Euskal bost barruti judizial, Bulego Judizial Berria ezartzen lehenak
Jaurlaritzaren Kontseiluak bihar izendatuko du Justiziako sailburuorde berria, María Victoria Cinto magistratua
Irun, Azpeitia, Eibar, Amurrio eta Getxoko barruti judizialetako oraingo antolamenduaren aldaketa gauzatuko da gaurtik datorren azaroaren 3ra; horiek izango dira Bulego Judizial Berria (BJB) izenez ezaguna den erreforma estatuan ezartzen duten lehenengo barruti judizialak. Aurretik, otsailaz geroztik, antolamendu berri horren esperientzia pilotu bat egin da Irun eta Getxoko barruti judizialetan; oso irakaspen baliagarriak ateratzeko balio izan du. Bulego Judizial Berria José Manuel Fínez Justiziako sailburuorde hil berria buru-belarri aritu zen proiektuetako bat da, eta erreforma horrek areagotu egingo du autonomia-erkidegoko justiziaren kalitatea. María Victoria Cinto magistratuak hartuko du Fínezen kargua; Jaurlaritzaren Kontseiluak bihar onartuko du bere izendapena eta bera arduratuko da Bulego Judizial Berriaren ezarpenaz, 2013an BJB Bilboraino hedatzen den arte.
Erreformarekin, funtsean hiru gauza lortuko dira: batetik, epaitzeko eta epaitutakoa gauzatu arazteko jurisdikzio-zeregina erraztea; bestetik, idazkari judizialei erantzukizun berriak ezartzea; eta, hirugarrenik, organo judizialei, profesionalei, alderdiei eta herritarrei erantzuteko zerbitzu orokor prozesal berriak sortzea. Horren guztiaren ondorioz, oraingo epaitegien tamaina printzipioz txikitu egingo da eta eratzen diren zerbitzu orokor prozesalen parte izatera pasatuko dira baliabide liberatu horiek. Berrikuntza terminologikoak ere etorriko dira. Esate baterako, epaitegi terminoa desagertu eta berria sortuko da: Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesala (ZULUP).
Bulego Judizial Berriaren ezarpenak beste helburu bat ere badu: EAEko barruti judizialetan Justizia Administrazioaren jarduerak homogeneizatzea, argi eta garbi definituta dauden jarduteko prozesuen eta onartuta dauden jarduteko protokoloen arabera.
Bulego Judizial Berriaren antolamenduak kalitatezko kudeaketa-sistema bat izango du oinarri. Horrek, Justizia Administrazioaren etengabeko hobekuntza-prozesua elikatuko du, eta inplikatutako alderdi guztien parte-hartzea eta lankidetza izango ditu oinarrizko zutabe. Horretarako, koordinatu eta hobetzeko batzorde bat sortuko da Bulego Judizial Berria ezartzen den barruti judizial bakoitzean eta hor epaileek, idazkari judizialek, Justizia Administrazioko langileek eta Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza izango dute.
Bulego Judizial Berriaren hedapena 2013 arte luzatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan. Lehenengo ezarpen honen ondoren, Bulego Judizial Berria Bergara, Tolosa, Durango, Gernika, Balmaseda eta Gasteizko barruti judizialetara iritsiko da 2011n. 2012an, berriz, Donostia eta Barakaldora iritsiko da, eta prozesua 2013an bukatuko da, Bulego Judizial Berria Bilbon ezartzen denean.
-
2012-11-04
Comentario de Twitter:
Escucha (y ve) las extraordinarias conferencias d Evgeny Morozov, Michael Gazzaniga y Steven Dong en ACOP Bilbao 2012: http://t.co/CZx1xsrZ