Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak bere egiten du Ertzaintzaren belaunaldi berrikuntzaren erronka eta lau urteren buruan mila ertzain gazte inkorporatzeko modua egingo du

2017.eko urtarrilak 19

Erronka nagusiak dira 2020-2024ko Euskadiko Segurtasun Publikoko Plan Orokorraren egokitzapena, Euskal Polizia Legea, segurtasunaren arloko transferentziak eta CITCO zentroan eta polizia-foroetan barnean hartzea

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak gaur ezagutarazi ditu Segurtasun Sailaren datozen lau urteetarako ildo nagusiak. Berarekin izan dira Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Ana Agirre Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea eta Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria.

XI. legegintzaldirako erronketako bat izango da Ertzaintzaren belaunaldi-berrikuntza egitea; izatez, datozen lau urte hauetan kolektiboaren erretiroei eta bajei aurre egin beharko zaie —lantaldearen % 15era arte izan daiteke—, eta euskal gizarteak eskatzen dituen segurtasun-beharrei ere erantzun beharko zaie.

Espainiako Gobernuaren Ogasun Ministerioak aurkeztutako errekurtsoek Segurtasun Sailak aurreikusitako plangintza atzeratu dute, ‘de facto’. Bi promozioak, 25.a eta 26.a, “segurtasun-gabezia juridikoko” egoeran utzi dituzte errekurtsoek.

Egoera horren aurrean, Segurtasun Sailak belaunaldi-berrikuntza “antolatua, mailakatua eta zehaztasun handiz planifikatua” egin nahi du; izatez, Segurtasuneko sailburuaren iritziz, “Ertzaintzaren efektiboak ezarri ditugun parametroen azpitik murrizteak gure segurtasunaren kudeaketarako sen onari erasotzen dio zuzenean”.

“Datozen lau urteotarako planifikazioan, lehen eginkzuna da, 26. Promozioa Akademiako formazio ikastaroetara lehenbailehen iristea. Gainera, legealdiaren bukaerara, aurrez planifikatutako hiru deialditan Ertzaintzako oinarrizko eskalan gutxienez mila ertzain berri izateko modua egin behar dugu”, gehitu du Segurtasun Sailburuak.

Horretarako, lehen neurrietako bat da Espainiako Gobernuari “eskatzea, eta harekin ebaztea,” “bertan behera utz ditzala Ertzaintzaren belaunaldi-berrikuntza jada eragozten ari diren errekurtsoak”. Horixe izango da Barne Ministerioarekin egin beharreko lehen bilera ofizialean aztertu beharreko gaietako bat. Bilera horretan, erabakitzeko dauden beste gai batzuk ere izango dira aztergai, hala nola Gernikako Estatutuak Euskadin hedatzen diren segurtasun-indarretako bakoitzari esleitzen dizkion eskumenak aplikatzea.

Bultzada politikoa

Testuinguru horretan, Segurtasuneko sailburuak Segurtasun Batzordearen aldeko “bultzada politiko berritu eta erabakigarri” baten alde egin du. Bultzada horrek helburu argiak izango ditu, hala nola Ertzaintza modu sistematizatuan barnean hartzea Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren Aurkako Inteligentzia Zentroan (CITCO) eta Euskal Autonomia Erkidegoko polizia Europako polizien datu-basean erabateko funtzionaltasunez jarduteko bide operatiboak erabakitzea eta finkatzea.

Urrats horiek egin beharko ditugu, besteak beste, proaktiboago eta eraginkorrago izateko ziberkrimenaren eta bestelako krimen antolatuaren aurkako borrokan. Ertzaintzak, bestalde, segurtasun publikoko Europako espazioaren sorreran lagundu nahi du, Europar Batasunaren esparru-erabakien eta inteligentzian oinarritutako polizia-ereduaren ildotik” adierazidu Beltrán de Herediak.

Segurtasun publikoaren pertzepzioari eta balorazioari buruzko biurteko inkesta

Legegintzaldi honetarako helburuen artean dago, 2014-2019ko Segurtasun Publikoko Plan Orokorraren jarraipena eta ebaluazioa egitea eta 2020-2024ko Segurtasun Publikoko Plan Orokorra egokitzea eta onartzea. Azken Plan Orokor horrek indarrean dagoen Plan Orokorra ordezkatuko du eta haren filosofiari jarraipena emango dio. Gainera, Plan Orokor horrek gure segurtasun-sistemaren printzipioak indartu beharko ditu, gure gizartearen osotasuna inplikatu beharko du eta euskal herritarren babesa izan beharko du.

Ondorio horietarako, gure segurtasun publikoaren pertzepzioari eta gizarte-balorazioari buruzko biurteko inkesta ere egingo dugu. Hartara, inkesta hori baliagarria izango zaigu gaur egungo urteko ebaluazioekin alderatzeko eta ebaluazio horiei laguntzeko, baita berria prestatzeko ere” adierazi du Segurtasun Saileko arduradun nagusiak.

Bestalde, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren egitekoa nabarmendu du, fenomeno natural latzen ondoriozko larrialdien kudeaketan funtsezko zerbitzua den aldetik. Ildo horretan, gogorarazi du jasotzeke daudela meteorologiaren eta itsas salbamenduaren arloko transferentziak.

Parke mugikorra berritzea

Legegintzaldi honetarako konpromisoetako bat da parke mugikorra berritzen jarraitzea. Polizia erabileretarako bereizgarririk gabeko 600 ibilgailu renting moduan berritzea kudeatu ondoren, beste kontratazio bat egingo da Ertzaintzaren patruila-autoak formula berarekin berritzeko.

Ertzaintzaren ibilgailuen flota berritzeko prozesua berrartu eta bizkortu beharko dugu, eta beste kontratazio bati eman beharko diogu hasiera.Kontratazio hori abian da, eta antzinatasunagatik, kilometro kopuruagatik edo mantentze-zerbitzuen kopuruagatik eraginkortasunik ez duten edo errendimendu urriko parametroetan dauden, edo laster egongo diren, ibilgailu guztiak berritu beharko dira eta mailakatuta egingo dugu hori” adierazi du Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak. Aurrez, gogorarazi du Wolksvagen ibilgailuen CO2ko emisioak neurtzeko sisteman iruzur egin izanaren akusazioaren ondorioz, ezin izan dela gauzatu 2016rako aurreikusita zegoen 120 unitateren erosketa.

Berritzeko politikarekin jarraituta, legegintzaldi honetan birgaitzeko eta berregokitzeko hainbat lan egingo da zenbait ertzain-etxetan, eta horien artean daude Zabalburuko arreta-bulegoa, Durangokoa, Erandioko zentraleko informatika- eta komunikazio-eraikineko Datuak Prozesatzeko Zentralaren erreforma eta Ondarroako Ertzain-etxea birmoldatzeko obrak, udaberrien hasiko direnak.

Ertzain-etxeak eta herritarrei arreta emateko bulegoak birmoldatu nahi dira, bertan lan egiten duten pertsonen beharretara egokitzeko eta herritarrekiko zuzeneko komunikazioa erraztuko duten espazio irekiagoak antolatzeko”.

Hurrengo lau urteetarako beste ekimenetako bat dira Informazio eta Komunikazio Sistemak Modernizatzeko Programan jasotzen direnak, hala nola Enbor sareko emisoreak, talkieak eta irrati-terminalak berritzea —Enbor sarean barnean hartzen dira Ertzaintzaren, Larrialdien, Osakidetzaren eta hainbat udalen zerbitzuak—.

Berrikuntza teknologikoen artean helburu hauek nabarmentzen dira: Saileko instalazioetarako kudeaketa energetikoko sistema ezartzea, Sigma azalpen-bideoko sistema berritzea, trafikoa kudeatzeko polizia-ibilgailuetan tabletak instalatzea, eta Sailaren mendeko zentroetan segurtasun-sistemak eguneratzea eta berritzea.

Informatika berritzearen arloan, Barne Ministerioak eta Segurtasun Sailak sortutako lantalde mistoa aipatu du Segurtasuneko sailburuak. Lantalde horren helburua da Ertzaintzaren Genero Indarkeriako eta Etxeko Indarkeriako Zerbitzuaren eta Ministerioaren VIOGEN zerbitzuaren arteko informazio-fluxua automatizatzen saiatzea.

Komunikazio automatizatu ahalik eta berehalakoena ahalbidetuko duen bide informatikoa ezarri nahi da.Genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako biktimak eta erasotzaileak bizi ohi diren zonaz bestelako zona batera joaten direnean, mobilizazio-abisuak arintzeko aukera emango duen sistema ezarri nahi da.Izan ere, polizia-organismoek desplazamendu horiek berehala eta modu estandarizatuago batean jakitea ahalbidetu nahi da” azaldu du Estefanía Beltrán de Heredia sailburuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Legea

Legegintzaldi honetarako berehalako beste helburuetako bat da herritarren eskakizunei eta segurtasun-erronka berriei erantzungo dien Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Lege berria egiteko adostasunak lortzea.  

Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren zerbitzu publikoen katalogoa barnean hartuko du, kode deontologikoa eguneratuko du, Jardunbide Onen Batzordea hartuko du aintzat eta polizia-kidegoetan emakumeak sar daitezen erraztuko duten ekintza positiboko neurriak hartuko ditu kontuan. Lege horrek “tratu-berdintasunean, aukera-berdintasunean eta aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuan aurrera egiten lagunduko digu, eta pertsonen eta haien eskubideen errespetuaren berme eta gizarte-aldaketen babesle egingo gaitu”.

Era berean, sailburuak nabarmendu du garrantzi handikoa dela legeak lege-estaldura eskaintzea “Ertzaintzaren lanbide-karrera horizontala garatzeko akordioari, definizioari, negoziazioari”; izatez, sindikatuen aldarrikapen horrek “behar-beharrezkoak ditu hurbiltze- eta akordio-jarrerak”.

Negoziazioa eta akordioa, lanbide-jardunaren baldintzak hobetzera zuzenduko diren giza baliabideetako politikak sustatzeko. Negoziazioa, halaber, gaurko Ertzaintzaren lan-baldintzak arautzeko akordio berria lortzen saiatzeko, gaur egungo antolamenduaren eta lanaren eredura egokitu beharko baita” eman du aditzera Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak.

Amaitzeko, sailburuak legegintzaldi honetako segurtasun-politiken garapena gidatuko duten sei konpromiso nagusiak gogorarazi ditu: Ertzaintza herritarrengana gehiago hurbiltzea; euskal segurtasun-sistema osatzen duten pertsonen lanbide-prestakuntza eta -egokitzapena sendotzea; beste polizia-kidego batzuekiko  koordinazioa eta lankidetza indartzea; Ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoko polizia integral eta esklusibo gisa behin betiko aintzatestea; gure errepideetan bide-segurtasun eta mugikortasun segururako politika eraginkorrak nabarmentzea; eta, azkenik, larrialdi-egoeretan alerta-sistema sendotzea eta herritarren autobabeserako protokoloak sustatzea.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak