Berriak Kultura
Eu

Euskadi literatura sariak 2010

2010.eko urriak 26

Sarien banaketa Donostiako Kursaal jauregian izango da datorren azaroaren 16an Lehendakari buru izanez 

Patxi Zubizarretak Euskarazko haur eta gazte literatura saria jasoko du, Euskarazko literatura itzulpen saria Jesus Mari Lazkanorentzat izan da, Literatura lanaren ilustrazioa Jokin Mitxelenarentzat, Euskarazko saiakera saria Joxe Azurmendik irabazi du eta Gaztelaniazko saiakera saria Miguel Sánchez-Ostizek. Gaztelaniazko haur eta gazte literatura saria ez da eman.

Antonio Riverak Kultura sailburuordeak eta Lurdes Auzmendik Hizkuntza Politikarako sailburuordeak  Euskadi Literatura saridunen izenak jakinarazi dituzte gaur. 

Patxi Zubizarretak Euskarazko haur eta gazte literatura saria jasoko du. Epaimahaiaren ustez, "egindako ipuina haurrek zein gazteek irakur dezaketen lana da. Honek herri-ipuin edo ipuin-tradizional ezberdinak bilduko ditu eta hauen joskerak, lanari osotasunean,modernitate ukitu bat emango dio. Ipuinean ixten diren zenbait zirkulu daude, narrazioa ziklikoa da zenbaitetan: bidaia bera (hasi eta buka toki berean), igarlearen presentzia kapituluz kapitulu... Ipuina bidaia iniziatiko baten kontakizuna da, Xia Tenzin ez da pertsona bera izango bidaia hasi baino lehen edo bere bueltan".

Jesus Mari Mendizabalek Euskarazko literatura itzulpen saria irabazi du. Epaimahaiak ikusitako merituak hauek izan dira: "Jatorrizkoaren hizkera bizia euskarazko hizkera biziaz ongi ordezkatu du itzultzaileak, gaztelaniazko hiztegi oparoa euskaraz ere oparo emanez, eta Quirogaren idazkera gihartsua ongi gordez". Aipagarriak dira, halaber, "itzultzaileak hizkuntzari indarra, bizitasuna eta adierazkortasuna emateko erakutsi dituen baliabideak, haiei esker lanak sortzez euskaraz idatzia ematen baitu". 

Jokin Mitxelenak Literatura lanaren ilustrazioaren saria irabazi du. Epaimahaikideen arabera, saria lan honi emateko arrazoiak, besteak beste, hauek izan dira: "lan honetan, testuaren eta alde grafikoaren artean ezarri den paralelismoa, ilustrazioak oso egokiak dira lan honen hartzaile izango diren haurren adinerako eta marrazkien adierazkortasuna. 

Azken egunak Gandiagarekin liburuari esker Joxe Azurmendik Euskarazko saiakera saria jasoko du datorren azaroak 16an. Epaimahaiak ikusitako merituak besteren artean, honako arrazoi hauek ikusi ditu lan hau saritzeko: "Giza-zientza ugaritako jakintza harremanetan jartzen du: antropologia, filosofia, literatura, soziologia..., bizitza, heriotza eta erlijioaren inguruko saiakera, oparotasuna eta bizitza oso bat biluztu egiten da, oso ikuspegi pertsonala ematen da". 

Miguel Sánchez-Ostiz izan da Gaztelaniazko saiakeraren sariduna Sin miedo que perder liburuari esker. Epaimahaiak lanaren hurrengo merezimenduak aipatu ditu: "Idazkeraren kalitatea, gaiak jorratzeko ikuspuntuaren originaltasuna, bizitako esperientzia goraipatzea pentsamenduaren oinarri gisa, liburuaren heterodoxia, generoen arteko hausturaren erakusgarri, gaien alternantziak erritmo desberdina markatzen du; lana irakurriz gozatu egiten da eta liburu zintzoa, ez beti politikoki zuzena, Sánchez-Ostizen ibilbideko lanak islatzen disuena". 

Epaimahaiak Gaztelaniazko haur eta gazte literatura modalitateko Euskadi literatura saria eman gabe uztea erabaki du, epaimahaiaren iritziz, "aurkeztutako lan batek ere ez baitu gutxieneko kalitate mailarik".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lurdes Auzmendi, Antonio Rivera