Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak dispositiboa ezarriko du Euskadi-Tunisia partidan segurtasuna bermatzeko

2016.eko abenduak 29

Arreta berezia jarriko du San Mameserako sarbideak kontrolatzen

Ertzaintzak segurtasun-dispositiboa ezarriko du ostiral honetan San Mames estadioan, Tunisiako eta Euskadiko selekzioak aurrez aurre izango dituen futbol-partida dela-eta. Polizia-hedapenak arreta berezia jarriko du estadiorako sarbideak kontrolatzen. Hori dela-eta, behar besteko aurrerapenarekin joateko eskatu diete zaleei, pilaketarik izan ez dadin eta jendea presaz ez ibiltzeko.

Bihar, ostirala, abian jarriko den segurtasun-dispositiboaren helburua da San Mames estadiora bi taldeen arteko partidaz gozatzera hurbilduko diren milaka zaleen segurtasuna bermatzea. Ertzaintzak ez ezik, Bilbaoko Udaltzaingoak, segurtasun pribatuak eta Athletic Clubeko langileek ere parte hartuko dute hedapenean.

Sarbideen kontrola

Zaleei gomendatzen zaie ohi baino lehenago joan daitezen, sarbideetako segurtasun-kontroletan ilarak eta pilaketak saihesteko. Prebentziozko miaketak zorrotzak izango dira, Kirolaren Legeak debekatutzat jotzen dituen objektuak (bengalak, petardoak, botilak eta abar) kirol-barrutian sartzea saihesteko. Gisa horretako objektuak eramaten dituztenei dagokien zehapen-espedientea ireki dakieke eta, gainera, debekatu egingo zaie estadioan sartzea.

Horrez gain, mezu iraintzaileak edo indarkeria bultzatzen dutenak izan ditzaketen edonolako euskarriak, pankartak edo sinboloak ere kontrolatuko dira. Era berean, alkoholaren edo drogen eraginpean daudenei ez zaie estadioan sartzen utziko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko