Eu

Tapia sailburuak eta Nadal ministroak efizientzia energetikoaren inguruan lankidetza adostu dute baina industriari laguntzeko energia neurriak zehaztu gabe jarraitzen dute Madrilen

2017.eko urtarrilak 11

Industriaren lehiakortasuna hobetzeko asmoz, energia-kostuak arintzen lagunduko duten neurriak berehala aztertzeko beharra azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak. Ministerioak behar hori aitortzen badu ere, oraindik ez du zehaztu euskal industriari laguntzeko formula.

Bi gobernuek energia-eraginkortasunaren arloan elkarrekin jardutea adostu dute, eraikin publiko eta pribatutan, eta enpresen eta poligonoetako sare elektrikoen modernizazioan aplikatzekoak diren ekimenen bitartez.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren ministro Álvaro Nadalek bilera egin dute partekatzen dituzten gaietan, eta, bereziki, energiaren arloan, gobernu bakoitzak dituen jarduera-ildoak aztertzeko.

Sailburuak ministroaren aurrean berretsi du euskal industria osoan, eta, bereziki, energia kontsumo handia duten sektoreetan, esate baterako, altzairuarenean, eragin zuzena eta larria duten energiaren kostu altuen ondorioz euskal enpresak jasaten ari diren diskriminazio egoerari amaiera emateko neurriak ezarri behar direla.

Tapia sailburuak berriz eman dizkio Eusko Jaurlaritzak egindako txostenak, eta horietan eragin hori jasotzen da, bai eta, besteak beste, Frantziako eta Alemaniako industriekin alderatuta Euskadiko industriak galdu duen lehiakortasunari buruzko zifrak ere, adierazitako herrialde horietan enpresa-egiturari laguntzeko neurri bereziak hartzen diren aldetik.

Alde horretatik, sailburuak eta Industriako sailburuorde Javier Zarraonaindiak, alde batetik, neurri zehatzak eskatu dituzte eta, bestetik, 6.1.B eta 6.2. tarifak homologatzea, hain zuzen ere, Estatuko lurralde guztiek tentsio-maila berberak parteka ditzaten eta une hauetan Euskadik jasaten duen diskriminazioa saihets dadin.

Duela gutxi egin da Europako elektrizitatearen prezioen analisi konparatiboa, eta ondorioztatu da Espainiako enpresek, batez beste, oso garesti ordaintzen dutela kWh elektrikoa, Europako batez bestekoa baino % 22 gehiago, hain zuzen ere. Eta zehazki Frantziarekin eta Alemaniarekin alderatuta, Espainiako industriak % 33 eta % 27 gehiago ordaintzen du, hurrenez hurren.

Energia-eraginkortasuna eta sare elektrikotarako Renove Plana

Bi gobernuek energia-eraginkortasunaren arloan elkarrekin jardutea adostu dute, eraikin publiko eta pribatutan, eta enpresen eta poligonoetako sare elektrikoen modernizazioan aplikatzekoak diren ekimenen bitartez.

Bi lan-ildo aztertzea zehaztu da:

  • Esparru publikoan jarraitzen den filosofia esparru pribatura zabaltzea, hau da, eraikin zaharkituenen eraginkortasunean lagunduko duten neurriak aplikatzea, esku hartzeko esparruak diseinatzeko aukerarekin. Esparru horietan batera jardungo dute, Europak, Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta.
  • Euskadiko industria-poligonotan zein transformazioko zentro propioak dituzten enpresatan sare elektrikoak modernizatzea. Horretarako, Renove plan bat prestatzen ari da Ministerioa.

I+G+b sustatzea energia berriztagarrietan.BIMEP

Kontuan hartuta Euskadik itsas energia berriztagarrien alde egindako apustu argia, Eusko Jaurlaritzak eskatu du MAGRAMAk arindu ditzala BIMEPen saiakuntza eolikoak egiteko behar diren baimenak, eta, aldi berean, gehitu dezala Armintzan kokatuta dagoen zentro horretan Estatuak duen parte-hartzea (gaur egun % 8 IDAEren bidez).

Sailburuak proposatu du Ministerioak ordainketa-eskema onuragarria ezar dezala, Europako beste herrialde batzuetan dutenaren kidekoa, inbertsiogileak I+G proiektuak gauzatzera bultzatzeko.

Garraio jasangarria:itsas garraioa, GNLa eta auto elektrikoa

Itsas garraioa, GNLa

2030erako Euskadiko Energia Estrategiak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu argia egiten du, eta Ministerioari, beraz, itsas garraioan gasolioa ordezkatu eta GNLa sustatzeko neurriak eskatu dizkio, besteak beste, honakoak:

  • Bunkering zerbitzua bultzatzea Bilboko portuan.
  • Retrofiting edo gasolio-motorrak gas-motorrez ordezkatzea sustatzeko neurriak.
  • Itsas garraioan GNLa hornitzea. Guk nahi dugu hori arautzea itsasontzi txikiek termino finko askoz ere txikoagoa izan dezaten.

Ibilgailu elektrikoa

Eusko Jaurlaritzak Ministerioari jakinarazi dio Mugikortasun Elektrikoaren Plan bat egiteko asmoa duela eta, horretarako, Ministerioak karga-puntuen korridoreak sustatu behar dituela, elektrizitate-sarera sarbidea izateko bidesarien aldi baterako salbuespena ezarri behar duela eta BEZaren zero tasa, edo gutxitua, aplikatu behar duela halako ibilgailuak erostean. 

Garoña

Garoñako zentrala behin betiko ixtea. Helburu bikoitza:

        a) Ministerioaren jarrera zein den jakitea.

        b) Eusko Jaurlaritza zentrala ixtearen aldekoa dela argi uztea.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @eajpnvparlament
    2017.eko urtarrilak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: #Bilera @arantxa_tapia Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren ministro Álvaro Nadalekin bildu da ➡ https://t.co/xP0RKhmoCz ht…

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Álvaro Nadal, Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren ministro