Berriak Kultura
Eu

Fermín Etxegoien eta José Fernández de la Sota, Euskadi Literatura Sariak

2010.eko urriak 25

Sariak azaroak 16an banatuko dira Donostiako Kursaal Jauregian

Fermín Etxegoienek idatzitako Autokarabanaren kasuan, "protagonista kontalariaren ikuspegi sarkastikoa" goraipatu du epaimahaiak eta José Fernández de la Sota idazleak idatzitako Vacilación liburua "gaurko izatearekin bat datorren lana" dela.

Blanca Urgell Kultura sailburuak Euskadi Literatura Sariak 2010 jakinarazi ditu gaur. Sari hauen XIV. Edizioan, euskara sailean Fermín Etxegoien Autokarabana liburua idazteagatik eta gaztelaniako sailean José Fernández de la Sota Vacilación obragatik izan dira sarituak.

Sailburuak epaimahaiak ikusitako merituak azaldu ditu Gasteizen izandako prentsaurrekoan. Autokarabanaren kasuan, "gure sasoiko bizitzaren kronika orohartzailea eta oso gurea egiten du, euskaldunona, geure gabezia eta korapiloekin". Protagonista kontalariaren ikuspegi sarkastikoak, "inguruko errealitatearen berri ematen digu denbora errealean, hots, bere eguneroko bizitzaren egunerokotasunaren sentsazioak transmititzen ditu". Epaimahaiaren iritziz, liburuak hauxe azaltzen du: "garaiko gizakiak dena iritsi nahi du ezeri ukorik egin gabe: hiria eta mendia nahi du, familia eta amorantea, lanbidea eta askatasuna, horregatik autokarabanaren metafora, etxea eta askatasunaren aldiberekotasunaren simbolo". Hortik liburuan agertzen den etengabeko bikoiztasuna: "alaba maite du, berarekin nahi du, baina aspergarri egiten zaizkio harekin pasatzen dituen asteburuak".

Vacilación lanaren kasuan, "formari begira, bikaina" dela azaldu du epaimahaiak eta "poema bakoitzak hurrengorako leiho bat irekitzen du, ez izatearen irrika eta zalantzaren irudikapen harmoniatsua eta sakona sortuz". 

Lan bietan, 18.000 euro eskuratuko dituzte idazleek eta 4.000 gehiago beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell