Eu

Ia 200 enpresa izango dira aste honetan I+G-ko eta energia eraginkortasuneko proiektuak finantzatzeko tresnari buruzko informazio saioetan

2017.eko urtarrilak 21
  • Saioak urtarrilaren 25, 26 eta 27an egingo dira Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Zientzia eta Teknologia Parkeetan.Izena www.spri.eus bidez eman daiteke
  • Finantzaketa-tresnaren xedea da Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileen eta enpresa pribatuen inbertsioak bultzatzea; inbertsioa guztira 200 milioi eurokoa da

Bizkaiko 92 enpresak, Gipuzkoako 44k eta Arabako 42k hartuko dute parte lurraldearen lehiakortasuna hobetuko duten produktu eta zerbitzu berriak bilatzearen alde Eusko Jaurlaritzak egin duen apustua sendotzen duen tresna berri honen helburu eta prozeduren berri enpresei eta eragileei emateko jardunaldi horietan.

Lehenengo saioa Bizkaiko Teknologia Parkean egingo da datorren asteazkenean, hilaren 25ean, eta bertan izango dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Teknologia eta Estrategiako Zuzendaritzako programen arduraduna den Luis Manuel Cañizaresek eta Finantzen Euskal Institutuko zuzendari Josu Garayk azalduko dituzte tresnaren xedeak, prozedura eta finantzaketaren baldintzak.  

Bigarren saioa Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egingo da ostegunean, hilaren 26an, eta ostiralean, berriz, Arabakoan egingo da saioa, biak goizeko 9:00etan izango dira.

Tresna honek oinarri duen laguntza-programa Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren, Ogasun eta Ekonomia Sailaren eta Finantzen Euskal Institutuaren arteko akordio batetik sortu zen, eta akordioan sartuta daude Euskadiko banku-erakunde nagusiak (Kutxabank, Laboral Kutxa, Banco Sabadell, Caja Rural de Navarra, Banco Santander, Bankinter eta Caixabank) eta Elkargi elkarren bermerako sozietatea ere.

Programa honen bidez finantzatuko diren proiektuak honako kategoriatakoak dira:

a)    Ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuak (I+G+b)

b)    Energia eraginkortasun handiagoa lortzera bideratutako neurrietarako inbertsio-proiektuak

c)    Inbertsio-proiektu zientifiko-teknologikoak, helburu dutenak ikerketaren emaitzak balio erantsi handiko produktu edo zerbitzu bihurtzea  

Laguntza-programa hau, azken batean, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloan inbertsioa erakartzeko eta Euskadin trakzio-proiektu teknologikoak garatzeko arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren beste adierazpen bat baino ez da.

Informazio-saioetan parte hartzeko interesa dutenek www.spri.eus bidez eman dezakete izena.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Bizkaiko 92 enpresak, Gipuzkoako 44k eta Arabako 42k hartuko dute parte