Berriak Hezkuntza
Eu

EGAk kalitatea frogatu du berriz ere

2017.eko urtarrilak 02
  • EGA azterketak Europako ALTE-Association of Language Testers in Europe elkartearen Q kalitate-ikurra berretsi du.
  • Kalitate ikur honek egokitasuna aitortzen dio EGAri neurtzen duen C1 hizkuntza maila ebaluatzeko.
  • EGA da mundu mailan, eta euskararako, kalitate maila hori aitortua duen ziurtagiri bakarra.
  • ALTE hizkuntza-gaitasuna aztertzen duten kideez osatutako Europako elkarte bat da; kide dira, esaterako, Cambridge University ingeleserako edo Goethe-Institut alemanerako.

EGAk ere gainditu du bere azterketa. ALTE–Association of Language Testers in Europe elkarte europarrak Q kalitate-ikurra berretsi dio Euskararen Gaitasun Agiriari (EGAri), elkarte horren auditoretza zorrotza berriro gainditu ondoren. 2011n erdietsi zuen ikur hori EGAk lehen aldiz, baina oraintsu auditoretza berriro gaindituta, 2021era arte izango du aitorpena indarrean. Horrela bada, EGA da mundu mailan, eta euskararako, kalitate maila hori aitortua duen ziurtagiri bakarra.

Aitorpen garrantzitsua da hau EGA azterketarentzat, ongi egindako lanaren aitorpena. Honek esan nahi du EGA ziurtagiria eskuratzeko gainditu beharreko azterketa, bere prozedura guztian, ongi diseinatutako azterketa dela, hau da, neurtzen duen C1 hizkuntza maila ebaluatzeko egoki diseinatua, hasieratik bukaerara ongi planifikatua helburu horretarako, arbitrariotasun oro albora utziz.

Gainera, frogatuta utzi du EGAk ALTEren kalitate-parametroak betetzen dituela eta elkartearen kide diren beste erakunde batzuen azterketen kalitate-maila baduela, adibidez, Cambridg University-k egiten duen Advanced azterketarena, edota Goethe-Institut-ek ematen duen Goethe-Zertifikat C1 ziurtagiria lortzeko azterketarena.

Aitorpenaren arrazoiak: ALTEren gutxieneko estandarrak

ALTEren Q kalitate-ikurra lortu ahal izateko, elkarteak bere bazkideen lana ikuskatzen du, ahalik eta azterketa ekitatiboenak egin ditzaten, bakoitzak duen helbururako eta populaziorako. Bere bazkide diren erakundeen azterketen kalitatea neurtzeko, auditoretza-sistema ezarria du elkarteak. Auditoretzan zehar, prozedurak zorrotzak dira eta xehetasun guztiei arretaz erreparatzen die. Horretarako formulatu ditu ALTEk erakundeek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak (Minimum Standards). Guztira, 17 estandar dira, bost ataletan antolaturik, eta guztiak bete behar dira azterketen kalitatea frogatzeko, eta EGAk egin duen legez, Q kalitate-ikurra lortzeko.

Azterketen osagai guztiak hartzen dituzte aintzat ikuskariek: azterketaren eraikuntza (azterketaren oinarri teorikoa eta testuingurua, helburua, azterketaren materialak eta atazak, etab.), azterketa-eguneko prozedurak (azterketa-zentroak, segurtasuna, inprenta-lanak, etab.), probak zuzentzeko prozedurak (zuzenketa egokia eta fidagarria izan behar da eta baita aztertzaileak ere), harremanak erabiltzaileekin (informazioa ematean, notak argitaratzean, desgaitasunak dituzten azterketarien trataeran, etab.) eta, azkenik, prozesu osoa egokia dela frogatzeko egiten diren analisiak eta ikerketak.

ALTEko kide izanik, EGAk gutxieneko estandar horiek betetzeko konpromisoa du eta horren arabera jokatzen du deialdi guztietan. Horrez gain, ALTEren jokabide-kodea ere bere egin du EGAk, jokaera etikoa azterketaren ziklo osoan zainduz. ALTEko kide diren erakundeek erakutsi behar dute oinarrizko kalitate mailara heltzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak betetzeko gai direla auditoretza egiten duten lehen aldian. Baina hortik aurrera, hau da, bost urte geroago hurrengo auditoretza dutenean, erakutsi beharko dute lortutako maila horri eusteko baino gehiagorako ere gai direla. Ezinbestekoa da azterketa-sistema hobetzen jarraitzea, etengabe.

Etengabe hobetzen segitzeko lan-filosofia eta konpromiso horri jarraiki, EGA azterketak azken urteetan zenbait hobekuntza barneratu zituen bezalaxe (atariko proba laburragoa egiten da orain, 85 itemeko testa beharrean 65ekoa eginez; ahozko azterketak grabatu egiten dira…), 2017 honetako deialdiek ere badakarte berrikuntzarik: proba idatzia egiteko denbora-tartea luzeagoa izango da, hots, idazlan luzea eta laburra egiteko 10 minutu gehiago eskainiko dira.

ALTE eta Europako Erreferentzi Marco Bateratua

ALTE hizkuntza-gaitasuna aztertzen duten kideez osatutako Europako elkarte bat da. Bertan, EGA bezala, hizkuntzen azterketetan diharduten erreferentziazko hainbat erakunde biltzen dira, besteak beste, Cambridge University edo Trinity College ingeleserako, CCIP edo CIEP frantseserako, Cervantes Institutua gaztelaniarako, edo Goethe-Institut alemanerako. Sortu zenean, 1989. urtean, 10 kide ziren. Gaur egun berriz, 22 herrialdetako 31 erakundek osatzen dute. Europako 24 hizkuntza biltzen ditu.

Arreta berezia eskaintzen die ALTEk azterketaren erabiltzaileei eta agirien erabilgarritasunari, ebaluazioa egokia eta justua izan dadin. Horrez gain, Europako Kontseiluaren Hizkuntza Politikarako Ataleko aholkularia ere bada, hainbat proiektu bultzatuz.

EGA azterketa ALTE erakundearen kide da 2000 urtetik. Urte bat geroago, 2001ean, Europako Erreferentzi Marko Bateratua (EEMB) onartu zen. Tresna horri esker, Europako hizkuntzak parametro konparagarrien arabera neurtu daitezke. EGA Marko Bateratuko C1 mailaren parekoa da, hau da, eraginkortasunez komunikatzeko gai den erabiltzailearen maila.

EGA: C1 maila

EGA azterketa euskarazko hizkuntza gaitasuna neurtzen duen azterketa da; eta bere helburua da ziurtatzea azterketa gainditzen duenak, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, C1 mailari dagokion gaitasuna duela euskaraz ahoz eta idatziz komunikatzeko. Horretarako, atariko probaz gain, proba idatzia eta ahozko proba egin behar ditu EGA azterketara aurkezten denak. 1982an sortu zenetik gaur arte, 110.500 pertsona inguruk gainditu dute EGA azterketa EAEn.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ConsejeroD7
    2017.eko urtarrilak 02

    Comentario de Twitter:
    Irekia: El examen EGA ratifica su sello Q de calidad otorgado por Asociación ALTE-Association of Language Testers … https://t.co/0vS04aLBgB

  • @AzalgorriBilbao
    2017.eko urtarrilak 02

    Comentario de Twitter:
    Irekia: El examen EGA ratifica su sello Q de calidad otorgado por Asociación ALTE-Association of Language Testers … https://t.co/yJ2SXGPVaK

Komunikabideek behera kargatzeko