Euskal kulturaren kontsumoa indartzea eta euskaldunen kopurua handitzea izango dira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburu nagusiak
- Bingen Zupiria sailburuak hizkuntzaren erabilera aisialdian indartuko duela adierazi du Legebiltzarrean
- Euskadi Digitala sustatzea lehentasuna dela aipatu du bere agerraldian
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak bere lehen agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, bere Sailak datozen lau urteotarako finkatu dituen helburu eta konpromiso nagusiez hitz egiteko. “Adostasuna eta elkarlana” oinarri hartuta, sailburuak azpimarratu du “sortzaileak babestea eta beren lana agerikoa egiten laguntzea” bere lehentasunak izango direla, baita Euskadi Digitala sustatzea ere. Hizkuntza Politikari dagokienez, euskaldunen kopurua areagotzen jarraitzeak duen garrantzia nabarmendu du, eta 2020rako 25 urtetik beherako gazteen (16-24 urte) %75 euskaldun izatea jarri du helburu.
Saileko buruarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politika Sailburuordea, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria eta Miren Arzalluz Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia izan dira. Zupiriak nabarmendu du euskal kultura eta euskararen nazioartekotzeari begira Etxeparek duen eragina, eta legegintzaldi honetan erakunde hau sendotuko dutela adierazi du. Kirolari dagokienez, berretsi du Basque Team proiektua indartzen jarraitzeko bere asmoa “goi-mailako kirolaren erreferente gisa”, eta azpimarratu du Mugiment 2020 ekimenaren balioa euskal gizartea “aktiboagoa eta osasuntsuagoa” izan dadin.
Sailburuaren lehen agerraldia
Zupiria sailburuaren lehen agerraldia izan da Legebiltzarrean, eta aurreko legegintzaldian egindakoa goraipatu ostean, Kultura eta Hizkuntza Politikaren inguruan sail bereizi bat sortzeko Lehendakariaren apustua balioan jarri nahi izan du. “Lehendakariak eta Jaurlaritzak berak Kulturaren eta Hizkuntza Politikaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute beren inguruan sail berri bat sortuz. Kontuan hartzekoa da, eta igarri egingo da”, nabarmendu du.
Horrekin batera, legebiltzarkideei “elkarlan zintzoa” eskaini eta eskatu die, eta beste erakundeekin batera lan egiteak duen garrantzia nabarmendu du. Aldundiei, udalei, Nafarroako erakundeei edota Iparraldean sortu berri den Euskal Elkargoari dei egin die horretarako: “Herri politikak eraginkorragoak izan daitezen, behar-beharrezkoa da erakundeek elkarren berri izatea eta beren ahaleginak partekatzea”.
“Eszenatoki aproposa daukagu pauso argiak emateko euskal kulturari eta euskarari dagokienez. Atzean geratu dira testuinguru politiko latzak eta errespetu ezak dena zipriztindu egiten zuten garaiak, eta egoera berri hau baliatu egin behar dugu legegintzaldi honetan”, gehitu du.
Kultura Sailburuordetza
Kultura Sailburuordetzari dagozkion lan-ildoez hitz egin du Zupiria sailburuak bere agerraldiaren hasieran. Sorkuntzari hauspoa ematea eta kultur industriak sustatzea bere lehen konpromisoa izan da. “Norbanakoen sorkuntza babestea, kultura industrien sendotasuna sustatzea, profesionaltasunean sakontzea, finantzaketa bide berriak ziurtatzea, nazioartekotzean beldurrik gabe aurrera egitea eta hezkuntzarekin batera kulturaren eta sorkuntzaren grina ereitea dira konpromiso honetan urrats nabariak egiteko dauzkagun maratilak”, adierazi du.
Horrez gain, Sailburuak azpimarratu du euskal kulturaren “agerikotasuna, ikusgarritasuna eta erakargarritasuna landu beharreko erronkak” direla. “Ziur gaude euskal kulturaren kalitateaz”, esan du, baina “bozgorailuen beharra” azpimarratu du. EiTBrekin dagoen lankidetzan sakontzea edo erraztasun ekonomikoak eskaintzea izango dira arazo hori gainditzeko sustatuko diren bideetako batzuk.
Sailburuak euskal kultura nazioartekotzeaz ere hitz egin du, eta “erreferentzialak diren egitasmoekiko” konpromisoa nabarmendu du: Guggenheim Bilbao Museoa, Donostiako Zinemaldia, Artium edota Euskadiko Orkestra Sinfonikoa aipatu ditu. Euskadi Digitalaren erronka bere apustu azpimarragarrienetako bat izan da, eta bere agerraldian Euskadiko Liburutegi Digital Nazionala deritzon proiektua aipatu du.
“Ondarea eta, batik bat, ondare editatua –hau da: testuak, musikak, ikus-entzunezkoak edo irudiak– gordetzea, antolatzea, betiere erabiltzailearen irisgarritasuna bermatuz, hori da XXI. mendeko liburutegi batek egin lezakeena, eta egin beharko lukeena. Eta horri, Euskadiko Liburutegi Digital Nazionala deritzogu”, adierazi du.
Hizkuntza Politika Sailburuordetza
Hizkuntza politikari lotutako lan-ildoak sailburuaren agerraldiaren beste ardatz nagusia izan dira. Honen ingurua mintzatzeko orduan ere “adostasuna eta elkarlana” hitzak azpimarratu ditu. Eta balion jarri du azken hamarkadotan lortutakoa. “Atzera begira jartzen garenean, orduan ohartzen gara egindako bideaz. Euskararen bilakaera soziala ez da, gure Erkidegoan behintzat, galeraren kronika bat, baizik eta etengabeko hazkunde baten historia. Euskararen osasuna askok aitortzen diotena baino hobea da, eta askok nahi genukeena baino ahulagoa”, esan du.
“Aurrera goaz, indartsu gainera; baina, egindakoa ez dugu inola ere bertan goxo geratzeko aitzakiatzat hartu behar: euskararen hazkunde hori sendotu eta jarraitzen laguntzea da gure eginkizuna”, aipatu du.
Aurrera egiten jarraitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hainbat neurri eta lau konpromiso aditzera eman ditu:
- Euskararen hazkunde soziala sendotzea, herritarren artean euskaldunen kopurua handituz eta euskaldunen hizkuntza gaitasuna hobetuz.
- Euskararen erabilera sustatzea aisialdian eta esparru funtzional ez formaletan.
- Eraginkortasunez aurrera egitea herritarren hizkuntza eskubideen bermean, hala esparru publikoan nola pribatuan.
- Euskararen hiru lurraldeetako erakundeen arteko lankidetza artikulatzea eta indartzea, eta euskara nazioartean aintzat hartzen dela sustatzea.
Lanbide heziketan B eta D ereduak indartzea, helduentzako euskalduntzean doakotasuna lortzeko prozesuan sakontzea (B2 mailara arte), euskara teknologia berrien esparruan bultzatzea edo hizkuntzari hedabideetan ateak irekitzea sustatuko diren neurrietako batzuk izango dira.
Horrez gain, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, bultzada emango zaio langile publikoak euskaraz gaitzeari, batez ere Osakidetzan, Ertzaintzan eta Justizian. Elebide Zerbitzua ere indartuko dela azpimarratu du, eta euskara lehen hizkuntza gisa erabiltzen duen geografia eremua indartzeko neurriak hartuko direla adierazi du.
Etxepare Euskal Institutua
Bingen Zupiria sailburuak Etxepare Euskal Institutuari tarte berezia eskaini nahi izan dio bere agerraldian, eta legealdi honetan honen “rola Euskadiren kultur diplomaziarako tresna gisa” sendotuko dutela esan du. Horretarako, nazioarteko kultura sare estrategikoetan, Euskadiren herrialde mailako ordezkaritza zuzena bultzatuko dute, Euskadik, Etxepareren bidez, nortasun eta ahots propioa izan dezan.
Institutua euskal sortzaileei eta enpresei nazioartekotzeko laguntza eta babesa emateko baliabide garrantzitsua izango dela esan du Zupiriak. “Diziplina guztietako sortzaileen lanak kanpoan sustatzea xede duten diru-laguntza lerroei jarraipena emango diegu. Eta nazioartean egiten diren sorkuntza arlo anitzetako azoka eta foroetan ere esku hartuko dugu”, adierazi du.
Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritza
Agerraldiaren azken zatia Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritzari dagozkion konpromisoei eskaini die Zupiria sailburuak. Nabarmendu duenez, aisialditik harago doan “zeharkako balioa” da kirola, osasunarekin eta hainbat baliorekin zerikusia duena. Sailak Basque Team Fundazioarekin duen konpromisoa ere berretsi du Zupiriak, eta sedentarismoa ekiditeko eta gizarte aktiboagoa lortzeko Mugiment 2020 plana balioan jarri du. Ekimen hau sustatzeko, aldundiekin eta udalekin elkarlanean arituko da Saila.
Kirolaren esparruan euskara txertatzearen garrantzia ere azpimarratu du, eta horretarako Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren eta Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritzaren artean lantalde bat eratuko dela adierazi du. Azkenik, Euskadiko federazioekin eta Euskal Kirol Federazioen Batasunarekin batera lan egiteko konpromisoa hartu du ofizialtasunaren bidean.
-
2017-01-27
Comentario de Twitter:
Irekia: [KULTURA - HIZKUNTZA POLITIKA] Bingen Zupiriak datozen lau urteotarako helburu eta konpromiso nagusiez hit… https://t.co/OaYJwF437z