Eu

Jiangsu-ko agintariekin lan jardunaldi instituzionala eta Huawei-ra bisita

2017.eko urtarrilak 19

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko Industria sailburuorde Javier Zarraonandia, Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabal eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriola buru dituen euskal ordezkaritzak ostegun honetan izaera instituzionaleko lan-programa gauzatu du. Euskal ordezkaritzak Jiangsu probintziako (Euskadirekin senidetuta dagoena 2010etik) agintariak bisitatu ditu, eta Jiangsu-ko gobernuko Kanpo Gaietako Saileko ordezkariarekin bazkalduko dute, hots, Euskadirekiko harreman instituzionalaren solaskide eta harreman komertzialaren sustatzailearekin. Topaketan Jiangsu Federation of Industry & Commerce organismoak ere parte hartu du. Irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, gobernuaren menpe dagoena, Jiangsu probintziako erakunde industrial eta komertzialek osatzen dutena eta 170.000tik gora enpresa biltzen dituena.

2015eko irailean SPRI Taldeko zuzendariak hitzarmen bat sinatu zuen erakunde horrekin, zeinaren helburua baita merkataritza, enpresa eta erakunde arloetako truke eta lankidetza harremanak indartzea, enpresa harremanak sortzea, negozio eta inbertsio bateratuak sustatzea, lankidetza proiektuak garatzea, enpresa eta erakundeen arteko harremanak sortzea eta azokak, mintegiak, kongresuak, hitzaldiak eta enpresa eta sektorekako misioak antolatzea.

Osteguneko jardunaldia amaitzeko, ordezkaritzak Nanjing hirian kokatutako Huawei enpresaren zentroa bisitatu du. Informazio eta komunikazio konponbideen arloan mundu mailako liderra den enpresa hori Zamudioko Zientzia eta Teknologi Parkean dago kokatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak