Eusko Jaurlaritzak funtzio publikora zabaldu nahi du aste honetan negoziazio kolektiboan bizitako akordio eta elkar ulertze giroa
- Andrés Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak Euskal Administrazio Publikoko sindikatuekin ere harreman-garai berri bat zabaldu nahi du “akordiotara heldu ahal izateko”.
- Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko lan “bateratua eta koordinatua" bultzatu nahi du, "Espainiako Gobernua, funtzio publikoaren konpetentzien arloan etengabe burutzen ari den sarkinkeriei aurre egiteko eta konpetentzia horiek defendatzeko”.
Gaur, XI. Legealdi honetako lehen “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorra” egin da Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzako funtzio publikoko eta giza baliabideen arduradunak Euskal Administrazio Publikoan ordezkaritza duten zentral sindikalekin bildu dira. Hona hemen Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak organo honetan:
- Andrés Zearreta, Funtzio Publikoko Sailburuordea.
- Juan Mari Barasorda, Funtzio Publikoko Zuzendaria.
- Izaskun Urien, Lan Harremanen Zuzendaria.
- Maite Iruretagoiena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) Zuzendaria.
- Amparo López, Justizia Administrazioko Zuzendaria.
- José María Armentia, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaria.
- Karmele Arias, Ertzaintzaren Giza Baliabideen Zuzendaria.
- Konrado Mugertza, Hezkuntzako Langileriaren Kudeaketa Zuzendaria.
AKORDIORAKO NEGOZIAZIOA
Andrés Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten 70.000 lagun baino gehiago ordezkatzen dituzten sindikatuen arteko harremanean “garai berria zabaltzeko” asmoa erakutsi du. Zentzu horretan, hauxe adierazi du: "funtzio publikora zabaldu behar dugu aste honetan bertan negoziazio kolektiboaren beste foro garrantzitsu batean —Lan Harremanen Kontseilua— bizi izan dugun elkar ulertze giroa”.
Hasi berri den etapa honetan, Eusko Jaurlaritzak “zentral sindikalekin harreman arina eta etengabea eduki nahi du”; horregatik, Funtzio Publikoko sailburuordeak, gaur, “elkarrizketaren eta negoziazioaren” alde duen konpromisoa berretsi du, datozen lau urteetan euskal funtzio publikoan akordiotara heltzeko asmoz.
Andrés Zearretak gaineratu du “legealdi honetan elkarrekin aurrera ateratzeko erronka garrantzitsuak ditugula”; erronka horien artean dago, besteak beste, “Espainiako Gobernuak funtzio publikoaren gaian ditugun eskuduntzen inguruan behin eta berriro egiten ari den sarkinkeriei aurre egitea” adierazi du.Horretarako, “guztiok norabide berean jardun behar dugu” eta “elkarrekin eta koordinatuta lan egin behar dugu, Euskadik bere funtzio publiko propioa —guztion artean diseinatuko duguna— antolatzeko duen gaitasunari ekiteko eta hura elkarrekin defendatzeko”.