Eu

Arriola: “Gure xedea da gizarte kohesio hobeagoa lortzea lurraldearen, ingurumenaren eta etxebizitzaren kudeaketa harmonizatuz”

2017.eko urtarrilak 30
  • “Ingurumen, Klima Aldaketa eta Natur Babeseko Lege Orokorra” bultzatuko da eta Euskal Ingurumen Estrategia berria garatuko da, zeinean Ingurumena ongizate eta oparotasun faktore bat izango den

 

  •  Etxebizitzaren arloko lehentasuna da etxebizitza eskubide subjektiboa arautuko duen Erregelamendua egitea eta gizarte alokairuaren alde apustu egitea, etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea bermatzeko era egokiena eta bidezkoena den heinean

 

  •  Legealdi honetan, hiri birgaitzearen eta eraberritzearen aldeko apustua egingo dugu, Europan zaharrenetekoa den etxebizitza parke bat berritu eta bere irisgarritasun eta eraginkortasun energetikoko baldintzak hobetzeko

 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola Eusko Legebiltzarraren aurrean agertu da gaur bere Sailak datozen lau urteotan gauzatuko dituen jarduketa-ildo nagusiak azaltzeko. Bere hitzaldiaren hasieran adierazi duenez, aipatu ildoak "EAJ eta nire alderdi PSE-EEren artean sinaturiko Gobernu Akordioan zehazturiko konpromisoen garapena dira, hein handi batean". Saileko buru gisa egin nahi duen jarduketaren xede nagusia azaldu duArriolak: gizarte kohesio handiagoa lortzea euskal biztanleen artean, ingurumenaren, lurraldearen eta etxebizitzaren kudeaketa harmonizatzeari esker.  

 

 

Ingurumena

 

Ingurumen arloko ardatz nagusietako bat izango da “Ingurumen, Klima Aldaketa eta Natur Babeseko Lege Orokorra” sustatzea. Aipatuak egungo ingurumen arloko legeak uztartu eta eguneratu, isurketak murrizteko helburuak zehaztu eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko araudi-neurri berriak txertatuko ditu. Lege Orokor berria Euskal herriko ingurumen estrategiako ekimen guztiak sustatuko dituen Esparru-legea bilakatuko da.

 

Legealdi honetan zehar, halaber, IV. Ingurumen Esparru Programa ebaluatu eta Euskal Ingurumen Estrategia berriaren garapena abiaraziko da, zeinean Ingurumena ongizate- eta oparotasun-faktore bat bilakatuko den.

 

Iñaki Arriolak nabarmendu duenez, Ingurumena gorantz doan arlo ekonomiko bat da “eta aukera-iturri bilatu behar dugu enpresa berriak eta, honela, lanpostu berriak sor daitezen".Horrexegatik, ekintzailetza bultzatu eta enplegu berdea sustatuko da, I+G+Bko erakunde eta enpresekin batera lan eginaz eta 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren baitako Ekoberritasun Proiektuen bidez ere.

 

Legealdi honetan garatuko den beste jarduketa-ildo bat izango da ekonomia biribila sustatzea.Hau da, ekoiztu, erabili eta bota printzipioetako ekonomia lineal batetik naturan inspiraturiko eredu biribil batera pasatzea da nahia. Birziklatzearen ekonomiaz" haraindi doan ekonomia bat,baliabideak ez baztertzea baita xedea. “Zabor, hondakin edo zaborreria kontzeptuak desagerrarazi eta baliabidetzat hartuak izan daitezen lan egingo dugu".

 

Filosofia hori sustatzeko, eta Foru Aldundiekin koordinatuta, "zerga-sistema berde" baterako instrumentuak proposatuko dira; eta, era osagarrian, berrerabilera, birziklatzea eta hondakinen balorizazioa sustatuko dituzten instrumentu ekonomikoak bultzatuko dira.

 

Sailak, azkenik, erosketa publiko berdearen hedatzea babestuko du, Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berderako Programaren xedeak lortu ahal izateko.

 

Lurraldearen Plangintza

 

Lurraldearen plangintza egoki bat izatea da atseginagoa, jasangarriagoa, orekatuagoa den eta garapen-potentzial handiagoa duen lurralde bat lortzeko aukera bakarra.

 

Horrenbestez, Sailaren konpromisoa da hiri eta herri atseginak, osasuntsuak eta erakargarriak izatea ahalbidetuko duen Lurraldearen Plangintza baten alde lan egitea, aurrean ditugun erronkak -gizarte, ingurumen, klima eta energia arlokoak- ebaluatuz eta aipatuak gainditzeko estrategiak garatuz.

 

Arriolak adierazi duenez, lehentasuneko gaiak dira lana eta bizitokia gerturatzea, ingurumen zainduagoa eta irisgarriagoa lortzea biztanle guztientzat, gure enplegu- eta etxebizitza-aukerak hobetzea eta azpiegitura eraginkorragoak eta integratuagoak izatea, garraioen arloan gehienbat.

 

Aipatu printzipioetan oinarrituta, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteari ekingo zaio -aurrerapen fasean egun-, lurralde arlo estrategiaren erreferentzia-esparrua diren heinean. Halaber, Lurralde-planak (partzialak zein sektorialak) berrikusteko eta egokitzeko bigarren fase bat abiaraziko da ere, lurralde gidalerro berrien arabera. Hori guztia hiri berroneratzea, hiri eta landa espazioetako irisgarritasun unibertsala, azpiegitura berdeak sartzea, etxebizitzako gizarte politika lurraldetan islatzea, jaiotza-tasa baxuko eta biztanleria zaharreko demografia-erregela berriak, txirotasun energetikoa eta antzeko gaiak aintzat hartuz egingo da.

 

Era berean, apustu sendoa egingo da hiri eraberritzearen alde. “Gure hiri eta herrietan Europako zaharrenetakoa den eta irisgarritasun-baldintza eta mantentze-egoera kaskarreko eraikin-parkea daukagu eta eraikin horietan Europako zahartze-maila handienetakoa eta jaiotza-tasa txikienetakoa dituen biztanleria bat bizi da”.

 

Ondorioz, hiri-zaurgarritasuneko inbentarioaren eguneratzean eta eraikin-parkean esku hartzeko beharren diagnostikoan oinarrituta, aipatu parkean Epe Luzera Esku Hartzeko Estrategia bat definituko da. Xede hori lortzeko, “erakundeen arteko beharrezko lankidetza horren bidez, hirietan eta auzoetan parte hartzeko programa berri bat sustatuko dugu, zeinak esku-hartze integralak ahalbidetuko dituen narriaturiko inguruetan”, esan du Arriolak.

 

Prozesu horiek guztiak Aldundiekin eta Udaletxeekin, beren elkarte publikoekin eta inplikaturiko eragile guztiekin lankidetza berezia ezarriz garatuko dira, bai eta Europako programen parte-hartzea eta finantzazioa bilatuz ere.  

 

Etxebizitza

 

Euskadin, etxebizitza duin bat izateko herritarrek duten eskubidea legeak aitortzen duen eskubide bat eta gizarte Estatu zintzo batean funtsezkoak diren osasun unibertsala, hezkuntza, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo mendekotasunaren babesa bezalakoen pareko bilakatu da.

 

Arlo honetako erronka nagusia da Etxebizitza Legearen edukiak garatzea, etxebizitza duin bat berma diezaiegun aipatua eskuratzeko bitarteko nahikorik ez duten guztiei.

 

Zentzu horretan, arauak garatzeko lan eskerga egin beharko da. Une honetan, Erregelamendu bakarra dago garatua, 2016ko martxoaren 15eko dekretua, fidantzak jartzeari eta EAEko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroari buruzkoa.   

 

Sailburuak nabarmendu duenez, arlo honetako lehentasuna izango da etxebizitza eskubide subjektiboa arautuko duen Erregelamendua garatzea, etxebizitzaren eskaintza osagarriaren ondoriozko gizarte eskubideen iraunaldia bermatuz (egun eta etorkizunean), bai eta etxebizitza eskubide subjektiboaren garapen harmoniko eta integratzailea ere.

 

Sailaren uztez, Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuaren helegitea jaso zuten artikuluen inguruko bere behin betiko epaia urte honetan zehar emango du eta etendako artikulu gehienak, hutsik dauden etxebizitzen arautzeari eta beren gizarte eginkizunari buruzko horiek bereziki, epaiaren oniritzia jasoko dute.

 

Eusko Jaurlaritzako parke publikoko alokairuan dauden maizterren kaleratzeen kasu bereziari dagokionean, Arriolak esku-hartze protokolo berri baten aplikazioa sustatu duEudelen eskuetan dagoena honezkero. Horren nahia da koordinazio-lanak erraztea udal gizarte zerbitzuekin, erabakiak hartzeko eskuragarri dagoen isilpeko informazioa hobetzea eta, bere kasuan, gai honetan dinamikoenak diren gizarte-taldeekin batera lan egitea, xede bakarrarekin: fede oneko zordun bakar bat ere ez dadin kaleratua izan arrazoi ekonomiko soilengatik eta beste ostatu-aukeraren bat izan gabe.

 

Etxebizitza Legeak, bestalde, alokairua lehenesten du, etxebizitza duina izateko erarik aproposena eta bidezkoena den heinean. Alokairuaren aldeko apustu hori euskal gizarteak bizi duen bilakaerarekin bat doa.

 

Ekonomia eta finantzazio murrizketek, enpleguaren prekarietatearen eta beste funtsezko baldintza sozioekonomiko ezberdinen ondorioz, etxebizitza bat eskuratzeko iraganean erostea besterik bilatzen ez zuten pertsona askok alokairuaren alde egiten dute egun. Etxebidekeskatzaileen inguruan dituen datuen arabera, alokatzeko eskaeren portzentajea % 81,4a da; erosteko eskaerena, aldiz, % 18,6a.

 

Legearen eta gizarte errealitate horren eskaerei erantzuna eman ahal izateko, 2017an zehar 2017-2019 Etxebizitza Plan Zuzentzailea garatzeko hausnarketa estrategikoa egingo da.

 

Sailaren kalkuluen arabera, 18.000 etxe inguruk izango dute etxebizitza eskubide subjektiboa gauzatzeko aukera 2025era arte. Alokairu politikak gauzatu ahal izateko zentzuzko aurrekontu-bitartekoak behar ditugu eta etxebizitzei zuzenean zuzenduriko horien kopurua erdira murriztu da azken urteotan.

 

Ondorioz, zuzkidura-bizitoki eta alokairuko babestutako etxebizitza berrien arrazoizko eskaintza bat egin baino lehen beharrezkoa izango da gure arreta alokairuko etxebizitzen eskaintza sustatzean jartzea, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatuz merkatuan ditugun bitartekaritza programen bidez (Bizigune eta ASAP). Eta horretarako, etxebizitza horietako jabeei zuzenduriko pizgarriak hobeto beharko ditugu, aipatuak babestutako alokairuen merkatuan jar ditzaten beharrik handiena duten inguruetan gehienbat.

 

Etxebizitza Legearen beste osagai estrategikoetako bat eraberritzea da. Aipatu den bezala, Euskadik Hego Europa osoko eraikinik zaharrenak ditu. 2011ko erroldaren arabera, EAEn eraikita dauden 163.642 eraikinetatik % 43a 1961. urtea baino lehen eraikita dago. Urte hartan, 50 urtetik gorako 70.000 eraikin inguru zeuden, horiek dakartzaten kontserbazio, irisgarritasun eta eraginkortasun energetikoaren arloetako arazoekin, noski. 2020en 89.000 eraikin izango dira.

 

Eraikinen Ikuskapen Teknikoak (EIT) funtsezko instrumentua dira hiri-eraberritzeko politikak Euskadin sustatu ahal izateko. Ikuspegi hirukoitza aplikatzen dute beren irizpenetan, eraikinen mantentzea eta kontserbazioa eraginkortasun energetikoarekin eta beraien irisgarritasunarekin uztartzen baitute. Horrexegatik, aurten EIT araudia batzea erabaki dugu, erregelamendu eguneratu bakarra egon dadin eta aurrerapauso esanguratsua eman dezagun eraikinen ikuskapenean.

 

Eta krisi ekonomikoaren eta finantzazioa eskuratzeko zailtasunen ondorioz agertu diren beharretara egokitzeko helburuarekin, egiazko beharretara eta EBk eraginkortasun energetikoari eta irisgarritasunari dagokienean ezarri dituen baldintzetara (Horizon 2020) askoz hobeto egokitua egongo den araudi arautzaile bat abiaraziko dugu. Horretarako, etxebizitzaren arlorako FEDER egiturazko finantzazio-mekanismoak ahalik eta gehien erabiliko ditugu.

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Zadorra_Bizirik
    2017.eko otsailak 02

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Arriola: “Nuestro objetivo es conseguir una mayor cohesión social a través de la armonización de la... https://t.co/GJxv4Gt7I9

  • 2017.eko otsailak 01

    Me gustaría poder escuchar mejor el vídeo, se oye entrecortado todo el tiempo. Gracias

  • @matxalenacasuso
    2017.eko urtarrilak 31

    Comentario de Twitter:
    Arriola: “Nuestro objetivo es conseguir una mayor cohesión social a través de la armonización de la gestión terr... https://t.co/VKcPVq4tMk

Ekitaldiko kargudunak