Eu

Eusko Jaurlaritzak Borja Belandia izendatu du lanbideko zuzendari (Gobernu Bilera 2017-01-17)

2017.eko urtarrilak 17

Eusko Jaurlaritzak Borja Belandia izendatu du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari. Izendapena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua eguneratzeko testuinguruan egin da, legealdian zehar egitura berria finkatu nahi baita. 

Belandiak orain arte Lanbideko zuzendari izan den Adolfo Alustizaren laguntza etengabea izango du. Alustiza laneratzearen arloko aditurik onenetako bat da, eta Beatriz Artolazabal sailburuak zuzentzen duen eta Enpleguko sailburuorde berria Marcos Muro duen Enplegu eta Gizarte Politika Sailean jarraitzen du. 

Une hauetan Lanbide Estatuko enplegu-zerbitzu publikorik onenetako bat da, Ministerioaren eta Europako Batzordeak egindako auditorien arabera.  Lanbideren jardueran hainbat faktorek izan dute eragina, besteak beste, hauek: lanpostu asko suntsitu dituen eta egiturazko langabezia poltsa handiak sortu dituen krisialdi ekonomiko luzeak, politika aktiboetan eraginkortasun eskasa duen Estatuko sistemak eta Lanbideren antolaketak berak, kontuan hartuta duela sei urte baino ez zela sortu eta bere egitura egoera sozialera moldatu behar duela legealdi honetan.

Eusko Jaurlaritzak, Enplegu Sailaren bitartez, Europako zerbitzu publikoen buruan egon nahi du euskal enplegu-zerbitzu on bat antolatuz. Lanbidek proiekzio handia lortu du, eta arrazoizko hobekuntzak eta eguneratzeak egin behar ditu euskal zerbitzu moderno eta eraginkorragoa lortzeko datozen 4 urteotan; zerbitzu berria da, eta bata bestearen atzetik ekimenak behar ditu bere proiektuan eta egonkortasunean behar bezala gara dadin.

Lanbidek, hasi berria den legealdian zehar, alde batetik, bere esku-hartze eredua garatu behar du beharren eta ibilbideen diagnostiko egokia indibidualizatzean oinarrituta, pertsonen kasuan euren enplegagarritasuna areagotzeko eta enpresen kasuan beren lehiakortasuna hobetzeko; eta, bestetik, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza antolatu eta sustatu behar du enpleguaren euskal sistemaren ardatza bihurtzeko.

Artolazabal sailburuak hasitako lanaren xedea da arreta-eredu berri bat ezartzen joatea pixkana kolektibo ahulenei zerbitzu hobea eskaintzeko honako hauen bitartez: arreta integrala, enplegu-politikak ebaluatzeko sistema efizientea eta esku hartzeko eredu modernoa eta eraginkorra, oinarri hartuta laneratzeko ibilbide indibidualizatuak diseinatu eta ezartzea eta euskal enpresa-egituraren premiak asetzeko eta haren lehiakortasuna hobetzeko ikuspuntua baliatzea.

Artolazabalen ustez garrantzitsua da Lanbideko langile-taldearen laguntza izatea enplegu-sistema berriz definitzeko hasi berria den prozesuan. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko