Berriak
Eu

Transferentzia Batzorde Mistoak datorren ostegunean izango du bilera enplegu politika aktiboak eskualdatzea ixteko

2010.eko urriak 26

Idoia Mendiak adierazi du, akordio honen ondoren, Gobernuak ohiz kanpoko Kontseiluan onartuko dituela 2011ko

Aurrekontuak Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Idoia Mendiak, berretsi du datorren ostegun honetan bilera egingo duela Transferentzia Batzorde Mistoak, Lehendakaritzaren egoitzan, enplegu politika aktiboak Euskadiren esku uztea ahalbidetuko duen ituna sinatzeko. Goizeko 11:30erako jarri da hitzordua eta bertan izango dira Manuel Chaves, hirugarren presidenteordea eta Lurralde Kooperazioko ministroa; Gaspar Zarrías, Lurralde Kooperazioko idazkaria; Maravillas Rojo, Enpleguko idazkaria; eta Carlos Ocaña, Ogasun eta Aurrekontu idazkaria. Gobernu autonomikoaren ordezkaritzan, berriz, honako hauek izango dira bileran: Gemma Zabaleta, Enplegu sailburua; Carlos Aguirre, Ekonomia eta Ogasun sailburua; eta Rodolfo Ares, Barne Arazoetako sailburua. Ituna sinatu ondoren, Herri-dirubideen Euskal Kontseiluak bilera egingo du. Horrela, posible izango da, datorren ostiralean, Ohiz kanpoko Kontseiluan, Jaurlaritzak 2011ko Aurrekontuak onartzea, Aguirre sailburuak, larunbatean, pertsonalki eraman ditzan Eusko Legebiltzarrera, Aurrekontuan Legebiltzarreko tramitazioa abian jar dadin.

Gobernu zentralean izandako aldaketak direla-eta, auzia atzeratu ondoren, datorren ostegun honetan itxiko da enplegu politika aktiboak Euskadiren esku uzteko prozesua. Lehendakaritzaren egoitzan izango da bilera, 11:30ean, eta Batzordean partaide izango dira, Gobernu zentralaren aldetik, Manuel Chaves, hirugarren presidenteordea eta Lurralde Kooperazioko ministroa; Gaspar Zarrías, Lurralde Kooperazioko idazkaria; Maravillas Rojo, Enpleguko idazkaria; eta Carlos Ocaña, Ogasun eta Aurrekontu idazkaria. Gasteizko Gobernuaren ordezkaritzan, berriz, honako hauek izango dira bileran: Gemma Zabaleta, Enplegu sailburua; Carlos Aguirre, Ekonomia eta Ogasun sailburua; eta Rodolfo Ares, Barne Arazoetako sailburua. Sinadura horri esker, bi ordu geroago, 13:00etan, Herri-dirubideen Euskal Kontseiluak aparteko bilkura egingo du transferentziei dagozkien ekarpenak erabaki, onartu eta 2011ko Aurrekontuetara gehitzeko. Hala, urriaren 29an, ostirala, 9:00etan, Eusko Jaurlaritzak Ohiz kanpoko Gobernu Kontseilua egingo du eta, bertan, 2011ko Aurrekontu Proiektua eta 2010eko aparteko neurrien sorta onartuko dira, ekarpen hobekuntzaren kargura. Egun berean, 11:00etan, datorren urterako Aurrekontu Lege proiektuaren sarrera erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean eta larunbatean, urriak 30, 11:30ean, Carlos Aguirre, Ekonomia eta Ogasun sailburua, Eusko Legebiltzarrera joango da, protokoloa betez, aurrekontu proiektua Legebiltzarreko lehendakariari, Arantza Quirogari, eskura ematera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Idoia Mendiak, eman du egutegi honen berri, asteroko Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan. Mendiak adierazi du aurrekontuen onarpenak “egonkortasuna” ematen diola Jaurlaritzari eta herrialdeari eta iragarri du laster egingo duela bilera Kontzertu Ekonomikoaren Batzordeak. Bestalde, bozeramaileak azaldu du Jaurlaritzak gauzatutako inbertsioen ehunekoa, irailaren 30ean, % 19koa zela, eta gauzatze maila hori "askoz handiagoa" dela 2009ko % 12,5 baino eta “ia halako bi”, 2008an gauzatutakoa baino, Ibarretxeren Gobernuaren azkeneko urte osoan, % 9,3ra "baizik" ez baitzen iritsi gauzatutako inbertsioen ehunekoa. Ildo horretan, esan du Jaurlaritza “pozik" dagoela iritsitako gauzatze mailarekin, eta are handiagoa izango dela urte amaieran.

Bahía Bizkaia Gas-en % 30

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio gaur Energiaren Euskal Erakundeari (EEE) Repsol-i partizipazioak eros diezazkion Bahía de Bizkaia Gas (BBG) sozietatean. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak esandako sozietatearen % 5 erosiko du, 6.225.000 euroren truke.

Eragiketa horren ondoren, beraz, EEEk % 30eko partaidetza izango du BBGn. Bahía de Bizkaia Gas sozietatearen xede soziala Bilboko Portuan kokatutako gas natural likidotua berriro gas bihurtzeko lantegiaren eraikuntza, eragiketa eta mantentzea da. Joan zen uztailean, Repsolek bere % 25a Enagasi saltzeko asmoa jakinarazi zion BBGri.

Sozietatearen estatutuen arabera, gainerako bazkideek lehentasuna dute partizipazioak erosteko orduan. RREEFk % 5 erostea erabaki zuen. Hala, % 30eko partaidetza izango zukeen BBGn eta sozietatearen Kontseiluko edo Batzordeko zenbait erabaki bere sostengua gabe hartzeko aukera eragotziko zukeen.

Azkenik, bozeramaileak aditzera eman du Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerbitzu zuzendaria, Carolina Muro, kargutik kendu dutela, "gardentasun" ariketa batean, jakin ondoren balitekeela haren bikotekideak gizarte laguntzak kobratu izana era irregularrean. Erabakia, Jaurlaritzaren bozeramaileak argitu duenez, “gardentasunaren” mesedetan hartu da eta argi erakusten du Patxi Lopezen gobernuaren konpromisoa "kontuak garbi eta kristalezko sakelak" izateko. “Ez dugu denborarik galdu nahi izan, kasu hauetan egin behar den bezala; hobe beti eta toki guztietan horrela jokatuko balitz", erantsi du Jaurlaritzaren bozeramaileak. Mendiak aditzera eman du, orobat, Maria Victoria Cinto dela, Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko lehendakari ohia, Justiziako sailburuorde berria. Cintok duela gutxi bihotzekoak emanda zendutako Jose Manuel Finez-en lekua hartu du.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010.10.26)

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-10-26n hartutako erabakiak

Iruzkin bat
  • @Burgobarri
    2012.eko irailak 12

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Irekia impulsa GoteoEuskadi para fomentar la financiación colectiva http://t.co/0oiquJpJ

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea