Berriak Segurtasuna
Eu

Guztira 46 pertsona hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoko kaleetan eta errepideetan, joan den urtean baino zazpi gutxiago

2016.eko abenduak 30
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuak 2016. urteko behin-behineko balantzea aurkeztu du “Gazteak eta gidatzea” sariak banatzeko ekitaldian

2016. urtean guztira 46 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko kaleetan eta errepideetan, Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak gaur jakinarazi duenez. Bilbaoko Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan egin den ezbeharren behin-behineko balantzean eman ditu datuak.Urtea ixteko zain, lehen datuek adierazten dute hildakoen kopuruak behera egiten jarraitzen duela, eta jarraipena ematen zaiola duela hamarkada bat baino gehiago hasitako joerari.Ekitaldi berean, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako “Gazteak eta Gidatzea” lehiaketaren sariak eman ditu Segurtasun Sailak. 

Berrogeita sei pertsona (41 gizonezko eta 5 emakumezko) hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko kaleetan eta errepideetan izandako trafiko-istripuen ondorioz. 46 pertsona horietatik, 31 gidariak ziren (1 bizikleta-gidaria, 11 motozikleta-gidariak eta 19 auto-gidariak edo bestelako ibilgailuetako gidariak), 10 ibiltariak ziren eta 5 ibilgailuetako okupatzaileak (1 motozikletakoa eta 4 autoetakoak). Lurralde Historikoen araberako banaketari dagokionez, 21 pertsona hil dira Bizkaian, 16 Gipuzkoan eta 9 Araban.

Joan den urtean, 2015ean, 53 pertsona hil ziren (42 gizonezko eta 11 emakumezko). 30 gidariak ziren (2 bizikleta-gidariak, 8 motozikleta-gidariak eta 20 auto-gidariak edo bestelako ibilgailuetako gidariak), 10 autoetako okupatzaileak ziren eta 13 ibiltariak ziren. Lurralde Historikoen araberako banaketari dagokionez, 2015ean 31 pertsona hil  ziren Gipuzkoan, 14 Bizkaian  eta 8 Araban.

Datu horiek Ertzaintzak zein udaltzaingoek erregistratutako istripuei dagozkie; hartara, hiri-bideetan eta hiri arteko bideetan gertatutako istripuak hartzen dira barnean.

Gora egin du istripuen kopuruak, eta behera egin du heriotzen kopuruak

Istripu kopuruari eta zauritutako pertsonen kopuruari buruzko datuak behin-behinekoak dira —behin betikoak otsail aldera ezagutu ohi dira—, baina orain arte bildutako kopuruek erakusten dute zertxobait egin duela gora istripuen kopuruak (7.274 istripu izan ziren 2015ean, eta 7.946 dira aurten) eta behera egin duela hildakoen eta larri zaurituen kopuruak.

Joan den urtean kontrakoa gertatu zen: ezbeharren kopuruak behera egin zuen arren, gora egin zuen hildakoen kopuruak.

“Gazteak eta gidatzea” sariak

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuak nabarmendu du Trafiko Zuzendaritzak lanean jarraituko duela herritarren artean kontzientziazioa sustatzeko; izan ere, arriskuaren pertzepzio handiagoa eta zirkulazio-arauekiko errespetua ezinbesteko elementuak dira bide-segurtasuna sustatzeko. “Egiten diren arau-hausteak zigortzeko obligazioa dugu, baina hezteko, sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko erantzukizuna ere badugu.Gaurko sari-banaketaren lehiaketa dugu Trafiko Zuzendaritzaren heziketa-zereginaren adibide bat” eman du aditzera.

Trafiko Zuzendaritzak sustatzen duen “Gazteak eta gidatzea: eskubidea eta erantzukizuna” proiektuaren helburua da bide-segurtasuna sustatzea Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean. Gaur goizean Bilbaoko Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan banatu dira “Gazteak eta gidatzea, 2016” lehen lehiaketako sariak.

Bide-heziketaren helburuen artean dago arriskuak egoki balioztatzeko aukera ematen duten alderdi pertsonalak sendotzea, norberaren ahalmenez eta mugez jakitun egitea eta, hortaz, erabaki onak hartzea. Nerabeak kalteberatasun bereziko talde bat dira —eta halaxe dago jasota 2015-2020rako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoan—. Horrenbestez, “Gazteak eta Gidatzea” proiektua moduko ekintzak adin-tarte horretarako pentsatuta daude berariaz. Lehiaketari esker, neska-mutilak dira haien prestakuntzaren protagonista.

Lehiaketan parte hartzeko, gazteek bide-segurtasunarekin lotzen diren gaiei buruzko galdetegi bati erantzun behar izan zioten online, eta gidatze segurua, iraunkorra eta arduratsua eta bizikidetasuna sustatzeko bideo-selfie bat sortu behar izan dute.

Epaimahaiak bideorik onenak hautatu zituen, eta emaitza horri alde teorikoan lortutako puntuazioa batu zitzaion. Sariak hainbat kategoriatan banatu dira.  Sailkatutako hiru pertsonek Sony Smart/Watch 3SWR50 erloju adimendunarekin saritu dituzte. Laugarren, bosgarren, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren sailkatuek GoPro HERO Session bideo-kamera jaso dute. Bederatzigarren, hamargarren, hamaikagarren, hamabigarren eta hamahirugarren sailkatuek Polaroid Snap Instant kamera digitala izan dute sari. Eta azkenik, hamalaugarren eta hogeigarren postuen artean sailkatuek 2 GB-eko iPod shuffle bat jaso dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak