuenetik bi urte beteko direnean datorren urtarrilaren 27an.

Bi urte hauetan, Euskadin instalatutako desfibriladoreen kopurua ia hirukoiztu egin da. Horrela, 2015eko urtarrilean Euskadin 550 desfibriladore erroldatuak zeuden bitartean, gaur egun beste 916 desfibriladore gehiago erregistratu dira (guztira 240 Araban, 834 Bizkaian eta 392 Gipuzkoan).

Era berean, 2016an, oinarrizko bizi-euskarrien saretik kanpo, 33 desfibriladore automatiko erabili zituzten osasun-langile ez ziren pertsonek. 2015ean, berriz, 11 aldiz erabili zituzten.

Jon Darpon Osasun sailburuaren iritziz, Dekretuaren aplikazioaren emaitzak bikainak dira, eta oso pozik agertu da “erabilgarritasuneko eta kontzientziazioko helburuak bete direlako, eta, ondorioz, bizitza gehiago salbatu ahal izango direlako".  Osasun sailburuak azpimarratu du “Dekretuari esker Euskadin desfibriladore asko instalatu direla, eta ez derrigortuta dauden lekuetan bakarrik, baita, bizitzak salbatzeko asmoz, hala ezarri nahi izan duten zentroetan ere. Izan ere, bihotz-geldialdien % 80 ospitaletik kanpo gertatzen dira”.

Hain zuzen ere, osasun esparrutik kanpo bizitzak salbatzeko desfibriladoreen erabilera sustatzea da 2015eko dekretuaren helburu nagusia. Bat-bateko heriotzari aurre egiteko gizartean dagoen kontzientziaziotik, eta osasun-arazo honen aurrean Eusko Jaurlaritzak erakutsitako ausardiatik eta interesetik sortu zen dekretu hori. Euskal araudian finkatutako irizpideei esker, Euskadik desfibriladore-kopuru handiena duen autonomia-erkidegoetako bat da, eta kopuru hori gehien hazi dutenen artean kokatzen da.

Hortaz, Euskadin, besteak beste, establezimendu publiko eta komertzial handitan, aireportutan, autobus-, tren- eta metro-geltokitan, kirol-instalaziotan eta ikuskizunen instalaziotan, eta ikastetxetan ezarri dira desfibriladoreak. Eta osasun-lanbidetik kanpo dauden pertsonek erabil ditzaketenez, larrialdi-zerbitzuak iritsi bitartean bihotz-biriketako geldialdi bat jasaten duen pertsona baten bizitzeko itxaropenak handitu egiten dira.

  

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 21a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan