Eu

Gizarte-elkarrizketa eta Justizia modernoa, herritarrentzat eskuragarria, dira Lan eta Justizia Sailaren erronka nagusiak

2017.eko urtarrilak 31

• Sailaren ahaleginak Gizarte Elkarrizketara eta lan-iruzurraren aurkako borrokara bideratuko dira
• Laneko istripuei amaiera ematea eta langileek, enpresaburuek eta herritarrek laneko istripuak saihestezintzat ez jotzea da Sailaren beste helburu bat lana kalitatezkoa eta segurua izan dadin
• Kooperatiben Legea egiteko konpromisoa
• Justizia azkarraren, arinaren, eraginkorraren eta herritar guztien eskubideak bermatuko dituenaren aldeko apustua
• Genero-indarkeriaren biktimen arreta hobetuko du, eta epaitegietako eraikinetan egoitzak egokituko dira biktimen eta biktima-eragileen arteko kontaktua saihesteko
• Justizia Administrazio Elektronikoa sustatzeko plana: Justizia modernizatzeko ardatza
• Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren transferentzia eta Espetxe Erakundeena eskualdatzeko prozesuan inplikatzea
• PSE-EE eta EAJren arteko Gobernu-akordioan jasota dago Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren kudeaketa eskualdatu behar dela Gernikako Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraituz, bertan jartzen baitu Euskadik bere gain hartuko duela horren kudeaketa “beti batasunezko joerarekin [Gizarte Segurantzarena] eta solidaritatezko printzipioari jarraiki“
• María Jesús San José sailburua: “Niretzat espetxe-politika bakarra benetako politika soziala, errehabilitazioa helburu duena, da”


Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék gaur goizean aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean bere Sailak XI. legealdi honetan jarraituko dituen ildo nagusiak.
Sailburuarekin batera izan dira Legebiltzarrean Laneko sailburuorde Jon Azkue eta Justiziako sailburuorde Miren Gallastegui.


Sailak bi jarduera-esparru ditu, Lana eta Justizia, eta esparru bakoitzaren helburuak bananduta aztertu behar dira bakoitzaren garrantzia dela eta. Hala ere, sailburuak, aldez aurretik, bere jarduera gidatuko duen ideia nagusia azaldu nahi izan du: elkarrizketa, begirunez eta inor baztertu gabe, baina beti elkar ulertzea, akordioa eta elkarbizitza helburutzat hartuta.


Gizarte Elkarrizketa
Lan-arloko erronka nagusien artean, sailburuak Gizarte Elkarrizketarekin hartutako konpromisoa nabarmendu du, langileen lan-baldintzarik onenak adostu ahal izateko eta enpleguak kalitatezkoak izan daitezen lortzeko funtsezkoa dena.


Konpromiso horren baitan, helburuetako bat da Gizarte Elkarrizketaren Mahaia sustatzea eta zabaltzea, “gure ustez mahaian parte hartu behar duten gizarte-eragile guztiak egon daitezen bertan”. Gizarte-eragileek erakundeetan parte hartzeko organo iraunkorra behar du izan Gizarte Elkarrizketaren Mahaiak, eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek eta ordezkaritzarik handiena duten sindikatu eta enpresa-erakundeetako ordezkariek, bertan parte hartu nahi dutenek, jakina, osatu behar dute.


Bestalde, San José sailburuak hitzeman du abian jarriko dituela sindikatuen, patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren (Ekonomiaren Garapena, Hezkuntza, Enplegua eta Lana sailak) artean 2016ko uztailaren 22an lortutako akordioetan zehaztutako neurriak. Sailaren ustez negoziazio kolektiboan aurrera egitea eta negoziazio kolektiboa sustatzea ere konpromiso bat da, lau sindikatu nagusiek eta Confebaskek urtarrilaren 17an lortutako akordioaren ostean.


Lan-iruzurraren aurkako borroka
Sailak lehentasuna emango dio lan-iruzurraren aurkako borrokari, eta horretara bideratuko ditu bere ahaleginak:
Lan-iruzurraren aurkako postontzi bat sortuko du, eta bertara sarbidea izango dute, anonimotasunez, lanean jasaten dituzten egoera bidegabeak salatu nahi dituzten langile guztiek.
Lan-ikuskaritzak honako gaiei buruzko kanpainak egingo ditu: kontratu-mota ezberdinak eta horien ezarpen eraginkorra kontrolatzekoak; lan-baldintzei buruzkoak; emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzekoak (sexua dela-eta enplegua eskuratzean jasaten den diskriminazioari eta laneko jazarpenari aurre egiteko eta berdintasun planak eta neurriak sustatzeko).


Laneko osasuna eta segurtasuna
Sailak laneko istripuen kontra egingo du borroka. Gizarteari ikusarazi behar zaio laneko istripuak ez direla saihestezinak. Horretarako, arriskuen prebentzioa sakonduko dugu langileen prestakuntzaren bitartez, eta istripuei amaiera emateko behar diren neurriak hartuko ditugu.


Gure erakunde autonomo Osalanen lana indartuko dugu, eta bere baitan sustatuko ditugu behar diren neurriak gizarte-eragileekin hitz eginez eta akordioak lortuz.


Gizarte Ekonomia
Gizarte Ekonomia da lan-arloko beste atal esanguratsu bat. Euskadiko Gizarte Ekonomiaren egitura erreferentzia da nazioartean. Gizartearen ikuspegitik arduratsuak diren, ekintzaileak diren eta kalitatezko enplegua sortzen duten, EAEko enplegu guztiaren % 6,12 diren eta, gainera, urte hauetan egiaztatu duten moduan, krisialdietan iraunkorrak diren erakundeak dira. Gizarte Ekonomia, eta arlo hori osatzen duten kooperatibak eta lan-sozietate anonimoak, bai eta elkarlanean diharduten gainerako enpresak ere, aurrerapauso bat dira enpresaren demokratizazioan eta parte-hartzean.


Gure konpromisoa da Jaurlaritza osoak Gizarte Ekonomiaren alde egindako apustua gidatzea. Premisa horretatik abiatuta, gure helburua da Kooperatiben Legearen aurreproiektua egitea, eta gure asmoa da Eusko Legebiltzarrera 2018ko lehenengo seihilekoan bidaltzea. Bestalde, enpresa berriak sortzea eta lehendik daudenak garatzea sustatuko dugu, eta horien jarduteko ahalmena sendotzeko partzuergoak eta lankidetza-sareak sortzen lagunduko dugu.

Justizia, herritar guztientzako zerbitzua
Gure abiapuntua da Justizia dela Estatu Demokratikoaren oinarrietako bat. Justizia, beraz, askatasun publikoak eta herritarren eskubideak bermatzeko zerbitzu publiko bat baino ez da.
Euskal herritar guztientzat justizia azkarra, efizientea eta eraginkorra nahi dugu, haien eskubideak, besteak beste, herritar guztiek justizia eskuragarri izatekoa, bermatzeko.


Genero-indarkeriaren biktimak
Arreta berezia eskaini nahi diogu genero-indarkeriaren biktimei arreta emateko zerbitzua hobetzeari. Hobekuntza hori eraginkorra izan dadin:
Abokatu-laguntza espezializatuaren zerbitzuak indartuko ditugu, deklarazioetan atzerapenak edo luzapenak saihesteko.
Epaitegietako eraikinetan egoitzak egokituko ditugu biktimen eta biktima-eragileen arteko kontaktua saihesteko.


Bitartekotza
Lan eta Justizia Sailak Justizia leheneratzaile eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten du, auziak eta gatazkak azkar eta eraginkortasunez ebatziko dituena eta segurtasun juridikoa eskainiko duena. Sustatuko dugu bitartekotza beste jurisdikzio batzuetara, besteak beste, Zibilera, hedatzea gatazkak ebazteko aukera gisa. Era berean, Bake Justiziaren alde egingo dugu gatazka sinpleak eta arinak ebazteko.


Gazte Justizia
Lege Penalarekin auzitan dauden adingabeen arreta indartuko dugu, eta ezarritako neurriak betetzeko dauden zentroetan behar adina plaza eskainiko ditugu. Bestalde, hitzematen dugu aldian aldian ikuskatu eta ebaluatuko direla heziketa-zerbitzuak eta -zentroak.


Euskara
Erabat sinesten dugu Justizia elebidunean. Jarraitu egingo dugu, beraz, prozesu judizialen tramitazioan eta dokumentazio juridiko guztian euskara hizkuntza natural gisa ezartzen.


Justizia Administrazio elektronikoa
Hori guztia eraginkortasunez, efikaziaz eta XXI. mendeko ikuspegiarekin egiteko, Justizia eskura ditugun baliabide teknologikoez baliatzea lortu behar dugu. Horixe da, besteak beste, Justizia modernizatzea. Alde horretatik, modernizazio hori garatzeko programak eta planak sortu eta betearaziko ditugu, Espediente Judizial Elektronikoa sustatuko dugu eta Justizia Administrazio Elektronikoa Sustatzeko Plana egingo dugu.


Langileak eta prestakuntza
Neurriak hartuko ditugu langile judizialak eta judizialak ez direnak egonkortzeko, eta epaileen, fiskalen, Justizia Administrazioko letraduen, funtzionarioen eta Justiziaren zerbitzura dauden langile guztien prestakuntzaren kalitatea areagotuko dugu.


Transferentziak
Jaurlaritzarentzat eta euskal herritar guztientzat garrantzi handia du autogobernua garatzeak. Alde horretatik, PSE-EEren eta EAJren arteko akordioan berariaz jasota dauden eta eskualdatzeko negoziatu egin beharko diren bi transferentziek, bai Gizarte Segurantzaren Erregimena kudeatzekoak bai Espetxe Erakundeetako eskumenenak, eragin zuzena dute gure Sailean. Eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagokion arren hori sustatzea, Lan eta Justizia Saila erabakigarritasunez saiatuko da bi transferentzia horiek lortzen.


Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren Kudeaketa, gobernu-akordioan jasota dagoenaren arabera, “Gernikako Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorra” jarraituz eskualdatu behar da, eta bertan jartzen du “Estatutu honen aplikapenerako sortuko den Transferentzi Batzorde Mistoak burutuko ditu komenio egokiak, zeinen bidez Komunitate Autonomoak bere esku hartuko baitu Seguru Sozialaren erregimen ekonomikoaren gestioa, beti batasunezko joerarekin eta solidaritatezko printzipioari jarraiki, gestio ordenatu batetarako komenio horietan erabakiko diren prozedura, epe eta konpromezuei jarraituz”.


Espetxe Erakundeen eskumenak eskualdatzeari dagokionez, berriz, gure gain hartuko ditugu, oso argi izanda garatuko dugun espetxe-politikaren funtsezko jomuga gizarteratzea eta heztea izango dela. “Niretzat espetxe-politika bakarra benetako politika soziala, errehabilitazioa helburu duena, da”.

Ekimenak eta proiektuak
Azkenik, Lan eta Justizia Sailaren arduradunak Sailak Eusko Legebiltzarrera bideratuko dituen proiektuak eta ekimenak gainbegiratu ditu, eta espero dugu horien inguruan akordioak lortzea.
Ekimen horietako bat aipatutako Kooperatiben Legearen aurreproiektua da. Bestalde, Lan eta Justizia Sailak 2017-2020 aldirako Enplegu Plan Estrategikoa egiten parte hartuko du beste sail batzuekin batera.

Legealdi honetarako bi plan espezifiko garatzeko asmoa ere badugu:
• Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko 2011-2020 Plan Orokorra
• 2015-2020 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia.


Eta, gainera, beste bi plan hauek landuko ditugu:
• 2019-2023 aldirako Gazte Justiziaren Plana.
• Justizia Administrazioko Administrazio Elektronikoa Sustatzeko Plana.

María Jesús San José sailburuaren amaierako mezuak elkarrizketari heldu dio berriz: “Berretsi nahi dut elkarrizketa, iritziak alderatzea, oinarri hartuta egin nahi dugula lan neuk eta nire lantaldeak, eta beti akordioak lortzea helburutzat hartuta. Denok ahalegintzen bagara, elkartzen gaituzten puntuak aurkituko ditugu, eta horiek abian jarrita politika herritarrengana hurbilduko dugu eta herritarren egoera hobetuko dugu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak