Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak urte amaierako kotilioiak antolatzen dituzten establezimenduetako segurtasuna kontrolatuko du

2016.eko abenduak 30

Bukatu dute ikuskatzen suteen kontrako neurriak edo larrialdi-irteerak, besteak beste

Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza, Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitatearen bitartez, hasi da urte amaierako kotilioiak antolatzea egin duten lokaletako segurtasun-neurriak ikuskatzeko kanpainarekin, urtero abenduan egin ohi duen moduan. Suteen kontrako gailuak, segurtasun-irteerak edo egituran egiten diren aldaketak ikuskatuko ditu Ertzaintzak eta, ospakizunen egun berean, sarreren salmenta, edukiera errespetatzea, ordutegiak eta abar ere kontrolatuko ditu.

Ertzaintzak egun hauetan ikuskapenak egin ditu 700 pertsonatik gorako edukiera duten eta abenduaren 31n kotilioiak antolatuko dituzten establezimenduetan. Guztira bederatzi lokal ikuskatu dituzte, horietako bi Vitoria-Gasteizen daude, bat Donostian, bi Bilbon eta bana Bizkaiko Lemoa, Barakaldo, Erandio eta Berango udalerrietan.

Ikuskapenak alderdi hauetan oinarritu dira: suteen kontrako babesa, horien instalazioa eta ikuskapena; larrialdi-irteerak, horien funtzionamendua eta seinaleztapena; eta lokal bakoitzerako ezarritako edukieraren mugak betetzen direla kontrolatzeko neurriak. Bestalde, establezimenduaren autobabeserako planaren neurriak betetzen diren eta bertan lan egiten dutenek neurri horiek ezagutzen dituzten ikuskatzen da, sarreren salmenta eta bertaratze-aurreikuspenak aztertzen dira, adingabekoen sarrera kontrolatzeko neurriak berrikusi dira, artefaktu piroteknikorik ez dela erabiltzen egiaztatzen da eta hasierako eta amaierako ordutegiak ikuskatzen dira.

Autobabeserako plana

Mota horretako festak antolatzen dituzten establezimenduek ekitaldirako diseinatutako eta lokalaren konfiguraziora egokitutako autobabeserako plana izan beharko dute, araudi teknikoaren araberakoa. Gainera, edukieraren kalkulua, larrialdi-irteerak eta hustuketa-bideak justifikatuko dituen memoria aurkeztu beharko dute. Lokalaren edukiera mila pertsonatik gorakoa bada, eskakizun orokorrez gain, keen irteera artifiziala ere izan beharko dute.

Arau hauek haustearen ondoriozko isunak 1.200 eurotik 30.000 eurora bitartekoak dira, arau-hauste larriak badira, eta 150.000 eurora artekoak oso larriak badira, eta lokala ixtea ere eragin dezakete.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau