Eu

Jarri da Metroko 3. lineako Etxebarriko San Antonioko geltokiko igogailu inklinatuko lehenengo kabina

2017.eko urtarrilak 10

Gaur goizean deskargatu eta instalatu da Etxebarriko San Antonio auzoko biztanleak Bilboko Metroaren 3. lineako izen bereko geltokira hurbilduko dituzten igogailu inklinatuaren bi kabinetatik lehenengoa. Aurreikuspenak betetzen badira, datorren martxoaren amaieran jarriko da linea martxan. Bigarren igogailua bi aste barru instalatuko da.

Beiraz eta altzairu herdoilezinez egindako igogailuek aurrealde panoramikoa dute, 30 graduko aldapa jarraitua, erditik irekitzen diren ateak alboetan eta 25 pertsonarentzako ahalmena. Kabina bakoitzak 1.875 kilogramoko gehieneko karga eramango du. Igogailuek 190 metroko luzera egingo dute, eta 96 metroko malda aldaketa gaindituko dute, hiru geralekurekin: San Antonio auzoaren goiko aldean, Etxebarriko biztanleriaren parte handia bizi den lekuan, mendi-hegalaren erdialdean eta, N-634 errepidea behealdetik gainditu ondoren, 3. lineako geltokian bertan. Euskal Trenbide Sareak Thyssenkrupp Elevadores enpresari esleitu zion igogailuen eraikuntza, 1.125.637 euroren truke, eta baita igogailuen mantentze-lanak hiru urtez, 247.370 euroren truke.

Ia 6 kilometro luze den 3. lineak zazpi geraleku ditu (Matiko, Uribarri, Alde Zaharra, Zurbaranbarri, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Etxebarriko San Antonio), eta inguruan bizi diren 70.000 pertsonari emango die zerbitzua, 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin. Halaber, trenbide metropolitarraren sarearekin lotuko ditu Bilbo iparraldeko auzoak eta Txorierri, Artxandako tunel berriaren bitartez, eta Durangaldetik eta Urdaibaitik datozen pertsonei erraztu egingo die Bilbo erdialderaino heltzea. 279 milioi euroko aurrekontua duen obra erdibana finantzatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Obra zibila ia erabat bukatuta dago eta instalazioen, energiaren, seinaleztapenaren eta komunikazioen kontratuak amaierako fasean daude, datorren hilean Euskotren trazatu berrian unitateak probatzen has daitekeela aurreikusten da, bidaiaririk gabe.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2017.eko urtarrilak 11

    Ibilgailuari "okerra" deitzea, ez al da oker samarra?

    ;-)

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak