Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

"5 zentzumenekin kontsumitu" izeneko arduraz kontsumitzeko kanpainaren aurkezpena

2010.eko urriak 25

"5 zentzumenekin kontsumitu" goiburua duen informazio-kanpaina aurkeztu nahi du Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritzak. Helburua herritarrek arduraz kontsumitu dezaten kontzientzia hartzea da. Kontsumitzaileak sentsibilizatu nahi dira produktu bat erosten edo zerbitzu bat kontratatzen dutenean zer nolako "ardura" duten konturatu daitezen. Gure zentzumen guztiak erabiliz kontsumitu behar dugu:

־ Begiak ondo ireki eta kontratatzera goazen produktu edo zerbitzu ororen hizki txikiak arretaz irakurtzeko.

־ Produktua egoera onean dagoela egiaztatzeko.

- Beti erosketa-baldintzak kontsultatzeko.

־ Merkatuko eskaintza guztiak konparatu eta erabakirik onena hartzeko.

־ Arretaz entzun, eta erosi aurretik produktuari buruzko informazio egokia izateko.

Horiek dira kontsumitzaileei eman nahi dizkiegun oinarrizko bost aholkuak. Kanpaina urriaren 26an jarri da abian. Kartelak jarriko dira Euskal Autonomia Erkidegoko herri eta hirietan, eta irrati-iragarkien bidez ere emango da kanpainaren berri.  

Urte-garai hau hautatu dugu kanpaina abian jartzeko, erosketak urte osoan egiten diren arren, urte-sasoi honetan are gehiago erosten dugulako, izan ere, Gabonak ate joka datozkigu.

Horregatik, garrantzitsua da geure buruak babesteko gai izatea eta arduraz kontsumitzea. Bost zentzumenak erabiltzen baditugu, ustekabe ezatseginak saihestuko ditugu.

Sasoi honetan erosten da, halaber, beste urte-garai batzuetan baino teknologia berri gehiago, hala nola telefono mugikorrak, ordenagailuak edo bideokontsolak. Adingabeei produktu horiek oparitzen dizkiegunean beste zeregin bat ere badugu: modu seguruan eta arduraz erabiltzen erakustea.

Era berean, gogorarazi nahi dugu erosketak Internet bidez egiten baditugu, segurtasun-berme osoarekin egin behar ditugula. Merkataritza elektronikoan arreta handiz jardutea komeni da. Arazorik ez izateko, erosi webgune seguruetan, eman soilik erosketa egiteko beharrezko diren datuak, eta gorde egindako eragiketa guztien eta eskaintzarekin erlazionatutako informazioaren frogagiriak.

KEXAK

Kanpaina honek badu beste helburu bat ere: jasotako intzidentzia eta kexak gutxitzea.

Urte honetan jada 6.496 kexa jaso dugu; aurreko urtean garai honetan baino 243 gehiago. Telefonia- eta telekomunikazio-produktu eta -zerbitzuen gaineko kexak nabarmen ugaritu dira. 2009an, kexa guztien % 20,7 izan ziren, eta urte honetan jada, urtarriletik urrira bitarte, %29 izan dira.

Datu horiek arduraz kontsumitu behar dela nabarmentzen dute. Informazioa eta babesa dira kontsumitzaile gisa ditugun eskubideak zaintzeko bidea.

PRESTAKUNTZA- ETA INFORMAZIO-EKINTZAK. NOBEDADEAK.

Sentsibilizazio-kanpaina berri hori ez da kasu bakan bat, Kontsumo Zuzendaritzak egiten dituen gainerako lanei parez pare jarraitzen baitie. Hala, kontsumoaren alorreko prestakuntza-ekintzak egiten ditugu hainbat eremutan. Kontsumoa Eskoletan egitasmoak lantegiak antolatzen ditu ikastetxeetan, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleentzat eta haien gurasoentzat. Hiru mila lantegi baino gehiago eskatu dituzte. Hala ere, guztien artetik geroz eta gehiago eskatzen dira teknologia berriekin zerikusia dutenak, bereziki Internetekin.  

Kontsumo Gelak izeneko prestakuntza-zentroetan hezkuntza-prozesuan esku hartzen duten taldeei, hala nola gurasoei, irakasleei edo hezitzaileei zuzendutako aurrez aurreko ikastaroak emango dira, arduraz kontsumitzea zer den eta arduraz nola kontsumitzen den irakatsi dezaten.  Horretaz gain, esperientzia-mintegiak, eta gazteei eta teknologia berriei, publizitateari edo kontsumoari buruzko prestakuntza-jardunaldiak ere egingo dira.  

Ikasturte berriko nobedadeen artean nabarmentzekoak dira www.kontsumo.net webgunean dauden baliabideak. Teknologia berriei, sare sozialei, elikadurari eta arduraz kontsumitzeko beste gai batzuei buruzko informazioa eta material didaktikoa aurkituko dute herritarrek.

Kanpaina honek herritarrei arduraz kontsumitzeko printzipioak erabiliz jarduten lagunduko diela espero dugu

Informazio gehiagorako kontsumitzaileek Eusko Jaurlaritzaren kontsumo-bulegoetara, kontsumitzaileari informazioa emateko udal-bulegoetara eta kontsumitzaileen elkarteetara jo dezakete.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburua eta Ana Collía Kontsumo zuzendaria