Eu

Etxebizitza Sailak eraikuntza jasangarriaren arloko sari bat jaso du, Portugaleten egin eta energikoki eraginkorra den etxebizitza sozialeko eraikin batengatik

2017.eko urtarrilak 19
  • Eraikinaren energia kontsumoa ia hutsekoa egitea ahalbidetzen duen sistema berritzaile bat saritu du Gaztela eta Leongo Gobernuak

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendaritzak Portugaleten berriki eraiki duen etxebizitza sozialeko eraikin bateko energia-sistema berritzaileak Gaztela eta Leongo Eraikuntza Jasangarria Saria jaso du, ‘bizitegi kolektiboa’ kategorian. Gaztela eta Leongo Gobernuak bi urtean behin ematen dituen sari horiek eraikinen eta ingurumenaren arteko integrazioan erreferentzia diren proiektuak eta eraikuntza-jarduketak aitortzen dituzte.

Saritutako eraikina Portugaleteko Repelega auzoan dago. Hiru bloke eta alokairu sozialeko 32 pisu hartzen ditu eta bere berritasuna da konponbide ezberdinak konbinatzen dituela energia aurrezpena areagotu eta energia kontsumoa ia hutsekoa egiteko.
 
Honela, aurrealdean isolamendu ezberdinak (6 cm-ko poliuretanodun sandwich panela, gehi 5 cm-ko harri-zuntza eta 10 cm-ko hormigoi zelularreko bloke bat) daramatzan itxitura orokor bat jarri da. Hego-mendebaldeko etxe-aurrean, halaber, trombe horma bat eta solar-wall delako itxitura jarri dira. Trombe hormak eta solar-wall itxiturak eguzki-energia eta beraietan sortzen den airearen berotzea aprobetxatu eta aipatu airea eraikinaren aireztapen mekanikoko sistemara daramate. Solar-wall itxiturak, halaber, beroketaren eta ur bero sanitarioaren ekoizpenean laguntzen duen estaldurako bero-ponparen errendimendua hobetzen du.

Eraikinak, bestalde, zentralizatutako fluxu bikoitzeko hiru bero berreskuragailu ditu. Hauei esker, etxebizitzak aireztatu eta beren energia-eskaera murrizten da, aire berri eta garbia, baina aldez aurretik berotutakoa, sartzen baita aipatuetan.

Gailu horiez gain, estalduraren azal lauak 80 eguzki panel fotovoltaiko hartzen ditu. Hauek, energia garbia sortu eta aipaturiko aireztapen sistemak eta eraikinaren zerbitzu orokorrak elikatzen dituzte: igogailuak eta eskaileretako argiak.

Nabarmentzekoa da ere gas naturala kondentsatzeko galdara zentral bat eta kogenerazio galdara bat erabiltzen direla ere. Azken horrek gasa erretzean sorturiko beroa hartu eta energia elektrikoa ekoizten du, zerbitzu komunetan erabiliko dena gero. Eraikinaren beroketa aurreko sistema horiez baliatzen da eta zoru bero-emaile azpiko ur-hodien bidez gauzatzen da.

Guzti horri esker, A kalifikazio energetikoa lortu da eta lehen mailako energia kontsumoa 60 kWh/m2-tik beherakoa da urtean. Aipatu kalifikaziorako eraikinean dauden energia kontsumo guztiak aintzat hartu dira, ez ordea etxeko tresnen erabilerari dagokion kontsumoa.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JGorbena
    2017.eko urtarrilak 19

    Comentario de Twitter:
    .@gobiernovasco recibe premio de construcción sostenible Castilla y León por un bloque de viviendas de Portugalete. https://t.co/G3jR2baT7B

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak